jueves, 26 de enero de 2012

KONTAGARRI BEZAIN ADIERAZGARRI



Ni ere bat nator Harkaitz Cano idazlearekin: tortura kontagarri bihur daiteke. Hasteko nik uste Primo Leviren testigantza eta enparatuenak hildo horretatik doazela, seguru asko ondo sakondu ezkero gehiago ere topatu ahal izango dugu.

Eta ados nago ere H.Canok Argia aldizkariari egindako hainbat eta hainbat adierazpenekin. Esaterako, Badio Harkaitzek: "Gehiegizko exigentzia dago fikzioari begira, errealitatearen arauak errespeta ditzan. Mizkinegiak izan gara sortzaileekin", eta ni ezin adosago. Eta irakurri ere egin dut bere azken liburua, Twist izeneko nobela, non oinarritzen zen argi eta garbi Laza eta Zabala aferan antzerako gertakizun batetik tiraka bere istorioa taxutze aldera. Gustatu zait Harkaitz Cano oso berezko idazle saiatua baita, ikaragarri ondo eta goxo idazten du, badaki euren istorioak ondo baino hobeto ehuntzen eta hau guztiau dexente bada bere edozein idazlan goxatzeko.

Nire eragozpentxoa, egotekotan, ez dago ordea nobelan, berak nahi eta behar bezala eratutakoan ez dut uste ezer leporatzeko dagoenik, egilearen libertadea erabatekoa izan beharra dagoelakoan bainago. Nik H.C.ren liburuaren ikarkutzeari ekin aurretik Argia aldizkarian nobelaren nondik norakoak azaltzen dizkidan sarrera irakurri dut (Bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten Soto eta Zeberio. Haien lagun Diego Lazkano gertakari horiek urratuta bizi da geroztik. Harkaitz Canoren (Lasarte-Oria, 1975) Twist nobelaren abiapuntua da, gure historia hurbilaren pasarte gordinak fikzioaren ispiluan islatzen dituen istorio zirraragarria) eta honako gogoeta egin dut berehalaxe; behin berriro ETAren ingurukoak guretarrak balira bezala, behin berriro etsaia betikoak balira bezala, behin bezala alde batel sufrituriko ezbeharrak edo bidegabekeriak aintzakotzat hartzeko bakarrak balira bezala, behin berriro euskaldun zehatz, ustez jator, zintzo eta batez abertzale batzuen gorabeherak kontagarri gure azken urteotako ditxosozko errelatoa egiteko euskarazko literaturan, gainerako euskadunen bizipenak, oinazeak edo nekeak gu bezain jator, zintzo eta abertzaleak ez zirelako batere ardura izan behar ez baligute bezala. Zorionez, irakurri egin dizkiot H.C.rin ondoko hitzok eta... aitortu beharrean nago, politikarien usteaz dioena nire eginda ere, gainerako guztia apenas ulertu egin dudala...

Politikariek hitz egiten dutenean, errelato epifaniko bati buruz aritzen dira, kontakizun bakar batek alde guztiak asebete eta nolabaiteko justizia poetikoa egingo balu bezala, eta hori ezinezkoa da. Nire ustez errelato bilduma egin behar da, errelato bat ez da inoiz inpartziala izango. Askotan esaten da: “Ni saiatzen naiz liburu batean alde bateko biktimak aipatzen baditut bestekoak ere aipatzen”. Bada, nik ez dut hain garbi ikusten, beharbada Dostoievski baldin bazara egin dezakezu, baina nik uste gurea askoz gauza apalagoa dela, errelato bilduma osatzea. Eta horretan, hau da bat, oso txikia. Arriskua ikusten dut liburu guztietan halako oreka bilatzekoa, neutraltasuna; hori politikoki zuzenaren esparruan dago, eta nire ustez ez da batere erakargarria.

Badakit gai bat zein bestea hautatzerakoan nork bere sentiberatasuna duela, baina nik uste oso adierazgarria, azpimarragarria, dela euskal idazle gehienen biktimekiko sentiberatasunak zer-nolako desoreka isladatzen duen euskarazko literaturan. Desoreka hau, tamalez, soberan dago ia euskalgintza osoan, euskaraz egiteak nolabait markatuko bazintu bezala, bestelako edozein gogoeta giza-etiko edo errukigarriren gainetik eta betiere zure tribukoen alde jokatzera derrigortuko bazintu bezala. Ez du, ez, oso leku handia lagatzen euskalgintzaren ezinbesteko eta ustezko aniztasunerako. Niri ezer baino lehen pena ikaragarria ematen dit guretarrak baino ez direnak kontuan hartze soil honek, beharbada ere oso tematuta nago gaiarekin, zeharo konbentziturik euskalgintzaren taldekeria lotsagarri honek galbidera garamatzala, eta zihurrenik ere hainbesterako ez dela arropostu egingo didate, gehiegikeria galanta nik hemen botatakoa; erantzungo nieke aldiz ea azken hilbateotan euskaraz argitaratutako liburu guztietariko zenbatek hartzen dituzten aintzakotzat ETAren biktimen gorabeherak eta ez euren borreroenak.

Bestela ere, ez baldin gara Dostoievski, ez baldin bagara akatsetan behintzat izaten saiatzen, zer ote gara? Gure tribuaren tribunuak?

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...