miércoles, 19 de enero de 2011

EGUSENTIAREN ESKU IZOZTUAK ETA KEZKATUAK


Agindu nion nire buruari zeozer idatziko nuela Xabier Leteren Egusentiaren esku izoztuak berrirakurri orduko. Ez dakit ba, aspaldi banabil dezente gogogabeturik. Esan bai poema hauen birrakurketa aurrenekoa baino zorrotzagoa izan dela, noski, Leteren heriotza gertatu eta gero berari buruz erruz idatzi baitute, denetarik gainera. Ezin nuen, beraz, gogotik kendu Leteren bizitzari buruzko hainbat zertzelada, guztiz errotua zegoena liburuko poema askorekin, gehienekin. Udazkenekoei derrigorrezko malenkolia ederra darie, Joan Zirenei atalekoek badirudite adiskidetasunezko sentimenduaz eginak, hau da, bihotz-bihotzez, Obabako lurraldeari begira irakurtzen duzunean herri alu honi buruz Letek hor nonbait esan edo idatzitakoa gogora ekarri behar duzu nahitaez lerro artean irakurtze aldera, eta kontuan hartuta hartu beharrekoa Neguan izan zen ataleko poema ia gehienak dira erabat hunkigarriak, mingarriak ere bai, oso gainera. Zerbait azpimarratzekotan, baina inondik ez kritikarik egin asmotan, zer dela eta nik egin behar halako gauza itsusia, zenbait listopasatu edo handiustekoren parean jarriko nindukeena, gehien hunkitu nauena blogeratuko nuke, bai bertan somatu dudalako Lurdesekiko amodio ikaragarria, zoragarria, txundigarria, bertan poesiaren egiazko hitz zorrotzak inoiz bainoagoako direlako, maitasuna sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik sentimenturik ederrena delakoan, bertan egilearen baitan gauzatzen, eramoldatzen, somatzen, iragazten zen oro datzalakoan. Edonola ere, baliteke ere poema horrek nagoen bezala egonda ere bete-betean jo ninduelako. Erakarri bainoago uxatzen ari gara anai-arrebak ere ditugunak, eta are okerrago, gurearen egiazko etorkizuna kolokan jartzen dugu borroka honetan gu izango baikara duda izpirik gabeko galtzaileak.

Izaki harrigarriekin joan zinen...

Gero badago beste motibo bat Leteren poesiarekin batera negua etengabekoa dela sinesteko, herri alu horretan ia dena gero eta gogaikarriagoa begitantzen zaidala edonon, ematen du azalez zeozer ezari-ezarian aldatzekotan dagoela, baina gero somatzen duzula ezetz, ez dela hainbesterako, gehienean aurreneko bidetik goazela, ez dela elkarrekin konpontzekorik, nor bere lubakian jarraitzeko prest dagoela ondokoari ezer aitortzeke, gero eta sakonago banatzen gaituen marra amildegi bilakatuko dela guztion errugatik.

Bazetorren albistea gaur bertako egunkari oso ezagun batean, ehuneko laurogeita hamaikak huts egina zuela administrazioan lan egiteko euskarazko azterketetan. Datu benetan ikaragarria, batik bat susmagarria. Baina benetan atsekabetzen ninduela, ezin dut txunditzen edo harritzen esan, denok ondo asko baitakizkigu euskal gizartearen nondik norakoak, egunkari horren weborrian azaltzen ziren iruzkinak, gehienak, jakina, euskararen aurka. Jendea, erdaldun jendea gehienbat neke-neke egina dago euskararen hainbat arlotarako ezinbestekotasunarekin, zer esanik ez euren seme-alabei laguntzen saiatzen direnean eta alperrik, ezin dute nahitaez euskarazko eredu batean matrikulatu egin behar izan dituztelarik, beraiek hain erdalzaleak izanda, txikitan joan ziren ikastetxean bertan, inoiz euskerarik entzun ez zuten hirian edo inork bene-benetan euskara aintzakotzat hartzen ez duenean. Ulertzekoa da gainera, ez dakite euskaraz, ez dute maite, euren bizian zehar hizkuntzarekin duten harreman ia bakarra oztopo edo jakin-hesi baten modukoa omen da. Hala eta guztiz ere euskaltzaleek bainoago abertzaleek Euskal Herria euskaldun izan behar dela aldarrikatzen dute, behinola edo izan bezala. Gehiengo abertzale honek eskatzen die euskal hiritar guztiei euskara ikas eta maite zezaten. Ez du buru buztanik, ezin zaio inori eskatu berez arrotz duen edo gertuko izanda ere maitatzeko, konbentzitu bai, horrek suposatzen baitu saiatu behar garela gainontzekoak guganatzen hainbat bihotz oneko edo senak agindutako bitartekori esker, beti gizalegez eta geurea benetan erakargarria egiten. Besteak, ordea, galbidera garamatza. Nik behintzat argi eta garbi daukat, erdaldunaren euskararekiko arduragabekeria nahiago dut gorrotoa baino, lehenengoari gutxieneko begirune bat eska niezaioke, bigarrengoari inondik ez, ez legoke gertu niri inolakorik erakusteko, euskara oztopo bainoago etsai duenez, ni ere, euskaltzalea naizen aldetik, berdin nindukeen bezala.

Ez nuen Leteren poemategiari buruz hitz egiteko gogorik, izoztua nuen gogoa, baina hala ere gaur inoiz baino gehiago Leteren Izarraren Hautsak gogoan, belarrian behintzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...