lunes, 13 de mayo de 2013

MALDAN BEHERA DOA AGURO NIRE BIHOTZ BILUZIA







Harantz goaz, kotxez Izarra mendiaren magaletik behera, harresi zaharreko sarbideraino, bertan Luzaro oinez herria goitik behera zeharkatzeko asmoz. Lasaiago joateko eskatzen diot nire senarrari, ez da presarik, daudela pixka batean, omenaldiarena zenbat eta arinago joan gero eta hobeto, ez dut gogo handirik udalekoekin zein herriko zenbait pertsonaiarekin hizketan eta are gutxiago txutxu-mutxuka egiteko. Gainera, bada aspaldi ez noala Luzaroko kaleetan zehar goxo-goxo, inorekin topatzeko beldurrik gabe, hain zuzen ereasteazken honetan egon ginen bezalako herri inguruetan, erdi ezkutuka badaezpada gustuko edo ez ninduen norbait azaltzen zitzaidan. Gaur berdin dit nor azalduko, gaur herriak berak nola edo hala omenduko nau, eta betako guztiak jakinaren gainean omen daude, gaur udaletxeko ateak zabal-zabalik ditut, gaur Luzaroko udal gehiengo abertzaleak Conservas Ábalos lantegiaren jabe eta faxista zikinaren alabari herriak asmatu duen saririk garrantzitsuena, eta itsusiena ere bai – azken finean urrez edo estalitako itsasontzi bat, bai originalak, arrantzale kaikuok! – emango dio. Horregatik lasai-lasai, eta batez ere harro-harro, joateko eskatu diot, bazen garaia nire herria, orain inoiz baino nireganatuagoa baita, esan liteke berriro luzarotartzen ari naizela, eta sentimendu arraro hori gero eta nabariagoa zaidala aspaldi ikusteke nituen kale maitatuetan barna noala, gutxitxo aldatu diren txikitako kale estu eta kresaltsuetan gorantz, hau, behiala bezala plaza nagusiraino heltzeko arnasestuka. Pozez beterik eta ia-ia kantari igotzen naiz jolasleku izan nituen kaleetatik, ezin ahaztu garai alai haiek, aberria haurtzaroa omen da, baliteke, dena dela, haurrek, eta batez jolasean ari direla, ez dute aberririk. Ni, ordea, Cordobako latiniar filosofo famatuarekin bat nator, helduen buruhauste edota gorrotozko zantzurik gabeko bizitze horri benetako aberria deritzot, gainerako guztiak kartzela modukoak dira, gure modu edota beharretara egokituriko atzerri batean bakarrik libre izan daiteke/naiteke. Dena dela, kaleok ez ziren soilik nire haurtzaroaren eszena-leku zoriontsua izan. Izan baziren ere gure familiaren ezbeharrarenak, ezin dut ere nire aita hil zuten kale bazterrera hurbiltzen ari naizela ahaztu. Bihotzak dar-dar egiten dit, nire ibilera motelago egiten da, ez dut aurrera egin nahi, zuzen-zuzen gorantz joanda plaza nagusitik berrogeita hamar metro ingurura ote gaude, baina ez dut ere nahi bazter madarikatu hori saihestu, badakit bertatik igarotzeko herria inguratuko dudala, lehen guztiz alaia eta adikorra zen nire gogoa bat-batean zeharo aldatu bitartean.
 
-Hantxe bertan il zeuen geure aitta!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...