martes, 29 de marzo de 2011

HITZ GIZENAK


Hitzen itxurakeria, esaten dizute "mejoratu haiz hi" eta badakizu nola edo hala gizendu edo lodito egin zarela adierazi nahi dizutela. Bada, jakina, edo ustez behintzat, gizalegezko esamolde bat oso zakarra ez izatearren, zeharkakoa. Antza denez, mejoratu hitza gerra osteko garaitik dator, noiz gosetea hain hedatua eta gogorra izan zen, ezer apurtxo bat gizendu orduko hobera egiten zenuela ematen zuen. Hortik dator "mejoratu". Edonola ere, gaurdaino iritsi zaigu gizendu den lagunari nola edo hala baina beti gizalegez edo esateko modu arin, kupidagarri edo antzeko bat. Bestela, gizendu edo loditu egin haizela esateak zakar ematen du, gogorregia. Hala ere, badaude, noski, guztiz gogorragoak, zakarragoak edo krudelagoak izan daitezkeen benetako esamoldeak, besteak beste; zerritu egin haiz? Berriro diot, ezta ez eta "txerritu" edo "urdetu" ere, "zerritu" baizik, zorrotz-zorrotz, jakin baitakigu Nafarroa aldean z hori ongi ahoskaturik baduela esanahi berezi eta bizia: ñabardura.

Nolanahi ere, eskertzekoa da oso hitz honen atzean dagoen benetako esanahia. Entzun orduko badakizu zer adierazi nahi dizuten, badakizu ere ez direla zuzen-zuzen esatera ausartzen gizendu zarela, gutxienezko gizalegez jotzen ari direla.

Dena dela, sarri askotan ezin dugu igarri adierazi nahi digutena halako hitzon atzean, somatu bai, gura adina, esate baterako, eta nire gauzei dagokienez, behin baino gehiagotan esaten didaten nire buruei buruz oso perpaus luzekoak direla, jorratzen ditudan gaiak aspergarriak direla, eta orduan bai, orduan ezin hobeto antzematen diet ez zaizkiela batere gustatzen. Axola dit, bai, eskubide osoa dute gustuko ez izateko, noski. Alabaina, baldin badago hitz gizen bat benetan atsekabetzen nauena, hori da nire liburuak oso landuak direla, landuegiak. Kezkatu, harritu eta aztoratzen nau halakorik entzuteak nik inork baino hobeto dakidalako ez direla horrelakoak, oso arruntak baino. Horrexegatik diot "mejoratu" hitza ez dela itxurakeria, zintzotasuna baino, mejoratzen ari zarela esaten dizuten aldiro nola edo hala hobe egiten zaituzte; kultoegia zarela esaten dizutenean, ordea, ezin asmatu egia, susmoa zein mesfidantza beti nagusi, ez ari dira seriotan, gizendu zara majo.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...