sábado, 1 de noviembre de 2014

ASTAKIRTEN HORIEI...




Badirudi, esperokoa zen bestalde, inor askori ez zaiola batere gustatu Gasteizko kultur, kirol eta gizarteko 78 pertsonak alkatearen eta beste agintari politiko batzuen kanpainia baztertzailearen aurka sinaturiko gutuna. Eta espero bezala ere gutun hori sinatu dugunon aurkako hainbat aldarri egin badituzte, besteak beste, klasiko peto-petoa delako, artista eta kirolariok diru laguntzetatik bizi garela leporatu digute, hori berez pekatu mortala bailitzan, eta batik bat argudio ikaragarri estimatua kultura edota kirol apalak (futbola, jakina, oso bestelako gauza da, futbola da aparteko harresia arrakastaren giza ereduak ateratzeko...) berez gaitzesten dituztenek, errentagarritasuna lege nagusia edo bakarra dutenek. Edonola ere, eta betiko lez ere, oso adierazgarria da, negargarria beharbada, zer nolako errotuak dauden ad hominem argudioak RGIren inguruko eztabaidan, areago kontuan hartuta artista eta kirolarion gutunak arrazakeria zein denon diruaz egindako iruzurra salatzen dituena, ez besterik. Ala agian, bai, agian gutun hau idazteagatik iraintzen gaituztenak arrazakeria era iruzurraren alde (etorkin batek ez egitekotan, noski) daude, auskalo!


Nire aldetik ordea ez dakit nora jo behar dudan ustezko edo balizko diru laguntzon bila. Alabaina, badakit sasi idazlea naizen aldetik ez dudala inolako diru laguntzarik jasotzeko eskubiderik ez baldin bada literatura sariren bat irabazita edo bekaren bat, liburuek jasotzen dituzten diru laguntza apurrak, euskarazko liburuen kasuan bezala eta betiere euskarazko ekoizpena bermatzearren, argitaletxeek eskuratzen baitituzte bakar-bakarrik. Ni gogotik konformatuko nintzateke legez edo liburu bakoitzeko jasotzen dugun diruaren ehuneko murritz-murritza zabaltzearekin. Ala agian ez, agian ez dugu merezi idaztetik inolako aterramendurik nahi izatea, baliteke idazten ausartze hutsagatik, hau da, tamainako harrokeriaren errudun izateagatik, holakoak ere entzunak baititut eta betiere goikoak bezalako gaitzespenak egin ohi dituzten ahotan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario