viernes, 20 de diciembre de 2013

HARATEGIAN



Duela hilabete batzuk nire kaleko harakinak, bere harategia oraintsu zabaldu egin zuenak, ez zekien Osasuna futbol taldea nongoa zen, ez zekien ere euskarazko hitza zenik, are gutxiago euskaraz izan zitekeenik Nafarroa Euskadi ez delako, jakina, nik uste oraindio ari dela hausnarrean hori nola posible den, azaldu nionean adar joka ari nintzen aiko-maiko (nik ere ez dakit zer dela eta esan nion, nik uste Erronkariko gazta baten inguruan hitz eta pitz ari ginela, izena euskaraz zen eta berak Idiazabal zela sinestarazi egin nahi zidan edo…). Nire kaleko harakin gazteak ez zekien ere Alaves futbol taldea zein mailatan zegoen, Championsen jokatzen ari zelakoan omen zegoen. Atzo jabetu nintzen zeinen azkar jabetu egin den euskal futbol talde guztien gorabeherez. Harategira sartu entrecot batzuen bila eta harakinak ni ikusi orduko zera esan zidan Errealaren kontura. "tas contentú, ho, ayer metisleis cinco goles al Betis..." Jakina, nik futbola atsegin dut, batik bat partidak ikustea, ez naiz jarraitzaile sutsua baina jarrai nolabait jarraitzen ditut astelehenero euskal taldeen gorabeherak gutxi gora behera, jakin-minak eraginda edo. Areago, esan, esan bazidan ere Alavesak irabazi egin zuela, eta horretan bai harritu egin ninduela domeka arratsaldean niri hiriko taldearena ikuskatu nuenean enegarren aldiz enpatearen atzetik zihoalakoan bainengoen. Egia esan, ea nire hiriko Aranako taldeak ere zer egin zuen ere galdetzekotan egon nintzen, bidenabar. Atzo ordea ez nengoen batere jantzia eta sorpresaz, lekuz kanpo, harrapatu egin ninduen harakinaren esanak. Horrek atsekabetu ninduen, bai, ondo asko bainekien nire kaleko harakina euskal taldeen emaitzez gogotik jantzi egin zela nirekin komentatze aldera, bazela nireganako nolabaiteko detaile bat edo. Nik badakit nire kaleko harakina ez dagoela nirekin maitemindurik, ez, inondik ez, bikote ederra egingo genuke gainera, "hartz" bikote garbi-garbia bestalde. Baina, badakit ere zer dela eta nire kaleko harakinak euskal taldeen emaitzen berri emateko molestia hartzen duen astelehenero niri propio esateko, badela nolabait merkatari txikia den aldetik bezeroak nola edo hala fidel egiteko estrategia moduko zerbait, hau da, auzoko dendaria auzokoei/engandik gertuago egiteko saialdi ia desesperatu bat. Hori zela eta erabat atsekabetu egin nintzen, nik astean behin baino gehiagotan ezer erosten ez baitiot, ez dut premiarik, gauza gehienak supermerkatu handietan erosi ohi baititut erosoago eta merkeago suertatzen zaidan aldetik. Horrexegatik, eta ni neu ere aspaldi merkatari txikia izan eta nire burua halako kinka batean ikusi nuelako, hau da, mota guztietako saioak egiteko beharrean negozioari nola edo hala aurre egin edo eustearren, kopetilundu egin nintzen harakinaren etorkizuna beltz-beltza begitantzen zitzaidalako. Dena dela, are tristeagoa, atsekabekoagoa, etsigarriagoa suertatu omen zitzaidan erakusleiho barruko salgaietan erreparatzea eta bertan zegoen okela benetan murritza, zaharra eta batez ere zakarra omen dela asmatzea. Eta ezta merkea, ez, guztiz kontrakoa baizik. Portzierto, ez zuen entrecotik...

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...