miércoles, 13 de mayo de 2015

HUTSUNE AMAIGABEKOA



Gure amak atzo arratsean esan bezala, "Harek dena betetzen zuen, hain gizon bipila, bizi eta azkarra izaten zen eta". Horrenbestez nire gurasoenera bueltatzen naizen aldiro hutsa baino ez dut topatzen, amaigabeko, erabateko, egundoko, berebiziko hutsune bat arima goitik behera kokiltzen didana. Edonon somatzen dut, edonoiz eta ezustean etxeko edozein gela edo txokotatik azalduko zaidalakoan banengo bezala, batez ere gauetan nire nerabetako logelan etzanda nagoela eta ustekabean ere eskaileretan gora datorrela entzuten dudanean. Oviedon ohitu naiz doi-doi gaueroko amesgaiztoetara, nire lo apurra lapurtzen didatenak harik eta biharamunean ordenataren aurrean lur jota, abaildurik, laga arte. Berroztiko etxean, ordea, gure artean etengabe balebil bezala sumatzen dut, ez dut inolako ahaleginik egin behar bera gogora ekartzeko etxe hau guztiau gogoaren barruan bizi bagina bezala begitantzen zaidalako. Ezta inolako edo aparteko oinazerik, bada baina inoiz sendatu nahi ez dudan zauria. Jeiki naiz goiz-goizo, bai, beti bezala zeozer idazteko asmoz etxeko gainerakoak lozorroan segi bitartean, goizeko potrojorran edo, banuen zerbait atsegin, barregarri edo asmatzeko; baina, etxeko egongelan eseri orduko dena amildu zait gainera, gaur goizean, ohiko genuenaren kontra, bera eskaileretan behera azaltzen. auskalo nora joateko edo zer egin edo esateko, eguneko zirtoa seguru asko, ikusiko ez nuela berehalaxe jabetu naizelako. Denborak dena sendatzen du, bai, badakit, ez dut denbora loaren etsai, oroimenaren lagun baino.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...