viernes, 20 de mayo de 2011

EPAILEAK JULIO CARO BAROJAREN KONTRA


Behin berriro Espainiako epaileek hitza hartu dute euskal kulturarekin zerikusia duen orori muzi eginez, oraingoan Euskal Herria ez dela existitzen ebazteko, hau da, Nafarroako Ikastolen Elkarteak Nafarroako Gobernuak euren testu liburuen edukia gaitzetsi eta diru-laguntzak kendu izanagatik jarritako salaketa bertan behera utziz eta bide batez Euskal Herria kontzeptuaren kontrako hainbat irizpen historiko-kultural gaineratuz, benetan bitxiak eta esanguratsuak, ezin hobeto erakusten digutenak nondik doazen gero eta ageriago Espainiako epaileen euskal kulturarekiko jokabide maltzur eta batez ere murritzailea, eta zer esanik ez, zer-nolako kasualitatea betiere euskal kulturaren aldarrikapenak edo kolokan jarri edo errotik errufusatzen dituztenen alde egitea, Sanzen gobernuarekin bezala. Hona hemen Nafarroako Auzitegi Nagusiko administraziorekiko auzietako aretoak plazaratutako ebazpenaren zenbait zertzelada benetan amorragarriak:


Ikastolen Elkarteak eta Elkarlanean-ek argitaratutako ikasliburuek «itxuraldatu» egiten dute Nafarroako errealitate politikoa, historikoa, geografikoa, juridikoa, soziala eta naturala. Liburu horiek Nafarroa Euskal Herrian kokatzen dutela uste du auzitegiak, eta hori eginez, hainbat lege hausten dituztela iritzi diote epaileek.

«Nafarroa ez dago Euskal Herria izeneko erakunde baten barruan», dio auzitegiak. Gaineratzen duenez, Nafarroako Foru Hobekuntzaren Legeak dio herrialde horrek «berezko autonomia eta erakundeak» dituela, eta horiek «Espainiako Nazioan soilik» barneratuta daudela. Bestalde, epaileek uste dute Espainiako 2006ko Hezkuntza Lege Organikoa ere urratzen dutela Elkarlanean-en eta Ikastolen Elkartearen eskola-liburuek: «[Legeak] zehaztasun zientifikoa eskatzen du ikasliburuetan. Zehaztasun gutxi edo batere ez da topatzen etxe horiek argitaratutakoetan». Katedra askatasuna izateko, zehaztasun zientifikoa behar-beharrezkoa dela gaineratu dute epaileek: «Zehaztasun zientifikorik gabe, ez dago katedrarik».

Nafarroako Auzitegi Nagusiak epaian dioenez, «ikasliburuak ezin dira gezur sozial, historiko, geografiko eta linguistikoekin osatu. Ikasi beharreko oinarrizko testua ezin da horrekin kontraesankorra den beste testu batekin osatu». Oinarrizko edukiak «ezarritako curriculumaren bidean» jasotakoak direla azaltzen du ebazpenak: «Eduki horiek irakasten dira edo ez dira irakasten; ez dago interpretaziorako tarterik».


Laburbilduz, Auzitegiaren arabera ez dago lekurik kurrikulum horretan hainbat historiagile, antropologo edo hizkuntzalarik argi eta garbi diotena biltzeko, Euskal Herria kontzeptu sozio-kultural hutsa dela, NIEk ondo azaldu bezala bere errekutsoan; Euskal Herria kontzeptuak estatu eta erkidego bat baino gehiagoko lurralde ugari biltzen ditu, testuinguru soziologiko, kultural eta etnografiko baten barruan, antzinatik errotuta euskaldunon kordean, ez duela ezertan ukatzen, ukatu behar, aspaldiko, gaurko edo inoizko egitura politiko-administratiboen izatea.

Alperrik, eta gainera ezta harritzekoa, ondo asko baitakigu epaileen benetako xedea zein zen, noren alde egitea, zergatik ere bai, nortzuen kontra duda izpirik gabe. Baina halaber, azpimarratu beharra dago epaileok, beren ebazpenean "zehaztasun zientifikoa" eskatzen dutenak, Julio Caro Baroja bezalako ikerlari famatu eta estimatu baten ikerlan guztien kontra oldartu egin direla, besteak beste.

No hay comentarios:

Publicar un comentario