miércoles, 12 de junio de 2013

EHIZAN




Behin berriro gaur goizean Euskadi Irratitik Ares jaunari entzunda: "nirekin ehiza politikoa egin nahi izan dute". Eta enegarren aldiz mugagabeko narda edo asperra. Politikariaren ohorea ezer baino lehen, kasu honetan errugabeko baten hilketaz ari gara, ertzain batzuen jokabide oker ala maltzurrak eragin zuena nahigabean edo, baina badugu hildako bat eta norbaitek erantzun behar luke. Alabaina, gauza bat da hilketa bera, eragin zuten agenteen erantzukizuna edo ahalbideratu zuten egoera eta baldintza nahasiak, eta beste bat, oso-oso bestelakoa, Barne Sailekoek entzunkizun hori estaltzeko edota saihesteko amarruak eta gezurrak. Egon, egon badirelako, ondo asko egiaztatu egin da Ares jaunak gezur egin ziela hildakoaren familiari zein gizarteari, bere helburua, lehentasun bakarra, bere agenteen burua zuritzea eta batez ere ziurtatzea zela, ez besterik.

Horretan dautza Ares jaunak irudikatzen duen ehiza politikoaren nondik norakoak. Bera zen Barne Sailburua, hau da, Ertzaintza eta batez ere bere jokabidearen erantzulerik gorena. Esan bezala, badago grabazio bat oso asko erakusten duena Iñaki Cabacasen heriotza eragindako erasoak ez zuela inolako zuritzerik, gehien jota oker itzel eta zital bat izan zela. Aresen erantzukizuna, aldiz, bere familia zein gizartearekiko jokaerari zegokion. Eta gezurra bota zigun, gizartea ustez ordezkatzen duen kargu batek. Hemen, noski, nola ez ekarri gogora Ares jauna politikari britainiarra izan balitz bezala berehalaxe dimititu egingo zukeela behin gezurretan harrapatuta. 

Baina ez, ez gaude Britainiar Handian edo antzerako beste herri batean, EHn gaude eta denok ondo asko dakigunez hemen taldekeria nagusi da. "Ez dut dimitituko, hau da, "nire kargu politikoak bertan behera utziko eta nire etxera joango naiz", halakorik egin ezkero aurrekoari, hau da, etsaiari mesede bat egingo nioke, eta hori sekula ez, alderdietan denok bat gara, gutako bat erortzekotan gainontzeko guztiak ere gizartearen aurrean lotsagarri jarriko bagintuzte bezala litzateke. Eta jakina, berdin dit Aresen PSEren kasua den, hau da, "ETAren kontra hainbeste sufritu eta borrokatu egin duen sozialista peto-petoa", hau da, “gutariko bat”, eta hemen berriro ere ETAren kontrako borrokarekin elkarlotuta duen oro lehen domina eta gero ETArekin edo indarkeria politikoarekin zerikusirik ez duen edozein gauzaren zurigarri edo, ala beste batzuen ETAren jarduna zein indarkeria bera behingoan gaitzesteko eta biktimei zein gizarte osoari barkazioa eskatzeko etengabe asmatzen dituzten hamaika saihes/zuribideak, hau da, eragin dituzten kalteak eta saminak behin betiko ez onartzeko egoskorkeria estrategiko hutsa edo oso “hoja de ruta”koa. Berdin didate bi jokamoldeok eta beste funtsean txanpon bereko bi aldeak baitira, politikariok gizartearen egiazko arazoei beti bizkarrez, bere eskakizunei entzungor, gutxieneko etika politiko bati zeharo ezaxola. Hori bai, gero eta ia egunero politikariok guri datozkigu baketze eta berradiskidetzearen aldeko etorkizun bat eraikin behar dugula elkarrekin nork bereari itsu eta gor eusteke. Apartak dira, bai, gainontzekooi aholkuak emanez zein gizarte ororendako betebeharrak sortuz; baina, esaerak ezin hobeto dioen bezala: “errementariaren etxean zotza burruntzi”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...