martes, 28 de febrero de 2012

ZABALGANATZEN...





Lehen idatzi bezala, Armentiaraino iritsi naiz tipi-tapa izen bereko basoan zehar. Hortik Zabalgana auzorantz abiatu naiz zuzen-zuzen, nire asmo bakarra egunkaria erosi eta hor nonbait kafesne goxo bat zurrupatu bitartean irakurtzea. Alabaina, esan diot nire buruari auzotik bueltatxo bat emateko parada ezin hobea zela, zeren eta hiri ingurumarietako auzo bat izanagatik normalean sekula zapalduko ez bainuen, ez baldin bada bertan bizi ote den norbaiti bisita egitera edo. Zertarako bestela? Gasteiz ingurumarietako auzo berriok, mendebaldeko Zabalgana zein ekialdeko Salburua, eta oraintsura are iparraldeko Lakua-Arriaga ere bai, mapa gainean behintzat, ozta-ozta hiriaren erdia baino handiagoak ei dira. Hala ere, eta edonork kotxez bakarrik igarota ondo asko asmatu bezala, bai Gasteizkoak, bai Espainiako edozein hiri ertainekoak berdintsuak ei dira, arkitektura eskola bertsuan sortuak izan bailiran. Izan ere, gal zaitezke Iruñea, Logroño edo Burgoseko bertako auzo berri batean eta lehenik ez badiozu erreparatu hiri sarbideko errotuluari ezingo duzu igarri, kostatuko zaizu, nor demontre sartu, galdu zaren asmatzea.

Edozelan ere, banengoen Zabalganan, hiriaren mendebalde zabal eta berria, hemen denak ematen du horrela, zabal-zabala eta berri-berria. Kaleak ezin zabalagoak, nola ez, bazuten gura beste zoru eraikitzeko eta batez ere plano gainean kaleak zein errepideak trazatzeko. Antza, arkitekto hauen aburuz hiri berriak zenbat eta espaloi zabalagoak izan, edo eraikinen arteko hutsunea handiagoa egin, gero eta kale egokiagoak, erosoagoak, argitsuagoak, dotoreagoak bertatik lasai asko ibiltzeko edo; bestela ematen du betiko kale mehar, ilun, ezeroso eta agian zikinak ere bai direla. Baliteke, noski, kale berriok hiri zaharrekoak baino txukunagoak izatea, baliteke behar beste espaloi, lorategi, errepide izatea; baina, Gasteizen gaude, hemen negua gogor-gogorra izaten da, haizeak ezin bortitzago jotzen du eta Zabalganako kaleetan barrena zoazela zu ere jotzen zaitu ezin gupidagabeago, beraz berehala jabetzen zara hobe zaudela zure etxean babesturik edo erdiguneko edozein taberna edo kafetegi apain eta batez ere ezagunetan. Bestalde, hain kale handiak, zabalak, izanda badirudi dena etorbide dela, etorbide luze eta hotzak; hau da, alderik alde joate aldera, baina inondik ez, bertan auzo bizimodua egitekoa. Azken hau ezin nabarmenagoa omen da kaleotan zehar joanez, doi ez duzu dendarik edo tabernarik topatzen. Jakina, auzo berria da, egundoko krisialdia dago eta oro har hastapenetan dago auzoa. Alabaina, badira gutxieneko zerbitzu batzuk edonon ezer baino lehenago sortzen direnak eta hemen faltan omen dira; besteak beste biztanle kopuruak eskatuko lukeen taberna batez bestekoa.

Badira gainera gizarte laguntzako etxebizitza pila, osagaietan erreparatuz merke-merkeak eta emaitzetan itsusi-itsusiak, zatarretan zatarrak, ezin sinpleagoak edo azalez behintzat hauskorragoak. Izan ere, berehala sumatzen duzu urteak pasa ahala ezagutu dituzun langile auzokoen modukoak bilakatuko direla, hau da, txikitan zure lehengusuekin jolasean egiteko amorratzen ari zineko Adurtza ala Zaramaga, Sansomendi eta enparatuak bezalakoak. Hala eta guztiz ere, ageri da arkitektoek edo politikoek ez zutela inondik ere langile auzo peto-petoak sortzea, ghetoketaren beldurrez edo, horrenbestez, etxe txiro edo traketsen aldamenean, elkarren ondoan tartekatuak, badira ere eraikin guztiz aberatsagoak, etxaurre dotore-dotorekoak eta azalez ere klase ertainendako propio egindakoak. Haietariko zenbaitek badu ere bere parke pribatu eta zerratua, hots, halako bizimailak ondo asko eskatu bezala.
Eta badaude ere auzoa nolabait duintzeko asmotan prestaturiko beste osagarri batzuk benetan interesgarriak edo bitxiak. Esaterako, auzotik zehar hedatzen diren erreka edo hobeto esanda errekastoen ertzetan egindako pasabide belartsuak edo zeharkatzen dituzten metal eta diseinuzko zubitxo izugarri itxurosoak. Tamalez, errekastoaren inguruak ezin txukunagoak omen dira, baina, beherantz so egin orduko ez duzu inolako ur arrastorik antzematen, eta noski, horrek eragiten dizu, ez dakit ba nik, halako tristezia moduko sentimendu saihestezin bat. Tristezia edo abandonu sentimendu arraro zein mingor bat edonora begira egiten duzula harrapatzen zaituena oharkabean. Ezin ageriago da auzoa oraindio behar bezala koskortu ez dela, asko falta zaiola, hastapenetan dagoela benetako auzo bizigiro bat, eta baita dezente kosta egingo zaiela hurrenez hurren etorriko diren biztanleei “etorbide amaigabeko” sindromea nola edo hala, laster, gainditzea, hori baita ordubetez edo Zabalganako kaleetan galduta edo noraezean nenbilela behingoan hauteman, nozitu edo egin dudana ene behin-behineko bisita arin honetan.

Beste bitxikeria da, ere ustez ere nabarmentzen da auzo honetan, Salburuan zein Alde Zaharrean bezala, azken hauteskundeetan Bildu gailendu egin zela Gasteizko gainontzeko auzo peperoen aldean, antzematen da erraz auzoko hormetan erreparatu bezain laster ezkerreko abertzaleen pintadak eta kartelak eta zenbait kaletan agertzen baitira barra-barra, agertzen dira besteak beste auzokoen bilkuretarako deialdiak edo azken bolada honetako aldarrikapenak. Esan liteke auzo gazte eta hein handi edo ertain batean abertzalea ere dela, bertan hiriko belaunaldi gazteenak eta beraz abertzaleenak bizitzera etorri direla. Esan liteke, noski baietz, baina kaleotan barrena noala atzerritar aurpegiak baino ez ditut topatzen, latino andana eta delako zapiaz estalitako emakumezko asko ere; maltzurra banintz, hau da, aspaldi honetan niri hiri alu honetan hain modan edo bolo-bolo ari diren komentario edo iritzi zeharo xenofoboei eutsiz, esan nezake auzoan atzerritarrak baino ez direla ikusten bertakoak lanean daudelako. Esan nezake noski, baina gezurra izateaz gain, oso gustu txarreko zirtoa litzateke, erabat ezbidezkoa, nik inolaz ere pentsatzen dudana, zin dagit. Hala ere, auskalo zer dela eta, baina Gasteiza itzultzen naizen aldiro nire buru kokolo hau gero eta maltzurragoa sumatzen dut, baton batek daki giroak kitzikatua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...