sábado, 28 de mayo de 2011

GAINEGURRA


Ia hasieratik espero bezala, atzenean oldartu zitzaizkien mossos de esquadra delakoak BCNko Cantalanya Plaçan bilduta ziren haserretuei. Noski, hauteskundeak pasa eta gaurko Champions finala aitzakia dela medio, ezin aukera hoberik jende guzti hori handik behingoz harrotzeko, sakabanetzeko. Eta nola gainera? Ba botereak gustukoen duen bezala, ostiaka, bere zakurrak bialdu eta egurra ematera, ez dago beste konponbiderik agintzen dutenen begietara, bazen garaia beraientzat, irrikan zeuden baina atzo arte ez ziren ausarto iritzi publikoaren aurrean petral ez gedatzearren, badaezpada. Baina, eskuinak hausteskundeak behin irabazita, zere beldur edo egon behar, lau katu baino ez baldin badira beraein begietara, jende zarpaila, arloteak, tximaluzeak, hirugarren mailako sasi-iraultzaileak, zakurtxirulariak...

Ageri zen lehenengo egunetan Estatuan zein nazioartean ere zehar barreiaturiko begikotasun zein elkartasunek apurtxo bat urduritu zituztela, ez zekitela oso ondo zertan zihoan mugimendua, aiko-maiko zeudela zer egin ezin jakinik, beldur zirela noraino zabalduko edo areagotuko haserretuek erakusten zuten ezinegona edo atsekabea, euren aldarrikapenei beti bezain entzungor, muturbeltz, baina aldi berean ere, badaezpada, arranguratsu itxuraz, inondik ere sasi-matxino guztioi adi egoteko gogotan.

Kexu ziren, bai, haserre ere bai, baina haiei bost, euren helburua ez da inoiz gauzak aldatzea, hobetzea, haserretuen aldarrikapen guztiak ez datoz bat haiekin, haiek agintera heldu eta dena beti bezala jarraitu nahiago dute. Ze bestela, errotik aldatzea beraiei ezin hobeto komeni zaien sistema bat? Ez ahaztu, beraiek ere eraiki egin zutela neurri handi batean, errudunak direla neurri horretan ere nozitzen ari garen krisialdiaz, haiek jarri baitzituzten Espainako egitura ekonomikoaren oinarri kaxkarrak, pattalak, pozoitsuak.

Honexegatik ere bazuten aldez aurretik ondo erabakita zein izango zen haserretuen mugimendu edo aztoramenduari aurre egin eta batez ere desegiteko irtenbidea; betikoa, ez dago besterik, haiek behintzat ez, eta baldin badago haiei bost, aintzatik hona balio izan die halako gauzak konpontzeko, zergatik oraingoan ere: GAINEGURRA.

No hay comentarios:

Publicar un comentario