jueves, 27 de enero de 2011

LUR JOTA ALA LURRAK JOTA?


Greba eguna sorterrian, badago nire ustetan motibo franko kalera oihuka ateratzeko, ez dakit ordea sindikatuen atzetik joateko, euren leloak aldarrikatzeko, baina bai behintzat krisialdi luze eta zorrotz honek eragindako hainbeste bidegabekeria edo gehiegikeriaren kontra, hau guztiau gauzatzen/bultzatzen/onartzen/hedatzen duen sistemaren nondik norakoak kolokan jartzeko. Berdin dio, gaurkoa betikoen festa eguna izango da, betikoek aldarrikatuko dute beti aldarri dutena, gainontzekoak, gehienak, euren etxe zein lantokietan bero-bero badaezpada, baliteke okerrago egotea eta ezin diogu aukera horri eutsi. Bien bitartean berri txarrak edonon eta edonoiz, etengabean. Aspaldi honetan zabaltzen duzu edozein egunkari eta albiste gehienak negar egiteko modukoak dira, eskubide ia guztien murrizketak, hainbat enpresaren porrota, negozioen etengabeko itxierak, langileen kanporaketak erreskadan, boteretsuen gehiegikeriak-eta, gero eta atzeruntzago goazen zirrara/sentipena.

Dena ezkorra, dena negargarria, etsigarria, dena putzu beltza, noraezean, ametsen erabateko porrota. Eta hau guztiau dezente ez bailitzan, zure inguruan ere somatzen duzu giro hits eta ustel honen zantzurik, apur-apurka birrintzen den mundu baten azkeneko hatsa. Sorterrira begira eta dena ere ezin beltzago, bortizkeria edota krimena baliabide zituztenak azkenetan omen daude, baliteke, baina gedatzen zaigun gizartea gaixorik dago, sendatzeko bidean ote? Gaurkoz ez dakit nik ere tratamentuan asmatu dugun, herri honen zakiteka edonon somatzen baitut, gero eta erabatekoagoa, gizarte txit zauritua baita, bi zati handitan puskatuta, elkar ikus ez dezaketen bi giza talde guztiz bestelakoak, atzoko borreroak eta betiko biktimak, alde batekoak eta bestekoak, zuriak eta beltzak, gutarrak eta bizitzea ere merezi ez zuten guztiok, oraingoz ez dago erdibiderik, urrun dago, oso, batez ere behin eta betiko batuko gintuzkeen elkarrekiko errukitasuna.


Elkarrendako mendekua, elkar ezinikusia, elkarri mokoka, biraoka, erdeinuka jarraitzeak bide bakarra ematen du. Nor bere lubakian eta denok elkarren kontra, barkazioa hitz debekatua, gorrotoa lege bakarra eta betirakoa, kupida/errukia/urrikalmendua ez dago gure hiztegian, bestearen arrazoiak orain eta beti oker, etsaien beharrean gaude gure jarrerak nolabait zuritzeko, ezin zaio etsaiari ezer onetsi, ahultzen gaitu gurean amore emateak, gure okerrak aitortzeak, beti lehenengo bidetik, beti aurrera, ezin da atzera begiratu, zertarako ote?, gogoeta egitera behartuko gaitu, zenbat min, zenbat kalte, zenbat pena eragin dugun jabetzera, zer-nolako oker geunden onartzera, ez dugu gogoetarik egin nahi, bihotz gogorreko herria gara, eta are okerrago, tristeago, beltzago: gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak...

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...