miércoles, 4 de enero de 2012
ZIPRIZTIN GAZIAK
Floridako Jaiotzan haurrekin, aspaldi-aspaldian ezagutu nuen La Pueblako neska (dagoeneko andra peto-petoa) bat bereekin zihoala. Ama euskaraz ari zen etengabean haurrekin eta haiek (bestalde hain ohikoa denez Gasteizko ikastolakumeen artean) jaramonik ez, erdaraz barra-barra. Ama euskal giroko mobidetan ezagun nuen, bera euskategian ari zen hizkuntza jotake bereganatzen eta nire institutoko neska lagun baten adiskidea zen aldetik sarri askotan topatu ohi nuen hainbat ekitalditan, betiere euskara edo euskal giroarekin zerikusirik zutenetan. Badirudi ekinaren ekinez euskaraz egiten ikasi zuela, eta nik dakidala oso euskaltzale amorratua ere omen zen, gure belaunaldiko hainbait eta hainbat gazte arabar izan bezala, euskara gure genuela, euskara maite genuela eta euskara ikasi edo egin gura genuela. Bagenuen ere heldutakoan gure seme-alabei geure euskaltzaletasunaren lekukoa emateko asmoa edo desira. Baina, oso bestelako garaiak ei ziren, gaur egungoak baino sutsuagoak, nahastuagoak hizkuntzarekiko kontu edo arlo guztietan. Gu ginen ezberdin, auskalo onerako ala txarrerako, gaur ez naiz horretan sartuko. Egungo haurrak ordea oso bestelako giro batean bizi dira euskarari dagokionez, ikastolan edo ezein ikastetxetan ikasten dute umetatik, badakite nola edo hala egiten, gutxienez eskolak jasotzeko zein ikasgaiak gainditzeko. Eskolatik at egitea oso bestelako kontua da, nork bere iritzia omen du, badakit, haur bakoitzaren jarrerak badu zeresan handia etxean ikusi edo erakusten dietenarekin, euren ingurua euskalduna edo behinik behin euskaltzalea denentz. Hori da gehienbat eta betidanik uste izan duguna, Gasteiz bezalako hiri batean ikastolakume gehienek euskararekiko berdin joko ez dutela ikastola utzi eta gero segun zer nolako jarrera irakatsi dieten etxean, euskaldunak izatea ez dela nahikoa hizkuntzari eusteko, ezinbestekoa dela gutxieneko euskaltzaletasuna, bestela akabo, bestela ikastola utzi eta euskarari agur ben hur. Nire aspaldiko lagun hura, haatik, euskaltzale amorratua izaten bide da, ezin besterik ondorioztatu denon modura kozkortu eta gero euskaraz egiteari eusten baitio haren umeekin, berdin dio bere maila halamoduzkoa den ala edonolakoa; haurrek berriz ez bide dute oso aintzakotzat hartzen amaren euskaltzaletasuna, ez die batere ardura, eskolako kontuak gehiena jota.
Honaino nire belaunaldikoen euskaltzaletasunaren gorabeheren kontura. Hurrengo hau ere gaiarekin bat dator baina oso bestelako bide batetik. Astearte arratsaldean Pinto kaleko antzoki batera sartzera gindoazela, nire laztan asturiarra sartzeko ere iladan zegoen borono peto-peto talde batekoekin euskaraz hitz eta pitz ari zen bati zeozer galdetu eta honek goitik behera eta ezin ezkuztuzko destainazko keinu batez begiratu ostean erantzun egin zion motz eta hotz. Zer dela eta? Badirudi nire laztanak gogait egin ziela erdaraz galdetuz, ziur nagoelako, ondo asko dakidalako ere nola jotzen duten hura bezalakoek halakoetan, euskaraz egin ezkero irriparretsu, berbalapiko eta guzti, erantzungo zieketela gizalege onean. Baina, erdaraz egin zien koitaduak, erdaraz erantzutera behartu zituen espainola zikinak, euren hizkuntza eskubideen kontra egin zuen nire laztan asturiarrak Gasteiz bezalako hiri erdaldun batean.
Gehiegikeria galanta? Baliteke, baina esan bezala Pinto kaleko boronoak bezalakoak ondotxo asko ezagutzen ditut txikidandik, eta denetarik egonda ere, badira sano nabarmentzen direnak euskaldunak ez direnekin uzkur edo zakar jokatzeagatik, batez ere Gizputzerri barrenean. Badirudi nola edo hala erakutsi behar dietela erdaldunei haienganako mesprezua edo ezinikusia, ematen dute nola edo hala euren hizkuntzaren egoera kaskarraren edo mendetan bizitako zapalkuntzaren errua botatzen dietela ezinbestez, euskaraz bizitzeko ezinaren errudunak balira bezala nahitaez. Badago gainera jokaera honetan oso agerikoa den konplexu bat, hiri/kalera doan baserritarrarena, alde horretatik bere uzkuntasuna edo zakartasuna autodefentsa moduko jokabide hutsa, petrala, zatarra, litzateke soil-soilik. Izan ere, Gasteiz bezalako giroa arrotza izaten zaie, erdaldunegia, haiek gogoan duten Euskal Herriaren ametsa kolokan jartzen duena, oztopo begitantzen zaie, hori dela eta Gasteizera datozela buru gainetik begiratzen digute, haiek gainekoak bailiran eta gu ordea (gasteiztar guztiak erdaldun hutsak garelakoan) behekoak, azpi edo sasi euskaldunak, inoiz ez haiek bezain garbi-garbiak. Horrexegatik badira errotik mesprezatzen gaituztenak zein kosta ahala kosta, eta beti aitakeria ikara zein lotsagarriaz, euskaldundu gura gaituztenak, hau da: gipuzkoartu.
Badago borono kasta honen aldetik beste jokaera bitxi xamar bat, orain duela gutxi Karmele Jaio idazle gasteiztarrak salatu egin zuena BERRIAko artikulu batean; herri euskaldun batera joan zen euskaldunberri batena. Bertako euskaldun zaharrekin jardun nahi eta ezin, haiek beti erantzuten baitzioten erdaraz besteak euskaraz ari zenean, bai batua aintzakotzat hartzen ez zutelako, bai euskara euren ondare propio eta bakarra balitz bezala jotzen zutelako, inondik ez kanpokoena ere. Edonola ere, bada ordua halako jokaerak salatzeko, euskadunak berez jatorrak eta zintzoak balita bezala, euskadun guztiak berez euskaltzaleak ere balira bezala jokatzen ez jarraitzeko. Egia esateko, baldin badaude euskarari benetako edo erabateko kalte edo min egiten diotenak, delako euskararen etsai madarikatuak, ene ustetan euskaldun hauek bezalakoak omen dira ikasi nahi ez dutenak edo edozein oztopo, birao edo dena-delakoa jarri ohi dutenak baino kaltegarriagoak, zitalagoak eta batik bat gaitzesgarriagoak.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
INVIERNO A LA VISTA
T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario