lunes, 17 de enero de 2011

GASTEIZEN ERE JALGI HADI PLAZARA


Badakit halako berriak ez zaizkiola oso gustuko gure hiriko askori, halakorik entzun orduko beherala susmo txarrak sortzen zaizkiela euskararekin zerikusik duen ororekin gertatu bezala. Areago, euskararen aldeko edozein ekimen iragartzekotan badute prest nolabait arbuaiatzeko edo errotik zilegigabetzeko hainbat aurreritzi edota haien interesen aldeko bakarrik den libertade baten aldarrikapen, nik ez bezala pentsa ez duen guztia ez zeun existitu ere behar... Gehienetan euskararen aldeko ekimenok baztertzaileak edo alderdikoi hutsak direla adierazi nahi digute, albisteok gizartea zatikatzeko joera alderdikoi garbi baten seinale direla eta abar, gizartea indarrez euskaldundu nahian gabiltzala, eta are okerrago ere, nola halakoetan sarritan haurrak helburu diren, hauen kalterako direla sinestarazi ere nahi digute, euskararen bizirautearen aldeko edozein aurrerapausoren antzera, ez zaie atsegin, etsai baizik, baina jakina, alderdikoiak beti dira gainontzekoak...

Ederto, gorroto edo gutxienez batere estimatzen ez gaituenari jaramonik ez, nor bere bidetik, gu goaz aurrera saiatze hontan ekin eta ekin denok batera, poetak zioela. Nik uste bereizten jakin behar dugula nondik datozkigun dardo pozointsuak eta nondik zirto zentzunezkoak, non dagoen bihotz oneko kritika edo non bestela egia erdi ustela.

Zertara datorren hau guztiau, orain dela gutxi ARGIAren weborrian irakurritako albiste honen harira: Josebe Blancorena izan da “ideia zoroa”. Hedabideen bitartez egin zuen deialdia: “Gure seme-alabei Gasteizen euskaraz jolasteko aukera oparitu nahi diegulako bil gaitezen azaroaren 6an”. Hamahiru familia elkartu ziren.

Josebe Blancok eta Luismi Atxak hiru urteko alaba dute, Maddi. D ereduko eskolan dago izena emanda. Hala ere, nekez hitz egin dezake euskaraz albokoekin, gaztelaniaz egiten baitiote ia denek. Lakua auzoan bizi bada ere, Alde Zaharrera doa eskolara eta hiru haur euskaldun ditu ikaskide. Etorkinak dira asko. Jatorriaren arabera, gaztelaniaz, arabieraz, euskaraz edo woloferaz egiten dute. Elkartzen direnean berriz, D ereduko haurtxoek gaztelaniaz egiten dute. Sozializazio garai bete-betean dago Maddi txikia, elebakarra da eta beraz, gaztelania hiztunez inguratuta ez dago eroso, ez ikastetxean ezta kalean ere.


Ene ustetan ez du ezertan "ideia zororik" izan behar, oso zentzunezkoa, taxuzkoa, baino. Bagara euskaldunok Gasteizen ehuneko ia berrogeita hamarra eta gure presentzia kaleetan oso-oso apala, xumea, ez baldin bada parkeetan haurrekin zein txakurrekin berbetan nekez antzematen gaituzte, askori ez gaitzaizkio ikusgarri ere izaten, Gasteiz hiriburu zeharo erdalduna dela aldarrikatzen dute harro-harro edonoren aurrean, eta hori, jakina, estadistikak estadistika, zenbaki batzuk goera ala behera, gezur borobila da, osoa. Asko gara, baliteke ehuneko horretaik behera ere, berdin dio hala eta guztiz, baina izan bagara gure hirian ikastola, euskaltegi, etxeko edota edozeri esker euskaldun. Badugu, ordea, premia dakiguna bainoago maite duguna kalera ere ateratzeko, gehiena jota Gasteizkoak ixilpeko euskaldunak gara, euskera kultur tresna bezala edota lagun giroan bakar-bakarrik erabiltzen dugun aldetik. Bada garaia Gasteizen ere Etxepareren hitzei erreparatzeko, jalgi hadi Gasteizko plazara. Horretarako, ordea, hau bezalako ekimenak ezinbestekoak dira benetako familia euskaltzale ororentzat, jakin badakigu gehienok euskaraz bizi ahal izatea oso-osorik ez dugula helburu, ez dugula inolako asmorik gaztelera bertan behera baztertzeko, ezin genuke ere, nagusi gehienon kasuan ere ama-hizkuntza dugunez, baina euskaraz, eskola hizkuntza edo dena-delakoa izanda ere, ahalik eta bizitzaren esparru gehienetan egin ahal izateko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, euskaraz edozein arlotan edo profesionalekin egin ahal izateko, gure bizitzaren erdia bakarrik euskaraz baldin bada guztiz pozik asko geundeke, hori baita itzelezko aurrerapausoa gugan behintzat benetako gizarte elebidun baten oinarriak jartze aldera.

Horrexegatik ere halako ekimenak gizarteak berak eraginda izateak izugarrizko garrantzia du, badelako garaia euskarazko premia guztiak asetzeko erakunde publikoetatik espero behar ez izateko, irrikitan duguna guk geuk gauzatzeari ekiteko, euskaldungo eragilea izateko, aktiboa, ez orain arte bezain pasiboa. Bestela, halako ekimenok sortzeko gauza ez baldin bageunde, zer nolako zentzu izango luke hainbat eta hainbat haur gasteiztar euskalduntzeko ahaleginak, zer nolako porrota edo zorakeria garestia hiriko berreuskalduntzearena, zer zuzen asmatu luketen gure hizkuntzaren kontra etengabe ari direnek, euskararen alde xahutzen den oro alperrikakoa dela esanez. Ekileok, ordea, badirudi oso argi eta garbi dituztela euren lehentasunak zein zailtasunak:


Ume horiek guztiek euskaraz ikasten dute, ama hizkuntza euskara dute eta gurasoak euskaldunak. “Jolas parkean euskaldunak elkartzeko beharra daukazue?”, galdetu diogu Blancori: “Zuei, agian, martzianoa irudituko zaizue egiten ari garena, ume euskaldunak bereizi eta jolasteko elkartu, baina guk nahi dugun gauza bakarra, beste haurrek beren hizkuntzan duten bezalaxe, gureek euskaraz aritzeko aukera izatea da”. Ideia izan zuenean lagun batzuekin komentatu zuen eta galdetu zioten ea ziur zegoen egin behar zuenaz, ez ote zitekeen izan arrazista, snob edo sabinista. Blancok aitortu du beldurra bazuela, eta horrelako deialdi bat egitea tristea iruditzen zaiola, “baina momentuz ez dut beste biderik aurkitu”, auzoka ume euskaldunen sarea antolatzea baino. Eskolaren mugak eta zailtasunak gogorarazi ditu Maddiren amak. Badira D eredu naturala eskaintzen duten ikastetxeak Gasteizen. Bertako haur denak euskaldunak direla ziurtatzen dute, gero beti hala ez den arren. Talde txikiak izaten dira eta gelako ratioetan ez dira sartzen; bertan behera geratu ohi dira gela horiek. Ghettoak sortzeko arriskua behin eta berriz jartzen da mahai gainean. Beste joera bat da, haur euskaldunak gaztelania hiztunekin eta beste hizkuntzetako hiztunekin nahastea, ume euskaldunek ikaskideen artean euskara zabal dezaten. Blancok argi dauka: “Hizkuntza politikek lortzen ez dutena nola lortuko dute bada txikitxoek?”. Haur euskaldunak batzen badira batzen direlako eta batzen ez badira batzen ez direlako, ez da erraza euskara erabiltzeko aukerak sortzeko bideak aurkitzen. Hori bai, ama hizkuntza euskara dutenak gaztelania hiztunekin egonda “gure haurrak beti galtzaile”.


Esan bezala, ezari-ezarian baina etengabean euskara jalgi hadi plazara.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...