viernes, 2 de agosto de 2013

BERTIZEKO JAUNERRIAN SORGIN GAIZTOEN ESKUTIK...



Eta azken egunean, jakina, tontoena egin behar sinfalta urtero bezala. Edo bertzela erranda, zer nolako laketa, plazerra, goiz osoan zortzi kilometro mendian gora ibilitakoan gure bila taxiz etorri zen baztandar irrizalearena, nabari izan baitzitzaion bazuela zer kontaturik lagunei edo Bertizko Jaunerriko oihanean galtutako kaletar familia inozoaren kontura, hau da, lorategietan zehar paseatu edo jauregia ezagutzeko joan beharrean Jaunerrira zuzen-zuzen sartu eta iragarkietan erreparatzeke oihaneko bidezidor batetik saihestu eta hasieran, hau da, aurreneko kilometroetan, elkarri kontu kontari zein etengabeko txantxetan goxo-goxo eta tipi-tapa, orduak pasa ahala ordea aldapan gora, txikerra nire lepo gainean eta nagusia ozta-ozta arrastaka, eta azken-azkenean herritik gero eta urrunago, arnaestuka, haurren deitorei entzungor eta batez ere zeharo galduta edo hirupalau ordutan noraezean -ia jitoan- zebiltzan lau astakirtenen lepora, eta inoiz ez hobe erranda. Baietz ba, zortzi, bederatzi edo auskalo zenbat kilometro oinez egin eta gero goi mendiko bidexka batera irten ginen infernuko basoa atzean utzita, bertan bukatzen baitzen guk itsuan hautatako bidezidorra, borobila ez baitzen inondik inora ibilbidea guk uste izan bezala. Orduan, non geunden ez genekiela eta Oronoz-Mugairi herriaren aztarnarik ez urrunean, mendi soilek zein egarri eta goseak inguratuta, bidexkan behera beste bizpahiru kilometro berriro oinez, eta berriro ere dena amaigabekoa zelakoan, haurrak dagoeneko lur jota eta gure gurasotasuna gero eta kolokagoan, baserri bateraino igo nintzen non geunden eta taxi bati hots egiteko posible zen galdezka. Baserriko langara heldu, modurik ez handik baserrikoei dei egiteko, langa altxatu zakurraren beldur, baina tira, zer bestela, bidera berriz?, ezta pentsau ere, ezinezkoa gure haurren nekeari erreparatuta. Eta bai, zorionez bazegoen norbait baserri barruan, zorionez badago jende izugarri atsegin eta jatorra edonon, eta baserriko anderea egundokoa zen, berari esker taxia gure bila etorri eta haurrek ura eta ogitarteko bat txokolatearekin bazkaltzeko aukera izan genuen, milesker, milesker, eta gero artio, bai, han dioten bezala, ni egia esan txunditurik nengoen anderearen euskara goxo eta jatorrari adituz, ikaragarri polita begitantzen zitzaidala, baserri azpian zain nuen familia ia ahaztuta. Horrenbestez, nola ez erran bide ertzean bildu gintuen taxilariari gure bizkar lagunartean edo barre egiteko motiko franko eman ez genionik, noski baietz, dexente gainera, horrexegatik ere Oronozeko aparkalekuraino eraman eta taxitik bajatu ginenean azkenean "salbu" geundela erran zidan irri zabal-zabalik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...