miércoles, 20 de mayo de 2015

TRIBUAREN AJEAK



Posible al da euskarazko literaturan ETA eta ezker abertzalearen kontra idaztea, posible al da tribuaren mitoak banan-banan larrutzea, posible al da euskal abertzaletasunaren nondik norakoez gordin-gordin mintzatzea? Jakina, euskalgintzaren ingurukoek baietz esango digute behingoan, egin egiten badutela hainbat egilek, badagoela liburu andana ETAren jardun kriminala zein ezker abertzaleen kontraesanak hizpide dituztenak, hara hor Katixa Agirrrek oraintsu kaleratutako ATERTU ARTE ITXARON nobelan idatzitakoak, egia esan euskarazko nobelatan gutxitan leituriko kritika edo iritzi zorrotzak. Alabaina, Katixaren nobelak ez zituen ETA eta ezker abertzalearen gorabeherak gai bakarra, azken hau istorio zabalago baten parte zen euskal hiritar baten ETAren gehiegikeriekiko ikuspegia islatzen zuena, gaur egun oso ikuspegi hedatua dena, nolabait esateko gero eta ikuspegi kanonikoagoa bilakatzen ari dena ETAren armak utziz geroztik, beharbada lehen banaka batzuek baino argi eta garbi, ozen-ozen aldarrikatzen ausartzen ez zena: ETA gaizkile edo hiltzaile odol-gose talde bat baizik ez dena. Horrenbestez, gaur egungo euskal literaturan ez da batere harritzekoa ETA zein bere ingurukoen kontura gaizki esaka ari den libururen bat, besteak beste, bat aipatzearren, Juanjo Olasagarraren EZINEZKO MALETAK. Hala ere, norainokoa zilegi ote zaie Olasagarreri eta beste hainbati halakoak egitea nolabait tribuaren barrutik datozelako, hau da, tributik baztertu bai baina hala eta guztiz ere tribuaren parte izateari utzi gabe, hau da, ustezko edo balizko etsaiaren zenbait ikusmolde bere egin gabe? Baina posible al da euskal literaturan ETA zein euskal abertzaletasunaren kontra benetan gordin-gordin idaztea, non laupabost argitaletxe baino ez diren geratzen, non euren burua zinezko abertzaletzat aurkezten duten idazleak gehienak dira duda zipitzik gabe, haietariko asko agian oso edo guztiz kritikoak ezker abertzalearen joka/ibilbideaz, non hain hedatua den euskar jatorkeria modernoa, hots, ekidistantzia garbi-garbia, "ETAren jarduna gaitzesten dut; baina...", non ordea euskal abertzaletasun kanonikoaren postulatuen alde egiten duten idazleak guztiz onetsienak zein goraipatuenak diren (Txillardegi, Emilio Lopez Adan "Beltza", Joseba Sarrionaindia, Pako Aristi, Mikel Antza, Markos Zapiain, Gaizka Zabarte; Koldo Izagirre eta abar eta abar). Halakorik behin baino gehiagotan hizpide izan dut Luis Haranburu Altunarekin, hau da, delako euskal kanon abertzalearen kontrua. Berak jakina ezetz zioen, erabat, kritikari apur bat nahi izatekotan ez oso gordina, beti atsegina edo gutxienez tribukoaren parte izaten eta horrenbestez honi erabat muzin egin gabekoa, hau da, kritikari izanda baita nolabait euskaldun zintzoa izateko ahaleginetan ere. Nik ordea, Luis euskalgintzarekin pipertuta zegoelakoan hainbat motiboagatik, baietz, aukera bazegoela erantzun ohi nion euskarazko hedabide zein argitaletxe gehienetan ezker abertzalearen aldekoak izanda ere. Gero eta aukera gehiago agian garai berriotan nola edo hala ETA zein ezker abertzalearen jokabidearekin oso kritikoak garenok geure ahotsa euskeraz ere ezagutarazteko, sikiera bitxikeria gisara hainbeste abertzale sutsu, burutsu eta batez ere zalapartatsuren artean. Tamalez, hori da oraintsu arte gogoan nuena, gaur egun ordea beldurrak nago euskalgintzan beste ikusmolde bat nagusitzen ari den ezari-ezarian, ETAren azken urteotako jarduna gaitzetsi bai, baina hala eta guztiz ere ETA zein ezker abertzalearen igaraneko jokaera, hitzaileei emandako mota guztietako laguntzak, kosta ahala kosta zuritzekoa, hau da, autokritika xumea egin bai, bana aldi berean ere testuinguruaren leloa berriz gogora ekarriz, oraingoan historikoa, ETAren krimenen zergatiaren testuinguru historikoa ezkerreko abertzale zintzo, jator eta batik bat betidaniko hiperdemokratikoen ez hain aspaldiko duda mataza edota iraganeko ETAri emandako laguntza edo zuribidea justifizatzeko zein oraindik ere, ETAk armak uzteaz geroztik, honen zein ezker abertzalearen ikus/pentsamodeen kontra idatzi edo hitz egin dutenak gaitzeste aldera garai berriotan ere gogorregiak, errukigabeegiak, egoskorregiak izateagatik, eta jakina, betiere etsaiaren aldekoak izateagatik halabeharrez. Izan ere, atzo bertan Sorturen buru den Hasier Arraitzek antzerako zerbait leporatu egin zien Podesmosekoei ETA behingoan kondenatzeko eskatu ziotenean, "politika zaharreko kontua zela delako kondena, garai berri hauetarako moldatzen, egokitzen ez zena, haiek ondo asko erabakita baitzuten ETA kondenatzea ez dela premiazkoa, ez eta zilegizkoa ere, ozta-ozta antidemokratikoa..."

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...