viernes, 19 de agosto de 2011

HATSAREN KULUNKA ALA KULUXKA?


Bukatu berria, bazen garaia ikaragarri aspertu egin bainaiz bere irakurketan. Hasi aurretik banekien eskuartean nuena benetako idazlan serio eta jasoa zela. Eta bada, jakina, ezin txukunago taiuturikoa, Herta Müller nobeldunak merezi du behintzat aipaturik izatea, merezi du bere liburuekin saiatzea, badu gainera bere literatura esparru berezia eta edozein egileri halabeharrez eskatu behar zaiona: ahots propioa.

Bai noski, idazle oso saiatua da Herta Müller. Alabaina, ahots hori izanda ere, gustatu behar zaizu, bestela akabo, bestela berdin dizu nobel bezalako sari ospatua jaso duen ala ez. Eta liburu honekin hasi ahala, maisulana topatzen duzu, ondo eta sakon landutako istorioa, hikera ikaragarri ederra, itzulpenak behintzat hala adierazten dizu, Müllerrek hizkuntza ezin landuago, gordinago erabiltzen duela. Merito bat, noski, baina beharbada liburu bat interesgarria bilakatzeko ez hainbeste, hizkera tresna hutsa baita, ez bestetik, eta ez dakit noiz jabetuko diren jabeak, baietz ba, ederto idazten duzula, ikaragarri ondo ezagutu eta erabili ohi duzula hizkuntza, zure hizkerak irakurleek goxatzea lortzen dutela. Baina, zenbat bider ere gogoratu behar, ezta aski, oinarria izan leike, baina mamia, aizu, betiere istorioa omen da, nik behintzat hola deritzot.

Eta HATSAREN KUKLUNKAren istorioa ezin garbiagoa da: II. Mundu Gerraren amaiera aldera, Sobiet Batasuneko lan esparru batera deportatutako gaztetxo baten istorioa jasotzen du Hatsaren kulunka nobelak; hizkera gogor eta irudimentsu batean azaltzen ditu bere bizikizunak eta ingurukoenak.

Badirudi Müllerrek istorioa landu egin zuela deportatuotariko agure batekin, agurea liburua bukatu aurretik zendu zitzaiola, agureak berak Securitarearekin lan egin zuela jabetutakoan idazlea zeharo txunditu eta atsekabetu egin zela.

Pasadizuak pasadizu, liburuak gogoratu dit behin baino gehiagotan hainbat alemaniar idazlerekin nozitutakoa, aspertzen nautela erruz, zurrun-zurrunak begitantzen zaizkidala den-dena kontatu nahi dutelako, detailearen detailez istorioaren hildoa galtzen zaidala, horri asko, gehienak ez baldin badira, soberan daudela uste dudala. Eta oro har, susmoa dut egileak istorioaren mamia edo gogoa behar bezala, hau da, benetan hunkigarria bilakatu beharrean, bere idazmaitasuna erakutsi nahi duela soil-soilik.

Banago deportatu baten nondik norakoen inbentarioaren aurrean, ozta banan-banan erakusten dizkidanak, ondo asko, zehatz-mehatz, kontable baten gisa alajaina, bere lan esparruko bizimoduaren berri ematen didana, bai, baina inolako emozio edo sentimenturik eragiten ez didana den-dena ikaragarri hotza eta baita aspergarria ere begitantzen zaidalako. Primeran idatzia, txukun-txukun; baina, tamalez, edo zorionez agian enetako, hori ezta bilatzen dudana idazlan batean. Egia esan, liburu batean idaz-bikaintasuna izan liteke oker handi-handia, mamia ezkutatzen duen baliabidea, pasioa eragiten oztopatzen duena.

Areago, liburu mota hau berehala parekatzen duzu antzerako beste textu batzuekin, besteak beste Primo Levi, Imre Kertesz edo Jorge Semprunenekin, eta, berriro diot, sentitzen dut, baina ez dago alderik, parekaketa egiterakoan ondorioa nabarmena omen da, egileonetan mamia protagonisten barne-gogo/kezka/pasio edo edozein bestelako sentimenduak omen dira, berdin dio Holokaustoaren bizipenekin zerikusirik duten ala espainiar errepublikano batenekin, hori ezta gakoa, ez behintzat preso edo sufritzen ari denaren uniformea edo jatorria, kontatzeko duenaren nondik norakoa baizik. Herta Müllerren protagonistak bere eta bere esparrukideen gorabeheren inbentario soila baino egiten ez digula ematen du, baina nekez sumatu diezaiokegu halako egoeran bere barne gogoa edo zer-nolakoa den egunak pasa ahala, hori edo agian halako zerbait asmatzekotan motzegia begitatzen zaidalako. Aspertzen du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario