miércoles, 2 de febrero de 2011

GRAFOMANIA


Gaur goizean Markos Zapiaini entzunda Euskal Irratiaren goizeko saioan grafomaniaren kontura, hots, etengabe idazteko joera, baina zehatzago esanda urtero liburu bat baino gehiago argiratu ohi duten idazleei buruz. Orduan, adi-adi nintzela, ziplo jabetu naiz ni neu grafomano galanta egina naizela, egunero zeozer idatzi behar baitut nahitaez, bestela ondoeza egiten zait, bestelako zereginetan jardun arren idazteke eguna alperrik joan zaidalakoan, badut ustekabean halako ezinegon bat, goitik behera izorratzen nauena, ondo lokartzea lagatzen ez didana biharamunera arte. Gehiegi idazten dut, lanaz aparte, baina hori ezta idaztea, hori eginbehar idatzia omen da, egunero edozein idazlanerako hirupalau horrialde idatzi beharrean nago, gero blog honetan bat edo bi sarrera eguneko gorabeheretaz, Kutxipanderenean, zenbait forotan ere zenbait iruzkin gainetik bakarrik irakurriak baldin badira ere egunero ikuskatzen ditudan egunkarietan beti azaltzen baitzait zeozer iruzkinik egiteko. Nondik ateratzen dudan denbora hau guztiau egiteko? Lasai, ez naiz beti potrojorran ari, idazjorran, egia esan ematen dit dexente asko egunekoa betetzeko, bai ogibideaz, bat etxekoaz, oso azkar idazten dut-eta, horrexegatik hainbeste akats, horrexegatik ere hainbeste kaikukeria. Baina ezin dut alde batera laga, edozein gauza dela, edozein berri, bitxikeria edo pasadizo, buruan darabilkit bor-bor, gogoeta egiteari ekin behar ezinbestez eta hor nonbait bota behar gogoeta horren emaitza. Ez da aparteko ezer izango, badakit ondo asko, gehienbat gorago aitaturiko kaikukeriak derrigorrezko akatsekin batera.

Gaur ordea, Zapiaini entzundakoan erabaki bat hartu dut, utziko diot egunero etengabe idazteari, edo behinik behin saiatuko naiz benetan funtsezko edo mamizkoak ote diren iruzkin edota kontakizun aluak egiten bakar-bakarrik. Bestela ez du merezi teklari ekiteak behin eta berriro, bada denbora eder bat alperrikatzen dudana nire umeekin jolasean egon beharrean, esaterako.

Geroxeago, ordea, EA eta NBren arteko tirabiraren azkeneko berria entzun dut irratitik ere, ezin esan txunditu egin naizenik, halakoak parrastaka suertatzen baitira gure artean. Hala eta guztiz ere banuen nik sena edo albiste honen kontura zeozer idaztera bultzatzen ninduena, hots, euskal talde abertzale gehienek batera joateko duten berezko ezintasuna, noraino errotua duten bereizketaren birusa edo. Hala ere, zer dela eta denbora ere halako gauza batekin alperrik galdu behar. Izan ere, gauzok gero eta gutxiago kezkatzen naute, gero eta gehiago aspertzen naute, gero eta urrunago naute eta kitto.

Hori zen nire xedea, bai, egunerotasunaren morroi behin berriro ez bilakatzea, baina ebatziak ebatzi hona hemen ere atarramendua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...