jueves, 14 de abril de 2011

ALEMANAK AL GARA BEHELAINO ARTEAN???


Badirudi banaka batzuek baino ez didatela ulertu Ich bin deutsch izeneko sarreraren ironia. Bost axola (gero eta gehio egia esan) nekatzen du izugarri azalpen/aitzakietan hasteak, gehienak gainera alperrikakoak. Baina, atzo bertan alemanen ustezko lan indar itzelaz aritu bitartean Euskal Irratian Alemenaria lan bila joandako hainbat euskal gazteri elkarrizketa egiten zioten ea euren bizipenak-eta zer-nolakoak ziren. Gehienek zioten ez zirela hasieran behintzat uste izan zuten bezain onak, dena aldez aurretik oso polito, txukun, ezin ezetz esateko modukoa jarri zietela baino gero bertata joan eta topatu egin zutena oso bestelakoa zela. Hasteko, bila ari ziren lana ez zen espero zutena edo ez behintzat espero edo haien aburuz merezi izan bezain ondo saritua. Tira ba, azalpenetan hasi eta guzti-guztiek aipatzen zuten hizkuntzaren arazoa. Bazioten ingelesez nola edo hala moldatzen zirela, baina gehienak alemanez baterez, haietako asko eta asko hara joan zirela tutik ere jakin gabe, agur edo egunon jakiteke. Benetan bitxia, deitoregarria, adierazgarria. Alemanian denok dakigunaren arabera alemanez egiten duten; aizue mutilok, zertaz ba egin nahi zenuten hara joanda, bertakoak ingeles traketsez egitera behartzera? Jakina bazutela gehienek eskatzen zuten maila euren lan edo ikasketa arloan, baina nola garatu nahi zituzten euren ezagumenak; auskalo, ingelesez, alemana ikasi bitartean, edo hori behintzat ziurtatzen ziguten banaka batzuek. Baina alemana behar bezainbeste menperatzea lan munduan hasteko kosta egiten da. Noski baietz, ezta zaila, ezta hizkuntza latinoa, ikasi behar duzu gogoz eta baita bihotzez ere, bestela zertako ikasi nahi lan edo bizi egin nahi duzuneko herriaren hizkuntza ez baldin baduzu amini bat behinik behin estimatzen. Ez zuten ordea estimu handirik erakusten, hizkuntzaren zailtasunak herri hartan onartuak izateko akuilatu beharrean aztoratzen zituela ematen zuen.

Gaixoak, kexu ziren hizkuntzaren oztopoaz, hara joan aurretik inoiz aintzat hartu ez balute bezala, zertarako ingelesez bizi ote den mundu batean, nazioarteko hizkuntza hori aintzakotzat hartzeko bakarra balitz bezala, gainerakoak, badakigu, etxe barruan edo lagun artean bakarrik hitz egin ditzatela. Ba Alemanian ez, euren hizkuntzaz harro izan ez ezik -zer dela eta galdetu behar alemanez egindako kultura erraldoiaz?- euren hizkuntzaren ezinbesteko eskubideen denfentzaile sutsuak omen dira, Alemanian alemaneraz; ez al zitzaien ezagun lelo hau gaztetxoi?

Ba ez, badirudi ezetz, berriro diot, kexu ziren bizi izandakoaz, kexu ziren hara joan, hain prestatuta, hainbeste diplomarekin eta guzti, hainbeste paper bete eta gero, eta hosti hi, ustekabean hizkuntzarekin topo egin behar. Ez dago eskubiderik, ez. Horregatik zioten ere nolabait piskat etsita zeudela, koitaduak, ez zizkietela gauzak behar bezain ondo azaldu. Noski ezetz, badirudi gaur egungo gaztetxoi oinarrizkoa ere azaldu behar zaiela, Alemania bezalako herrietan berezko hizkuntza ezinbestekoa dela bertan lan eta bizi izateko, inori ez zaiola batere axola, ez zaio behar gainera, zure ingelesaren maila, hori primeran dago zure lanpustuari atxikitzeko, baina lortzekoa bertakoa, motel, egunero egiten dena, lanean, kalean, gizartean... Kosta egiten zitzaien ulertzea, beharbada ez zen irakatsi zietena, etengabe etzun duten leloa, hori eta borondatearen inguruko kontzeptu benetan bitxiarena, borondatea ez dela gauzatzen ekinaren ekinez, nahiaren nahi hutsaz baizik...

Ai ene, eta nortzuei azaldu behar hau guztiau, euskaldun neska-mutiko batzuei; ez al da benetan harrigarria, etsigarria edo gutxienez gogoetagarria???????

Edonola ere, gaztetxo euskaldun hauek asmatu bide zuten ez zirela haiek uste bezain alemanak. Eta nik esango nuke gutako inor ez dela alemana behelaino artean ez baldin bada...

No hay comentarios:

Publicar un comentario