Zergatik idazten ditut inork irakurtzen ez dituen liburu kaskarrak eta hutsalak? Ziurrenik nire biziaren momentu batean zer kontatua nuela sinetsi egin nuelako. Eta zer dela eta halakorik otu zitzaidan? Ba, txikitandik asko irakurri dudalako, nire gurasoenean haienak ez ziren liburu asko zeudelako, marxismo zein antikolonianismoari buruz hitz egiten zuten frantsesezko liburu arraro haiek, nire aitaren anaia ikasiek sekretupean gordetzen zituztenak, badaezpada konprometigarriak omen ziren liburu haien bila joan zitzaizkienak gurera sekula sartuko ez zirelakoan edo. Txikitan ere Barojaren Zalacain edo Shanti Andiarekin maitemindu nintzen, beharko, kresala nire udaroetako usaina zen. Gero gerokoak, nazioarteko klasiko pila, errusiarrak nagusi, eta laster ere osaba irakasleak hegoamerikarrak nire eskuetan jarri zizkidan. Geroago nik hartu nuen nire irakurbidea. Baina, zergatik idatzi behar, zertarako, zer nolako handiustekeriak bultzatzen duen ni bezalako alproja bat. Garai batean inguratzen ninduen nire herriko giro itogarria zein ustelaren berri emateko zelakoan nengoen. Oso garai ilunak izan ziren 80koak eta zer dela eta ez idatzi pairatzen genuen ezinegonaz, asperraz, saminaz; esan bezala, handiustekeria beti tartean, ba al dago bestelako akuilurik? Orduan idatzi nituen gauza asko orduko egunerokotasun ilun, zital edo behinik behin zalapartatsuaren kontura gori-gori, berotan (aurten argitaratu didaten liburua horietako bat da, hain zuzen). Gaur egun, ez dakit orduan idatzitakoa berriro berdi-berdin idatziko nuen, seguru asko ezetz, gaur egun oso bestela idatziko nuke, orduko atsekabea dexente baretu egin zait-eta, eta ez dakit ere idatziotan behar baino gogorragoa, ezbidezkoagoa izan nintzen, ez dakit. Esan nezake, edonola ere, kontsolamendu gisa edo, ordukoak nolabaiteko meritua izatekotan, hori etzango litzatekela liburu haiek idatzi nitueneko zintzotasunean, ez besterik. Ez besterik, liburuok oso kazkarrak direlako, argitaratu zizkidaten editoreek ez zizkidaten zuzendu, ni zeharo nobatoa izanda ere ez zidaten apenas nire idazlanak borobiltzeko aholkurik eman, dena primeran ei zegoen argitara azaldu aurretik. Eta ez, nobato garbi-garbia nintzen aldetik nik ere akats franko sumatzen nuen. Dena dela, ez dut inolako etekinik atera nire liburuetatik, baina ez dut eta inolako kosturik izan ere, ez baldin da idazteko denbora, kemena, grina eta batik bati alperrikako ilusio asko eta asko; debalde argitaratzen zidaten eta horrek nolabaiteko baliorik zuelakoan nengoen. Eta hala eta guztiz ere, idazteari ekiten diot ikaragarri gustatzen zaidalako, atsegin dudalako ideiak zuribeltzean jartzea, ideiak baino txorakeriak, baina tira... Horrexegatik ere ordenagailuaren aurrean nago oraintxe bertan inori batere axola behar ez zaizkion txorakeriak idazten, gaurkoa bezalako egun euritsu, ilun, zeharo hits batean, idaztea eta umeekin jolastea tartekatuz halamoduan. Alabaina, idazlearen handiustekeria irizpidera ekarri nahi nuen. Liburu asko dago merkatuan, pila bat, liburudendetatik bueltan beti gogoeta berbera egin ohi dut: ezta posible hori guztiori saltzea, gehiegi dago hautatzeko, eta gehiena ere nik sekula idatzi ahal izango dudana baino haimaika aldiz hobea. Zertarako orduan ekin eta ekin literaturaren komedia honetan, batez ere liburuen mundua inguratzen duen gehiena benetan nardagarria begitantzen zaizunean, hots, idazleen arteko itxurakeria lotsa/negar/aspergarria, herrak, ezinikusiak-eta tartean ere bai, idazle, editore eta auskalo nor gehiagoren berezko edo ezinbesteko taldekeria (honekin argitaratzen baldin baduzu orduan hauen edo besteen alde zaude printzipioz, tribu horren partaide nahitaez gainontzekoen begietara...), hedabideen idazleenganako jokabide maltzur edo makurra gehienetan, argitaratzaileek idazleei inposaturiko nahitaezko zamak edo betebeharrak, gainontzekoen ezkutuzko destaina edota demaseko miresmen arina, merkatu honen gordintasun halabeharrezkoa... Zergatik ote? Atsegin duzulako eta kitto, hori litzateke sikologoak aholkatuko lizukeen erantzuna. Zurea, benetakoa, ideiarik ez, handi-nahia betiere. Baina, tira, txapa luze hau idatzitakoan gazte-gaztetandik -nire euskarazko lehen liburua bere Harri eta Herri izan zen, izan ere- bihotz-bihotzen maite dudan euskal idazle handienaren poema baten izenburua gogora etorri zait ziplo: "Sendan egindako gogoeta eroak".
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
INVIERNO A LA VISTA
T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario