sábado, 1 de junio de 2013

PASARTEA: AZOKA II





Gaur goizean azoka zegoen nire Urraitz hirikoarekin oso antz handia baina ez erabatekoa duen gasteiztar alde zaharrean.

"Eta beldurtu bezala Alde Zaharraren goiko parterantz doan aldapa luzea zapaldu orduko bidearen bi ertzetan ozta hurrenez hurren zabaltzen zaizkigun txoznetan jende andana ia elkarren gainean pilatuta topatzen dugu. Ez dakit goraino iristeko gauza izango naizen hainbeste jende artean nekatu ala zoratu baino lehenago. Uztaileko bero sapa jendilajearen izerdiaz nahasketan hasiko da eta honekin batera bultzadak, zapalketak eta baten batek daki noiz edo non ostikoak zein zaplastekoak ere bai. Oskar eta Mikelen gorputzarren artean babesten saiatzen naiz bizkartzain gisara, alabaina. Tamalez, nik bi lagunok polito ezagututa badakit ondo baino hobeto euren egarri aseezina nolabait baretzeko asmoz garagardo hornigailuren bat antzeman orduko harantz joango direla ziztu bizian. Eta esan bezala Alde Zaharreko lehenengo karrikaren sarrerara iritsitakoan El Penultimo izeneko taberna barruraino sartu egin dira zoro moduan gainontzekoei eta ia tutik esan gabe. Ni ordea kale erdian geratu naiz Amalia eta Mikelen emazte zein bizi osoko lagun-min dudan Alazneren ondoan.

-Ez gara sartuko kobazulo batera, ezin dugu hau bezalako egun eguzkitsu bat barra baten ondoan alperrik galdu –ebatzi du Alaznek. 

-Noski ezetz, begira gainera zer nolako giro polita dagoen kalean –gaineratu du nire azukre kozkorrak inguratu, bultzatu, zapaldu eta doi-doi kale barrenera arrastaka garamatzan jendetzari erreparatuz.

Ganibeteria kalean sakabanatzen diren txozna guztietara luzatzen dituzten bi nesken begietatik ihesi egin nahian nire beste bi lagun zaharren beharra sumatzen hasi naiz behin berriro babes bila. Zoritxarrez, Espainako herri guztietako jakiak zein edariak, ustezko edo sasi artesautza, bertako zein kanpoko edozein borroka politiko-ekologiko-sexologikorekin elkartasun gisako hamaika apain-bitxikeria, aukera aprobetxatuz ere azokaren gai edo leloarekin zerikusirik ez duten tramankulu pila eta abar luze eta batez ere trakets bat eskaintzen dieten saltokiz saltoki ibili eta gero bultza, zapal edota saka egiten ari den jendaldeak kale goienereraino eroan gaitu ia herrestaka. Nazka-nazka eginda nago eta nire bi lagun ikusle-mikusleen asperrezinari muzin eginez Algareria plazatxoraino ailegatutakoan ia ustekabez topatu dudan txozna batera jo egin dut zer edo zer edatearren.

-Hemen Galiziako orujoak bakarrik saltzen ditugu, sorgin orujoak, alegia -azaldu egin dit beldurrezko filmetan zein urtero egiten dituzten Inkisizioa eta Euskal Herriko sorginak erakusketan ikusi ditudan soineko piltzarrez mozorrotuta dagoen eta begi sakon ilunei, sudur luze koskordunari, kokotx zorrotzari zein irrifarre oker ezin maltzurragoari erreparatuz meiga bat besterik begitantzen ez zaidan atsoak.

-Tira ba, jendegiro itogarri honi aurre egiteko barrenak behar bezala berotu beharrean nago, emaidazu ba belarrezko bat! –atsoak buztinezko kikara bat luzatzen dit, dzanga-dzanga hustu orduko hiruzpalau bider gehiago bete egingo didana 


Dagoeneko aurrean irri-maltzur dudan atsoa ez da lehen bigitandu zaidan gizaki beldurgarria, neska lirain eta atsegin bat baino, nik uste limurtzen eta guzti saiatu naizela. Ez litzateke harritzekoa, edaten dudan aldiro sen apurra ziplo galtzen baitut, laster konortea ez baldin bada. Baina, tira ba, kikara ohol gainean lagatzera nindoala atso lirainak ala neska zaharrak ospa egin du. Ez dago inor txozna atzean nire kikara berriro betetzeko eta nik badut, ez gogoa, premia baizik, zurrutean etengabe jarraitzeko. Zain nago marisorgin tabernaria noiz bueltatu. Baina alperrik, ez dator inor. Harentzat kalte, ez baitiot pagatu. Izan ere, atso galiziarraren txozna ondoan dagoen bezero bakarra naiz. Eta bada apurtxo bat kezkatzeko, edo gutxienez zerbait arraro susmatzeko, gainontzeko txosnak mukururaino daude epokaz, hots, Erdi aroko soinekoez edo, mozorrotutako jendearekin. Algara, zer esanik ez, plazaren izenari ohore eginez edo, nagusi da. Badirudi plaza honetan behintzat Udalak Ertaroko jantziez kalera irteteko aldarri egin duen erregua seriotan hartu egin dutela. Nik uste zer edo zer antolatuta dagoela azoka nolabait erakargarriagoa egite aldera, merkatua merkatu. Arrimatzen naiz aldamenekora ogiak edota opilak saltzen dituen gizakote bizardunari ustezko ikuskizunaz galdetzeko asmoz. 

-Maisu jauna, hemen egin ohi da betidanik osteguneroko azoka. Zigorrak-eta Ganibetaren Enparantzan ematen dituzte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...