miércoles, 5 de enero de 2011
GAU HUTS ETA LUZEAREN ELDARNIO NAHITAEZKOA
Itzuli gara, bai, hondarrean, ozta gurasoenean zer egin ez genekiela, zeharo gogait eginda geundela egunak pasa ahala zure aitamen egunerokotasunean jausten hasten baitzara ustekabean, eta orduan, ai ene!, bai gauza gogaikarria, sekula ospa egin ez bazenu bezala baina zure emazte eta semeekin batera.
Eta gutxi baliz bezala, aurtengo gabon zaharra inoiz baino goibelagoa izan da, zerbait esatekotan, zeren egia esan itzelezko samingarria izan baita, ezin zen gainera oso bestelakoa izan kontuan hartuta gure nagusien etengabeko zaharkitze begi-bistakoa, ohitura txarren erabatekotasuna. Hori eta betiko leloak, amaren gaixotasuna, larrialdi zerbitzuan igaro genuen astelehen goiz osoan hirurok, gurasoak eta ni, aitaren ia guztiarekiko arduragabekeria gero eta nabarmenagoa, semeek jolas eta batez ere goza zezaten ume falta ikaragarria, ezari-ezarian nahiz etengabe amiltzen ari den gurasoen etxea, gainbehera baten ikur ageriegia, inoiz gauzatuko ez diren ametsekiko erresumina.
Tira ba, zertarako jarraitu, bueltatu naiz ni behintzat nire erbestera, non doi-doi ezer ez zait gertuko, non ezkuturik bizi naiz nere zereginetan, non zoriontsua izaten saiatzen naiz egunero sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik. Jaioterrian ez, bertan ia dena ezagunegi egiten zait, bertan malenkoliak behin eta berriro gogor jotzen nau bizi osoko alderdietatik iragaten naizenean, bertara ailegatu orduko nire aldarte aldaketa berebizikoa da, bertan nagoela ia beti ezinegonean, auskalo zer dela eta atsekabeturik, arteak hartu ezinik. Iraganak min egiten dit, baliteke, baten batek jakingo benetako zioa, nik ez, nik bakarrik pairatzen ditut itzuleraren ajeak, atzean utzitako bizitzaren kitatu gabeko zorrak, galtutako aukerak, joandakoen gomuta, geratzen zaizkidanen gorabeherak, bizitza benetakoak bertakoa izaten jarraitzen bide du-eta, iraganeko bizipen guztien antzera.
Gero badakit zentzugabeko malenkokia honen muina neguak eraginda dagoela hein handi batean, ia dena neguan izaten delako, neguko lorea da nire tristura, hain hunkibera izanda besterik ezin dut espero, esan nahi dut alegiazko malenkolia honez gain, dena itxura baita, beldurrak nagoelako bai, hasi berritako urtea ez dela izango espero bezain ona, agian joandakoa baino okerragoa, eta hau ezta izan batere ona nire gauzetarako, badirudi ekin diodan bidetik at nagoela, bota egin nauteka auskalo nortzuek, krisialdia izan dela diote, nork jakingo, krisia da nire bidaide kuttuna, aspaldi handitik hasten naizen guztia aldez aurretik porrotera kondenaturik dagoelakoan bainabil. Eta atzera eta ez aurrea, gezurra, maldan behera goaz agudo biluzik eta guzti, hori da egia, gainerako guztia atxikitzea behin izan genuen amets ero bati, noizbait esnatuko, zerbaitek iratzarriko, nola ez dakit, ez dit axola.
Baina ez etsi, esan behar diot nire buruari, badakit oraingoa etxean bakarrik geratu izanaren ondorioa dela, lehioaz bestalde euritsu eta ilunpetsura begira egoteak eraginda, inoiz oso alaia edo bizigarria izan ez den musikagile baten notak, gau huts eta luzearen eldarnio nahitaezkoa, irakurtzeko falta zaizkidan Leteren poemak.
Neguan izan zen
oinazearen malutek
lurra zuritzen zutenean
eta elurra hilator errukitsu zenean,
orduan joan zinen
hain maiteak zenituen hartxoriekin batera
mihiseak hotz gelditu ziren
eta etxe bakartian zure aztarrenak
bazter guztietan, horma esankorretan
irrifarre leun haiek
eta bizitza baten argazkiak,
neguan izan zen
eta espanturi gabe alde egin zenuen,
isil, zuzen, jakitun, jabe
bizi zaitez, esan zenidan
saia gauza ederrak, maitatu jendea
eta ni... ni itxaroten egonen natzaizu.
Zer naiz orain, esaidazu
fereka nazazu
zure leialtasunaren hatz sotilekin
neguan izan zen
zu aldendu zinenean
ni erre urrun nago orain
eta bila nabilkizu goizaldeko ordu isiletan
dirudien guztiaren beste alderik
neguan izan zen.
Xabier Lete
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
UN POLVO MAYESTÁTICO
Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario