domingo, 26 de mayo de 2013

PASARTEAK: ZOKO BERRI







Zorionez ez genuen Petrineria kaleko atariko txirrin guztiak banan-banan jo behar, halabeharrez aztoratu egin genuen lehenengo auzokoak, eta tarte luze batez hausnarrean egin eta gero, Ruiz Payueta jaun ezaguna laugarren pisuan bizi omen zela erantzun baitzigun. Eskerrak bihotz-bihotzez eman genion eroan oneko auzoko horri eta berak esandako pisuko txirrina joandakoan atariko atea zabaldu egin ziguten tutik ere esan gabe. Goraino igo ginen bart nire bizikleta kutunaz etxera pozik eta kantari bueltatuko nintzelakoan.

-Izugarri sentitzen dut, lagunok, baina dagoeneko Ruiz Payueta jauna ezta hemen bizi, pisu hau saldu eta Alde Zaharreko beste batera bizitzera joan omen zen bere emaztearekin.

 Gure hutsopil honen berri ematen zigun emakumea hogeita hamar urte inguruko neska kirru luzenga eta argal bat zen. Badirudi benetan atsekabeturik azaldu berri zigunagatik, bere errua, eta auskako zer dela eta, ote zelakoan. Guk, ordea, ezezko keinuak egiteari ekiten genion bera nola edo hala lasaiatzearren; Hâkimek berak haimaika bider esan bezala esker onekoa izatea lege izan behar dugu-eta.

-Ba al dakizu bederen Ruiz jauna non bizi den egun? –Hâkimek galdetu egin zion esku ahurrak ia elkarturik.

-Ideiarik ez, hobe dugu gure senarrari galdetzeari halako kontuetan ni baino jantziagoa da-eta. Sar zaitezte barrura, faborez.

 Ez dakit emakumea konturatu egin zen ala ez, baina bere eskeintzak, edo hobeto esanda aginduak, harri eta zur utzi egin gintuen. Ez zen, ez, batere normala bera bezalako nasri batek guztiz ezezagun, arrotz, zituen bi etorkin magrebiar etxe barruraino sartzeko eskatzea. Ez genekien nola jo, noraino komeni zitzaigun gehiegizko konfiantza horri gizalegez eustea ala, bestalde, gure senak orduantxe eskatzen zigun zuhurtziari men egitea nasriekin behin baino gehiagotan egon ohi diren balizko gaizki ulertuak baztertzearren.

-Baina, faborez, ez geratu hor ate ondoan, sar zaitezte behingoz. Oraintxe bertan hots egingo diot Mikeli, ziur nago berak badakiela non bizi den zuen lagun hori.

 Esan liteke emakumeak bere tximaluze eta ipurdi hezurtsuaren atzetik ia narrasean eraman gintuela egongelaraino. Horra hor zer-nolako sorpresa jaso egin genuen Marokon hain onetsiak ziren kulebroi egiptiarretan azaltzen ziren etxeetakoak bezalako gela batean sartzerakoan. Bazegoen pufez, alfombraz, tapitez eta gure herrietako zokoetan turistentzat propio eginak saltzen diren esaldi koranikoak estalila dituzten plater urrekarez gainezka. Egongelatxoa berez, eta Alde Zaharreko pisuetan ohiko denez, izugarri txikia izanda ere,  ia ez zen iltze bat ere kabitzen hainbeste kinkila turistiko artean, baina emakumeak erdian zegoen eta tea banatzeko mahi modura erabili omen zuten plater urrekara erraldoi baten inguruko pufetan esertzeko erregutu egin zigun.

-Harrituta? Nire senarra eta biok orientala den guztiaz maiteminduta gaude, horregatik egongelatxoa gure bidaietan erositako hainbat gauzarekin apaindu gura izan genuen hango giro bero eta atsegina nolabait sortzeko asmoz. Baina, faborez, eser zaitezte, Mikel bere buelgotxoan ari da ordenagailuaz gora eta behera eta seguru asko ez dizue sartzen entzun.

 Zuzen zegoen neska, bai noski, gu zeharo harrituta geunden eta neurri tipi batean ere ikaragarri deseroso. Zer ote gara gu, bikote honen apainkeria berria? Tira ba, Hâkimek txorakeriarik ez esateko agindu zidan badaezpada. Gainera, gu lehen etorritako pasilo meharretik iristen ari zen Mikel delako hori.

-Aupa, mutilak, zer moduz? Mikel naiz. Naiarak esan dit leheango jabeaz galdezka ari zaretela.

 Badirudi inolako erantzunik eman beharrean ez geundela gure begitarteak nahiko adierazgarriak ziren-eta.

-Oso tipo bitxia omen zen. Alde Zaharreko etxe gehienen berriztapenaren kontrako auzo elkartearen burua izan zen urte askotan eta bat-batean, egunetik egunera, den-dena bertan behera utzi, etxea saldu eta bere emaztearik desagertu egin zen.

 Aho zabalik geratu ginen halakorik inola ere espero ez genuenez gero. Desagertu?  Non, nola, eta batez ere, zergatik?

-Pentsa ezazue, mutilok, urtetan hau auzoau udalekoek inola eta ezer ere aldatzea nahi ez zuten auzokoetariko borrokalari sutsuena izandakoak buruzagi zuen elkarteari bizkarra eman zion inori inolako xehetasunik ere esan gabe. Jakina, betiko lagunak zituenek elkartearekiko buruhausteek zein hauen kontura emaztearekiko tirabirek bere onetik atera egin zutela zioten, bere jokabidea nola edo hala zuritzearren. Kontrakoek edo gutxienez bere aginte ahalguztiduna aspalditik gaitzesten zutenek aldiz etxea ordura arte etsai amorratuak zituen etxegileetariko bati saldu egin ziola baiesten dute.

 Eta guri zer?, biok batera pentsatu omen genuen elkarri begiratutakoan. Gu bizikleta baten bila gentozen soil-soilik, ni belazako haur gaixo bati ostutakoa, baliozko dudan jostailu bakarra, nire senitarteko batek, lanean jo eta ke, egunero izerdi patsetan eta gehienetan ere behar baino ordu gehiago sartu eta gero, erositakoa.

-Guk ez genuen ezagutu, kontatu berri dizuedan guztia agentziakoek esan ziguten salmenta kontratua sinatzerakoan, jabea, behintzat, ez zen azaldu.

 Eskerrak eta agurrak etengabe eta ateraino ematearekin batera ez zegoen, beraz, ezer gehiago entzun beharrik. Zoritxarrez, eta puf ipurdi matxuratzaile haietatik altzatzeko imintzoa egiterakoan emaztea berragertu zen erretilu bat eskuetan eta txilaba batez jantzita.

-Ezin zarete joan gure te beltz goxoa dastatu gabe, badakizue, gurean ere hospitalitatea lege.

 Ezin sinisturik geunden Hákim eta biok horren abegikorrak eta eskuzabalak ziren bi pepelerdo haien aurrean. Nik uste, ez Hâkim ez ni neu, ez ginela une hartaraxe arte gure mairutasunaren eragozpen gogorrez konturatuak.

-Esan bezala, zuen kultura osoa oso gogoko dugu. Orain dela urtebete Tindufeko kanpamentuetan egon ginen bertako ONG baten kideak garen aldetik. Zuek nongoak zarete?

 Ez dakit hau esanda behar baino maltzurragoa naizen ala ez, baina nik uste Ipar Maroko aldekoak ginela esandakoan apurtxo bat edo lasaitu egin zirela.

-Orduan rifeñoak zarete. Ba al dakizue rifenoak eta euskaldunak antzekotasun handiak ditugunik, ia elkarren ahaideak garena? –galdetu egin zigun bere emazteak erretilua mahaian utzi eta tea bero galdatan edalontzi txiki eta pinpirindu batzutan banatu eta gero unibertsitatean historia irakaslea zela argitu egin zigun Mikel jatorrak.

 Tira ba, zorioneko lege horren erruz puf madarikatuetan behin berriro hondoratu eta antzekotasun handi guztiok banan-banan irakatsi bitartean gela eskas hartako orma batean eskegita zeuden azpil turistiko haietariko batean idatzita zegoen atsotitz kuneiforme batean erreparatu egin nuen. Ia ezin nuen ezer ulertu, ez baitakit al-fushaz, hots, arabiera klasikoz, oso ondo irakurtzen; baina, Hâkimek ikusteko zein irakurtzeko egiten ari nintzen begi ahalegina ohartu orduko ahapeka eta darijara itzuli egin zidan.

-من تسمّع سمِع ما يكْره, espiatzen duenak gogoko ez duena entzun behar.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...