jueves, 10 de marzo de 2011

MOZORROAK


Gaur goizean, behin berriro Euskadi Irratian entzunda, orain dela gutxi ebatzitako euskal lurraldeen izendapen ofiziliaren kontura, hau da, euskera hutsezkoa. Bazioen Carlos izeneko hizlariak berari ez zitzaiola batere gustatzen halako aldaketa, hizkuntza mozorroketa hutsa begitantzen zitzaiola, Arastostearekin zerikusik ez duen mozorroketa. Ezin adosago Carlosekin (sentitzen dut, ez naiz abizenaz akordatzen, goizetan eta irratia piztuta eta lanean ari naizela aditu baino gehiago entzuten ari naiz-eta), halako izendapen ofizialek gauza bakarra egin dute: gure hizkuntza errealitatea mozorratzea. Bazioen ere nahiago zituela Euskal Herrian barna sakabaturik eta aintzinatik erroturitako erdal izenak erdaraz ari zela taxuz erabiltzea, San Sebastia, Vitoria, Lejona, Renteria eta abar luzea, euren euskarazko ordezkoak baino. Bestalde, halako hizkuntza mozorroek oso gauza negargarri bat erakusten zuten: euskararen ahulezia. Zeren eta euskeraz jardun edo ikasi beharrean jende asko eta askok euskarazko hitzak erdaraz erabili nahiago baititu euren euskaltasuna nola edo hala aldarrikatzearren. Tamalgarria bai, batik bat ondo asko erakusten duen ezjakintasunaren zantzuagatik. Edo are okerrago, bai toponimoei dagokienez zein eguneroko bizimoduan erdaraz etengabe erabiltzen diren euskarakaden kasuan (me voy a Iruña con los aitas a hacer las erosketas...), ezjakitasunaz gain, oso jokabide bitxi eta makurra antzematen baita; itxurakeria, euskal planta egiteko joera hizkuntzaren gabezia nolabait ezkutatzeko edo.

Izan ere, gero eta ageriago begitantzen zait oraingo zein geroko benetako euskaltasunaren muina, funtsa, itxurakeria besterik ez dela, batez ere kanpokoen aurrean euskal itxurak egitea, inondik ez hiztun bezala zuzen eta jator jokatzea: ahal dugun gehienetan euskaraz aritzea; ez gara gauza euskara nahi edo ahal izan adina aritzeko, orduan mozorratzen dugu gure benetako edo eguneroko hizkuntza ia bakarra euskarazko zipriztinez: erdara. Edonola ere, beste itxurakeria bat euskararen zerraldoaren gainean pilatzeko.

Benetako elebidunak dakizkien bi edo auslalo zenbat hizkuntzetan gizon ikasia izan behar du ezer baino lehen, bi hizkuntzak ahalik eta ondoen ezagutu eta erabili beharrean dago, eta batez ere biak berdin-berdin errepestatu eta agian ere maite ere behar lituzke. Horrenbestez, eta oso kontuan hartuta Euskal Herrian ere erdarak badituela bere zustarrak, antzinateko erdal izen jatorrak gainera, latinetik eta bere ondorengo hizkeretatik sortuak, geure-geureak ere direnak, batez ere gure arbasoek ere erabili zituztelako, baita gugana iritsitakoak ere. Horrela izanda, ezin ahaztu gaur egungo kasu askotako izendapen elebiduna (Vitoria-Gasteiz, Mondragon-Arrasate, Salvatierra-Agurain-Puente La Reina-Gares eta abar) oso berria dela, gaur egungoa gehienbat, liburu zein artxiboetatik berreskuraturiko euskarazko izen zaharrak, askotan ere ustezkoak bakar-bakarrik (Agurain, Gares, Gasteiz eta enparatuak Caro Barojak ederto erakutsitako latinezko erro ukaezina dute-eta). Erdara, gaztelera zein frantsesa, bertako hizkuntzak ere direnez gero, euren ondarea, izan ere berezko euskal ondarea, gorde eta erabili behar genuke erdaraz ari garela. Niri behintzat ez zait batere laket erdaraz Arrasate esatea, Mondragon hitz txit ederra (Dragoiaren mendia) egokiagoa egiten zait-eta, eta berdin suertatzen zait gainerakoekin. Euskaraz ari garela, ordea, gogoratu ere behar genuke euskarazko izen berri edo berreskuratuok oso egokiak direla euskaraz egiterakoan, nik behintzat erabiltzen ditut gustura; baina, euskal tradizioari erreparatu ezkero, onartu beharrean gaude ere erdarazkoak nagusi izan direla mendetan zehar, sarritan ere euskarak propio moldatuak, bestela hartzazue gogoan honako adibide txukunak:

Salbatierra
egun ei dago tristerik,
oita dabela
egiten asko negarrik,
zerren jarri da
guztia destruidurik.

(Joan Lopez de Lazarraga: Salbatierrako Erreketa)


Eta hala izan bazan,
sar dadila kalabazan
eta ager dadila Derioko plazan.
Hori hala bazan,
sartu dadila kalabazan eta
atera dadila Bitoriako plazan ...

(Herrikoia)

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...