martes, 8 de febrero de 2011

BEHELAINOTIK SORTZEN


Igande arratsaldean Lastres aldean Tren gurasoekin bazkaldu eta gero, betiko lez asper-asper eginda izugarri nekatzen baitu etengabe zintzo jokatzeak zure modukoak ez direnon aurrean, ni behintzat asko nekatzen nau inoren aurrean egoteak serio itxurak-eta eginez. Baina tira, zer demontre espero dezakezu zurekin ozta ezer konpartitzen ez dutenekin solasean zaudenean, zuk hautatu ez duzun halabeharrezko konpainia, behin baino gehiagotan ziria bota eta zeharo izorratu ere egin zaituztenak. Gehien jota espero duzu otordua hainbat arinen pasatzea zure txokora itzultzearren, ez besterik, ez eta txitean-pitean ezein huskeriagatik barrezka egitea ere.

Bazkalostean derrigorrezko osteratxoa jatetxea zegoeneko Lastres goialdeko ingurumarietan barrena, itsasbazterraren paretik, lokatzez gainezka zegoen bidezidor batetik. Bidegurutzean bazegoen kartel bat aspaldiko gaztelu baten aztarnak iragartzen zituena. Haruntz jo genuen berehala, ia dena maldan behera itsasondoraino. Laster kresala azalean eta zuhaitz artetik itsasora zabaltzen zen behelainoa bidelagun. Den-dena ikaragarri ederra, hunkigarria ere zure aspaldiko biziaren tartetxo bat ere zen aldetik, urteko sasoi onen ezaupide. Asko maite duzu-eta laino artetik sortzen den lilura amesgarria, hagitz baitago asmatzeko azpilainotik zugana ateraz, egia esan denetarik asma genezakeelako lainopean dagoela, garbiena zein ilunena, goxoena zein garratzena, ametsik ederra zein gaiztoena ere bai.

Lastres hiribuldutik aparte, muino hegalean ostendurik, kostaldearen zaindari eraiki omen zuten gazteluaren lorratzak ikusi, bertatik itsas zabalerantz begira luze egon nintzen, txikitako oroitzapenen kresal goxoaren usnan, ia ahaztutako garai on, goxo, xamur, inozenteekin ustekabeko topaketa gozatuz.

Poetak zion bezala nik ere maitu ditut, maite, nire bazterrak. Aspalditik, ordea, ibili eta bizi egiten ditudanak nire egin ohi ditut, denak dira nireak, ia dena ere bilatzen dut bazter, bazterretan inon ez bezala gogarago, zoriontsuago, libreago, bizi naiz eta. Bazter ez den oro, ordea, egiten zait arrotz.

Bazterretan begitantzen zaizkit inoiz ezertaz ziur egon ez daitezkeenak, gizonezkoen erabatekotasunetatik babesten direnak, egia santuen armadetatik desertatutakoak, gainontzekoen etengabeko epaietatik behiala ihes egindakoak, inoiz erdialdean egon nahi ez dutenak grina biziaren ardatz dutelako. Horrenbestez, betidanik gogoko izan dut bazterretako behelainoa, bertatik bakarrik sor daitekeelako itxaropena... baita amesgaiztorik handiena ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...