lunes, 22 de agosto de 2011

GARAI LATZAK KOITADUENTZAT


Krisialdia gora eta behera, apokalipsia laster batzuek diotenean erreparatu ezkero, eraikuntzaren erabateko porrotaren ostean ez dagoela bizirik herri alu honetan, dena bukatu da eta ezer berririk edo benetan errentagarria ekoizten ez denez, dena adrailupean zegoen, eta orain behin betiko bukatu da, ez dago diru iturririk inoren soldatak ordaintzeko, kondenatuta daude, sikieran hemen Asturias aldean, berriro erbestera alde egitera, badira Kubai bezelako herrialde urrunak gogoak dituztenak, kanpora aberasteko edo barruan usteltzeko, ez dago erdibiderik, ihesbide da dena, hemengoak berea egin du, merkatuak garaitu gaitu, morroiak ginen, oraingoan ordea betiereko zordunak, banketxeen gatibuak, txiroak, eskaleak, alprojak, gizatzarrak, hutsaren hurrengoak, ekonomiaren hondakinak.

Kopetaraino banago hainbeste ezkortasunaz, batez ere inon argi izpirik ez dakusanari adi-adi entzuteaz, ezin sinesturik bainabil den-dena hain ilun dagoenenik, nonbait badago itxaropen arrastorik, nonbait badago aberastun sortzeko modurik, baldin ez badago hau laster konponduko duen benetako diru iturginik, badaukagu behintzat gure nagusien erakus/ikasbidea, haiena bai krisialdi gogorra, gudaostekoaz gero honaino, gorriak ikusi eta hala eta guztiz ere eutsi egin behar zioten egunero bizi izateari, unean uneko gorabeheretara moldatuz, ekinaren ekinez ozta-ozta hutsetik aurrera ateratzeko, egia baita ia dena egina eman digutena, krisialdiak kenduko digula guk erraz eta azkar irabazitakoa, baina garaituko ditugu garai latzak ahalik eta gutxien galduz edo gutxienez oinarrizkoari eutsiz, gure eta gure ondokoen bizipoza, hori baita benetako garrantzia duena, gainerako guztia ordea guk asmatutako txorakeriak, handinahikeriak, inork eman ez zizkidan eskubide irangakor edo berehalakoak, berez merezi ez genuen ezer, berez inporta behar ez digun oro.

Okerrena umorea galtzea, benetan bizirik sentiarazten gaituen edozein sentimendu bezala, etxea, kotxea edo dena-denakoa lortu bezala joan baileike, eta tristea da oso zure bizimodua diruaren mendean jartzea zeharo, dirurik irabazteko balio ez duena
gaitzetsi izana nahiz eta gizabanako modura benetan aberastu, zure semealabek inondik ere historia bezalako karrera bat ikastea nahi ez duzula esatea etorkizunerako balio ez duelakoan, ordurako balio izango duen orok soldata ona ziuertatu behar baitu, bestela akabo, ingenaritza on bat gutxienez, hori baita zenbaitzuen ustetan trebatua izatea garai latzak gainditzeko, baina pentsarazteko adina ematen duen edozein ikasketak aldiz denbora alperrik galtzea; noski, morroiek, ondo trebatuak izanda ere, ez dute gogoeta handirik egiten ez baldin baita boteretsuen aginduak behar bezala betetzeko, soldata hainbat zintzoen irabazteko, irudimena astindu, eragin, xaxatzen duen oro arriskutsua bailitzan...

No hay comentarios:

Publicar un comentario