jueves, 24 de febrero de 2011

MOZKOR HERRI ALDERRAIA


Bart aspaldi honetan gogotsu irakurtzen ari naizen Moroak gara behelaino artean liburu mardul, mamitsu eta izugarri eztabaidagarritik honako hau azpimarratu nuen xelebrekeria gisa: Nazionalitateaz galdetzen diotenean, Casablanca filmean, Humprey Bogartek erantzun du: "Mozkorra".
Ederra benetan, eta xehetasunak xehetasun: mozkor misantropoa, atzerrian, gerla giroan, identitatea nork bere barrura so eginez antzeman nahi den sasoian. Bakoitzak bere zama, eta bere drama.

Orduan ba, Humprey Bogartek aberkide al dut? Nortasun antzekoa zela banekien, somatu bai behintzat, nazionalitatearenak zeharo txunditu nau. Gu mozkorrok bai garela benetako herri alderraia, juduen parean edo gainetik? Nondik hartzen dugu gure herri ondarea? Jakina, botilatik. Baina ez nago ados Borgartekin, mozkorrok ez gara nazio, erlijio baino. Alhokola dugu Jaungoikoa, tabernak gure elizak, mezkitak edo sinagoak, mozkorra gure elizkizuna eta mozkorrondoak penitentzia, edozein ardo botila ireki eta goitik behera ez hustea pekatua. Mozkordun, fededun, hori da gure leloa. Horrenbestez, Bogart, Joyce, Faulkner, Nick Nolte, Any Winehouse, Charly Seen, Homer Simpson, Nati Abascal, Aznar eta enparatuak ez ditut herkide, fedekide baizik. Alkohola anpara gaitzazu! Zugan sinisten dugu-eta, zuk ematen diguzu bizitzeko kemena eta zioa, zuk ere kentzen diguzu, jainko ahalguztidun eta bihozbakoa. Topatuko al dugu noizbait gure lurralde prometitua? Auskalo, ez dakit nik garen guztiok kabituko ote, munduan zehar sakabanaturik egonda ere nik uste milioika garela, gehiegitxo edozein palestina ziztrinetan denok batera sartzeko. Edonola ere, bien bitartean moldadu beharko etxe ondoko tabernara sartzen lagatzeaz. Baina, egon lasai, ama, edonoiz herri edo fede honi ere muzin egingo diot-eta, nire ernegatu patua da...

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...