lunes, 24 de junio de 2013

SASIKO EDO BEHIN-BEHINEKO EPIKA HORI



Uvieura bueltan nenbila kotxez ezin nuen ikusi partida, pena handia, emazte asturiarra zaletu egin baitzait ustekabean, bai, urtetan frontoi batera eroateko alperrikako ahaleginetan eta orain bis astebete edo T5tik pilota partida bat ikusi eta ea aurten nire hiriko jaietan edo frontoira goazen galdezka. Ustekabean, bai, esan behin baino gehiagotan proposatua bainion frontoi batera laguntzeko eta ezetz, ez zuela gogoko, hamaika gauza lehenago egitekoa zuela, kopetaraino zegoela nik txitean-pitean kontatzen nizkion nire aiton-amonen etxearen ondoko frontoiko gorabeherez, nola gure aitajaunak hartan estalita ez zegoen frontoitik basetxeko larreinera jausten ziren gomazko pilotekin kortan zuen saski bat betetzen zuen, gaztetan jokatutako partida mitikoak edo apustuak tartean, nire ezkon-osaba baten arrebarekin ezkonduta zegoen pilotari famatu batek emandako eskolak zein oparituriko liburu zoragarri hura...  Hortaz, beti esaten zidan bakarrik joan nendin edo. Eta bat-batean, eta telebistaren miralukuz edo, baietz, atsegin duela pilota, baldin badago emakumezkoen sena ulertzen duen norbait, arren, etor dakidala behingoan azaltzera, nik ulertzen saiatzeari amore eman baitiot aspaldi. 

Edonola ere, ikusi badut atzoko partidaren zenbait pasarte, eta bai, biak ondo hasi baina Olaizolak berehala hartu zion aurrea Irujo gaixoari. Pena handia hartu nuen, aitortzen dut, nik Irujo beti irabazle nahiago dudalako. Baina, bestalde, Irujo hain atsegin dut horrexegatik, jokoan dena emanagatik inoiz ez aurrera, ez atzera egiten duen ez dakizun pilotaria delako. Edo bestela esanda, teknika baino epika duena, maiz aparteko sasoia duen pilotaria dena; baina, sekula ezin duzu asmatu zer hostia egingo duen horrekin, putz ala huts. Horretan datza agian haren xarma, eta batez ere Irujoren eta bere ezpaleko pilotari guztien epika, haiek bezalako kirolari guztiena hain zuzen ere. 

Atzokoan ordea nik uste teknikak irabazi zuela halabeharrez. Zorionak txapeldunari, merezi zuen eta. Epika, aldiz, datorren urterako. Edo agian, bai, agian egon bazen porrotaren etika, etika kaskar bezain hutsala, 22-7 ia lotsagarri horrek ondo asko erakutsi bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...