lunes, 7 de noviembre de 2011

XABOI-BURBUILAK


Liluratu, alegeratu, hunkitzen nau nire umea haurtzaindegiko atetik burumakur irteten ikusten dudanean, badirudi ikaragarrizko nekeak ematen dizkiola ni ikusteak, badirudi baina ez, betiere luzatzen baitit irrifarre maltzul bat esan nahian, baietz ba, aita, zu ikusteko irrikan banengoen, tira ba, eraman nazazu parkera, hel nazazu zabuetara nagusiaren jagole ere egin bitartean. Gozatzen dut itzel nire semeen ondoan, beraei begira adurra ezpain ertzetan, zoriontsua naiz sekula ez bezala, agian umetatik gero. Kexu ari naiz egunero, bai noski, gogoz ere bai, egundokoa nekatzen naiz-eta parkean han-hemenka nire haurtxoen atzetik lasterka edo, askotan barrezka, gutxitan ere errietan.

Hala ere, aitortu beharrean nago: haurrak ez zaizkit gustatzen, gehienak ez behintzat, nireak alde batera lagata, jakina, edo gehien jota banaka batzuk baino, merezi dutenak berez oso atseginak direlako, edo bestela esanda, neurrian aztoratzen nautelako bakar-bakarrik. Baina gehienak jasanezinak begitantzen zaizkit, benetan urkatzekoak; berekoiak, astunak, ipurtarinak, negarrontziak, txoribuztanak, nekosoak eta batez ere ezker txarrekoak, apika nireak eta ni neu bezainbat, alajaina.

Horixe nuen gogoan gaur arratsaldean nire semeekin parkean nengoela, banku batean eserita nire umea belaun gainean jolasean, etorri zaigula umemoko bat xaboi-borboilak sortzeko tramankulu batekin. Baietz ba, oso haur atsegina, potxolo eta guzti, eta itxuran erreparatzekotan carbayon-kume peto-petoa, baina auskalo zer dela eta, ni bakanetan baino ikusten ez duen aita nintzelakoan edo, berezko berritsua ote zelako edo bere amak bidalita nireganako bidea zabaltzeko asmotan edo..., horra hor kakaumeak hitz eta pitz jardun duela etengabe. Ni, berriz, adi-adi egon naiz mukizuaren berbajario txit nekagarri eta takian-potian ere ernegarriari. Nola ez, oraingoz ez bainaiz hain sasikoa haur errugabe bati betoskoa jartzeko, badakit umeak direla, berez maitagarriak eta antzeko topikoak gura adina.

Alta, umemoko berbalapikoarekin atsegin jokatzeko berebiziko ahaleginak eginez ere, berehala, ezustean agian, jabetu naiz nire haurrak besterik maite, jasaten, ez ditudala, eta jabetu ere egin naiz ezinbestez kakaume nazkante horren xaboi-burbuila tramankulua nire sudurraren aurrean jarioan hasi denean hain zuzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...