domingo, 3 de abril de 2011
BETI ATEZUAN
Ezin ekidin nire bikotearen gurasoenera bazkaltzeko joateko eguna iritsi orduko sortzen zaidan ezinegona. Ezin izan bainaiz sekula gustura egon bere aitamekin. Ez naiz inoiz ondo konpondu nire amasorginarekin, eta senarrarekin, zer esangot ba, tarteka-marteka, baina emaztearekin gertatu bezala ez dut batere konpartitzen eta gure pentsa/ikusmoldeak, azalez hainbeste ez eman arren, dira ia zeharo bestelakoak. Baina tira, ez dut inoiz espero hurkoa nire modukoa izatea, berdin dit ezer konpartitzeak ala ez, bilatu ez dituzun harremetan batez ere, gainerakoak konpromizu hutsa dira, behin onartuta zure papera bete behar eta kitto, ezta beharrezkoa, ezinbestekoa, zure bikotearen senitartekoekin gizalegezkoa baino hobeto konpontzea, egia esan begirunea eta distantzia ardatz bakarra begitantzen zaizkit halako betebeharrezko harremanetan. Arazoak, ordea, sortzen hasten dira ezko-senitartekoetariko baten batek gehiago eskatu edo bilatzen duelarik, hots, begiruneaz edo haratago joan nahi duenean, eskatzen dizunean bera maitatzeko edo halabeharrez, bere ustetan bere sendian sartu zarelako nahitaez eta orduan onartu behar duzu auskalo zeren ordekotzat, bestela esanda, zure burua bere apetetara makurtzea nahi duenean, ezkon-senitartekoen arteko muga gainditu nahi duenean.
Halako gogoetak egitera behartuta sentitzen naiz atzo bezalako egunetan. Badakit ez nire bikotearen gurasoenean ez dudala ondo pasatuko, ez naizela gustora, eroso, egongo, beti-beti etxe arrotzean sentitzen naizela bere amak hala sentiarazten didalako, beti adi-adi ea zer nolako ateraldia nire amaxearena auskalo ni edo nor zirikatze aldera, zer-nolako maltzurketia edo iraina, zuzena ala ez. Beti atezuan beraz, ondo asko dakidalako nire bikotearen diskurtsoak nola edo hala aztoratuko nauelako, nola edo hala baina betiere erabat aspertuko naizelako, zeozer egin edo esango dutelako euren handiuste amaigabekoa erakutsiz.
Uste edo beldurtu bezala ere, atzo bertan betiko bidetik, euren etxera iritsi arte gure kumeen bila, mahai inguruan eserita geundela ume nagusia bazkaltzen ari zelako, amaxea ni ez banego bezala, nire semeari etengabe aginduka, M egizu hau zein bestea, ipini eskua hemen edo hor, hori ezta horrela egiten, ez al dizute irakatsi..., ni bere aita naizela zeharo arduragabe, egia esan bere etxean gaudela -lehen edonon, baina saiatu, saiatu nintzen nire betozko ilunaz mugak jartzen- gure semeen arduradun bakarrak haiek balira bezala jokatzen dute etengabe, nola ez, alabarekin ere koxkortu eta etxetik joan ez balitz bezala, bere sendi propioa ez balu bezala jokatzen ere baldin badute. Eta behin euren etxean zaudela badakizu ozta existitzen zarela, nola ez zaren euren agindu edo etengabeko aholkuetara makurtu, haiek behin eta berriro esaten dizuten orori muzin egiten diozunez gero, ez zaituzte ezertarako aintzakotzat hartzen eta kito, hasieran nahi zintuzten parte, kimu, nola ez, irrikan edo egon behar zinelakoan omen zeuden, orain ordea oztopo huts eta ahalik eta saiheskarriena.
Badakizu zauden jendearekin ez zarela ondo moldatzen, ez zaizula batere gustatzen euren pentsakera handinahia, izugarri aspertzen eta askotan ere asaldatzen zaituztela etengabe botatzen dituzten iritzi handiusteko zein gainerakoekiko destainagarriak, beti-beti gizakume oro larrutzen edozein huskeriagatik, inork baino hobeto ezagutu balute bezala, beti azaletik bakarrik eta askotan ere ezeretik ez ezagutzen dutenari buruz mota guztietako aurreritziak botatzen, beti ere denetarik eta amaigabeko hantustez zein, agian okerrena, benetan jasanezina begitatzen zaidana, aitakeriaz hitz eta pitz.
Jakina, euren buruen gainerako eritzia hain ona da, ezen gainontzekoen gainerakoa txarra izan behar duen nahitaez, behartuta daude gainontzekoak beti haiek baino txarragoak, okerragoak, baldarragoak, zatarragoak, ergelagoak direla sinestera, izugarri pozten ditu.
Hau horrela esanda, ezin ukatu zer nolako ezinegona sortzen zaidan, batez ere eziniritziak eraginda, nire bikoteari zor diodan maitasun zein begiruneagatik ixildu beharrean bainago halako perla ederrak botatzen dituzten aldiro, nik benetan gogoan dudana ixiltzen edo liskarrean ez hasteko, azkenean eta benetan atsekabatuko zena nire bikotea izango zelakoan. Baina nekatzen nau asko ezer esan ahal ez izateak, beti karramarroarena egin beharrak, niri bost axola didaten eztabaidetan sartzeak eta hala eta guztiz ere buru berotzeak.
Atzo bertan erresuma zaharrera egindako txangoaz kontu kontari ari zirela, zenbat handiustekeria benetan ezagutzen ez duten herrialde batez jartuterakoan, zenbat betiko lelo letragabea, zenbat itsukeria haiek ikusi nahi duten bakarra azalduz. Tira ba, saiatzen zara zeozer argitzen, baina alperrik, badakizu ere, eskarmentua handi-handia da-eta, esango duzun guztia ez dutela inoiz aintzat hartzen, gustuko ez duten ezer bezala, azkarregiak, ikasiegiak, jauntxoegiak dira zu bezalako norbaiti jaramonik egiteko, bizi dira beste maila batean, egia esan bizi dira talaia batean nondik gainontzekook ikusten dituzte sudurra beti zimurturik, euren betiko aldez aurretiko begiratu lisposatu nazkante/atorrante horretatik, eta gainera badakizu ere, edonolako ziria bota izan ezkero, berehala zure ustezko erresumin baten seinale, konplexuetan zabiltzala haiekiko, noski, ze bestela. Ezin da besterik esan, hain buruargiak, jakintsuak eta bikainak diren ezer edonork zer edo zer gaitzesi izatekotan inbidida edo konplexuengatik omen da, bestela ezin ulertu.
Eta gogait egiten zara behin eta berriro, honez gain oso gogoan dituzulako urteotan zehar egin edo esan dizkizuten keinu edo hitz itsusi zein zuriak, azken urteotako itxurakeria zurekiko zein zure inguruekiko, ezin zenuela ezer esan hauetaz, ezer erakutsi euren sudurrak berehala zimurtzen zituzten-eta, ondo asko dakizulako ere zure bizkarrean esandako asko eta asko, eta badituzu gogoan batik bat zu baztertzeko egindako saio edo esandako guztiak, nola eta noiz gutxietsi zaituzten, zergatik ere bai, nola saiatu diren behin eta berriro zure bizia kontrolatzen, zuzentzen, euren gogara eramoldatzen. Eta badakizu ere inoiz ez dizutela barkatuko markurtu ez izana, esaten dizute noizik noiz, niri herenengun bertan esan zidan zeharka amasorginak, bordea nintzela, oso, ezer egin edo esan gabe, gogoan duelako beti ez nauela menperatu gainontzekoekin egiten gustatu edo benetan zoriontsu izateko behar bezala, ezingo duela egin. Eta jakina, ez du pairatzen, gauza benetan larria eta lotsagarria bere uste handi-handian, bera bezalako jaunskilo handiustekoek, gainerakoei gainetik beti begira daudenek hain zuzen ere, bikainak direlakoan beti, ezin dute egin.
Eguna, gainera, ezin beltzagoa.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
INVIERNO A LA VISTA
T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario