jueves, 7 de mayo de 2015

ARABAN GAZTELAN BEZALA OTE?



A
rabako euskaldunak ez gara existitzen Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiaren hitzetan. Horrenbestez, euskara premiazko duten lanpostuak Bizkaia eta Gipuzkoatik Araba kosta ahala kosta kolonizatzeko etorritakoentzat propio asmatuak omen dira. Areago, baldin badago Araban euskararen alde lan egiten duen norbait hura jendaila hutsa da. Arabako euskaltzaleok «morralla» gara De Andres jaunaren ustetan, zeren, eta haren alderdiaren lelo nagusi eta ustelari jarraituz, Araban euskararekin zerikusirik duen oro euskal ezker abertzalearen esku baita, hau da, ETAren mende. Arabako ahaldun nagusiaren ikuspegitik Araban Gaztelan bezala, noski baietz. Ez da ezer berririk, ikuspegi hori sano errotuta baitago De Andres jauna bezalako arabar erdaldun asko eta askorengan. Eta ezta batere harritzekoa, beraiei euskara guztiz arrotza izateaz gain ia-ia ikusezina ere baitzaie. Ozta-ozta diot Araban euskara ez ikusteko, ez aditzeko, ez sumatzeko, oso ahalegin berezia egin behar baitute. Bai horixe, Araban %23,9 euskaldun dela dioten Eustaten 2011ko estatistikak alde batera lagata, De Andres jauna bezalako arabar erdaldunek beste datu guztiz adierazgarri batzuk ere ahaztu behar dituzte halabeharrez, besteak beste herrialde osoan zehar ikastolak sortu zituen gurasoen mugimendu euskaltzalea, ikastola horietatik zein euskaltegietatik ateratako belaunaldi euskaldunak, gaur egun oraindik ere Arabako jatorrizko euskara bizirik duten Aramaio eta Legutio udalerriak —azken hau ia hil hurren baina baita Gasteiztik hamabi kilometrora ere eta, horrexegatik Arabako Mendebal Lautadako euskara zaharraren lagin ezin onesgarriagoa ere—, edota agian Arabaren gaur egungo euskalduntasun berpiztuaren erakusgarririk ageriena: arabar euskalgintza.

Tamalez, ez dira De Andres jauna bezalako mota guztietako erdaldunak Arabako gaur egungo euskalduntasunari muzin egiten dioten bakarrak. Bitxia, lotsagarria, deitoragarria, baldin bada oso, badago Bizkaia eta Gipuzkoako euskaldun andana bat De Andres jaunaren leloa bere egiten duena: Araban Gaztelan bezala. Zazpigarren alabaren ohiko biktimismo okagarria? Baliteke, bai, baina eskarmentuak esaten dit Nacional 1sindromea gaur egun ere pil-pilean dagoela Araba delako errepidean zehar baino ezagun ez dutenentzat. Zer egin behar genuke arabar euskaltzaleok gure euskaldun auzoek hemen aldarrikatzen ari naizen arabar euskalduntasun berpiztua aintzat har dezaten? Arabar euskalgintza ezagutarazi, noski. Niri dagokidanez, hau da, zutabe honek liburuak hizpide dituen aldetik, Joan Perez de Lazarraga, Juan Perez de Betolaza, Pedro Ignacio de Barrutia, Bautista Gamiz, Serafin Askasubi, Jose Palacio, Raimundu Olabide, Federico Belaustegigoitia, Odon Apraiz, Abdon Gonzalez de Alaiza, Andoni Urrestaratu Umandi eta antzinako beste hainbat arabar idazlek osatzen zuten katea erabat eten ez dela nabarmendu nahi nuke, azken hamarkadotan euskaraz ere idazten duten arabar idazle askori esker: Katixa Agirre, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Txema Arinas, Julen Arriolabengoa, Pablo Barrio, Isabel Diaz, Antxon Gomez, Mikel Hernandez Abaitua, Ivan Igartua, Patxi Iturregi, Xabier Izaga, Karmele Jaio, Emilio Lopez Adan Beltza, Galo Martínez de La Pera Urtaran, Xabier Montoia, Fito Rodriguez, Jose Mari Velez de Mendizabal, Edu Zelaieta eta nire ezjakintasunagatik ziurrenik ahazten dudan beste asko ere bai. Jakina, haiekin batera aipatu beharrean nago kanpotik etorri, Araban errotu eta herrialdea nola edo hala euren liburuetan azaleratu ohi dutenak ere, Gerardo Markuleta, Iban Zaldua edota Patxi Zubizarreta bezalako idazleak.

Arabar edo arabartutako idazle guztiok, euskaraz idazten duen jendilaje horrek, nola edo hala islatu dituzte euren liburuetan gaur egungo Arabako bazterrak zein bere gizartearen gorabeherak; oso gidari onak dira, beraz, Arabako gauzen berri izan nahi dutenentzat. Alabaina, baldin badago gure herrialdearen bilakaera historikoaren berri ezin hobea ematen duen liburu bat hori da nire ustetan Xabier MontoiarenGasteizko hondartzak (1997) ipuin bilduma txit goraipatua. Liburuan metatzen dira gerra zibiletik gaur arte hiria aldatzen ikusi izan dutenen historia, beren bizipenen historia txikia. Hogeita bi istorio Gasteiz abade eta militarren hiria izan zenetik hona, baina beti zer edo zer iraunkorra bilakaera historiko honen barruan, denboraren iraganak nahitaez ezabatzen ez duena hiriaren muinean baitago gainerakoa azalez behintzat aldatuagatik.

«Tenteldu egiten du beldurrak. Eta itsutu. Horrela daude bertokoak edozer, samurrena ere, ulertu ez eta nabarmena ere ikusi ezinik. Harro daude gainera, adar-jotzaileren batek Gasteiz Europako hiri atseginenetako bat dela esan eta, ez bat ez bi, behingoan sinetsi dute» (Xabier Montoia, Gasteizko hondartzakliburutik, Susa, 1997).

2015-05-07 / Txema Arinas - Idazlea

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...