miércoles, 21 de diciembre de 2011
ALJERIAKO GERLAKO EUSKALDUNAK
Banuen, bai, behekoa nolabait ilustratzekoa, eskatu didate eta nik ere gaia gogoko dudanez zeozer blogeratu nahi nuen aspalditik oso ondo ezagutzen ez den atal bat baita, nik uste Iparraldeko gauza gehienekila gertatu bezala, zeren ez baldin baitute zerikusi zuzena Hegoaldekoekin aitatu ere ez dira egiten, edo bertzela errada, ez ditugu gure historiaren parte ere balira bezala, ez ditugu aintzakotzat hartzen. Eta merezi dute egiatan kontuan hartuta izatea, batez ere Ipar Afrikara joandako hainbat eta hainbat eskualdun laborarik euren bizipenak-eta euskaraz jorratu egin baitzituen itzulitakoan, bai bertsotan zein lerrotan.
Honakoa euskonews weborritik aterata dago eta Xipri Alberbidek eramoldatua:
Aljeriako Gerla eta Euskal Herria
Aljeriako gerla, 1954-1962 urte artean gertatua, duela berrogei bat urte hots, oraindik gai bizi bat gelditzen da. Pasioak oraindik altxatzen ditu arrazoi ezberdin eta ainitzengatik: Frantziak galdu zuen gerla bati pentsa arazten du; Frantziaren jokaera zikina ere maiz aipatua da. Oroit arazi behar da ere, maiz, historian, bi belaunaldi pasatzen direla gerla baten gai ezberdinak askatasun osoz aipatu aintzin: “urruntasun historiakoa” dioguna, beharrezkoa batzuek dionez. Baina azken puntu honek bere alde tzarrak ditu: lekuko “zuzenak”, gerlarenak, emeki emeki badoatzi, oinarri historiko aberats bat hots.
Aljeriako gerlara, horien soldaduskaren egitera igorriak ziren Frantses gazteak (Euskaldun ainitz horietan), bi urte eta erdi han pasa behar zutelarik (30 hilabete). Gehienak 21 urterekin partitzen ziren, baina batzuk “surcitaire” izanik, horien ikasketak bukatuta joan ziren, doi bat zaharrago, 23-25 urte artean zirelarik. Gaur egun, soldadu joan ziren horiek 70 urte pasa dute gehienek. Mihiak poliki poliki libratzen ikusten baditugu ere, ez da hain errexa bere lekukotasuna plazer handiarekin eman nahi duen baten atxemaitea. Maiz, gerla horretan asko sufritu dutenek ez dute horien burua erakusten, amets gaixtoak berriz etorriko zaizkiela eta.
Alabaina, lan honen mamian ez dira bildutako lekukotasunak –batzuk bildu baditut ere–, baizik eta aldizkari bat, Eskual Herria: Bulletin périodique des Basques d’Alger1. Bihilabetekari hori, dena euskaraz, 1958-59 urteetan agertua Aljeretik, 400 bat soldadu euskalduneri banatua zen. Aldizkari honi hurbilagotik so egin aintzin, on lizateke aipatzea nola aurkitu nuen.
Hasiera batean, badu orai urte bat, Renotik (Estatu Batuak: han ikasle bainiz) Euskal Herrira buruz abiatu nintzen aldizkari baten atxemaiteko ideiarekin, Eskual Herria izenekoa, Aljereko Euskaldunek ondua. Horrentzat, Parisen gelditu nintzen eta Bibliothèque Nationale de Francera joan. Eta han zer pozik nintzan ikustea urtekari bat bazutela listatua, izen berarekin, Aljeretik partitua, Eskual Herria: Bulletin périodique des Basques d’Alger. Baina ezin aurkituz pasa ditut hiru egun han: dokumentuak galdu zirela erraiten zautaten (!). Ai zer desilusioa. Parise utzirik, Xibero xokora ailegaturik (etxera hots), nire bilaketa jarraitu nuen, Aljerian soldado joan ziren batzuk kontaktatuz, eta hango Euskalduneri buruz zerbait entzuna zuketela pentsatuz. Hara nola Xipri Arbelbidek2 erraiten didan baietz, eta hori baino hobeto, bere etxean nik bilatzen dutan aldizkariaren zenbaki guziak badituela!!! Oi zer boztarioa. Beraz bere etxera noa, dokumentuak nirekin eramaiten ditut, fotokopiatzeko, eta laster ohartzen naiz ez zirela nik bilatzen nituenak. Nahiz eta ber izena ukan, bata urtekaria zen (nik bilatzen nuena), bestea bihilabetekaria (Xipri Arbelbidek bildu zituenak). Bata hango Euskalduneri zabaldua (han bizi zirenak), bestea han soldadu zireneri zabaldua. Hasieran bilatzen nuena ez izanik ere, zer altxorra nuen begi aurrean. Hara nola erabakitzen dutan lan baten ontzea honi buruz.
Bihilabetekari hori soldaduek bidalitako gutunez osatua da, horien soldaduska Aljerian egiten zutelarik, Aljeriako gerla zela eta. Aldizkari hau nola sortu zen? Zer diote gerlari buruz, hango jendeari buruz? Nire lan hori hiru zatitan bereizitua da. Lehen partea aldizkariaren historiko labur bat izanen da, bigarrena edukiaren analisia bat izanez eta azken parteak pentsaketa orokor ezberdinak bilduko dituelarik.
Lehenago errana izan den bezala, aldizkaria da lan honen mamia; baina horretarik ateratzen diren ideien osatzeko, lekukotasun batzuetan oinarritu niz ber denboran, nik bilduak ala argitaratuak izan zirenak.3
Eskual Herria aldizkaria: historiko labur bat
Xipri Arbelbiderekin solastatzean, aipatu zidan aldizkari honen sortzailea Mixel Itzaina zela, Itxasukoa. Ondorioz deitu eta bere etxera etortzeko erran zidan. Hori egin nuen 2005eko uztailaren 30ean, larunbatarekin, goizeko 10etatik eguerdi arte. Mixel Itzaina, 1933ko azaroan sortua, Aldudekoa sortzez, urte batzuk Maulen erakasle pasa eta, Kanboko herriko etxean lan egin du 29 urtez. Bere ikasketak bukatuta, 25 urte zituela, soldaduskaren lehen urtea Frantzian eta gero Alemanian pasa eta, Aljeren egon zen urte bat eta erdiz.
“1958ko urtearen hastapenean Aljer hirian soldado izanez, pentsatu nuen Aljerian ziren Euskaldun soldadoek plazer izanen zutela elgarren berri jakitea eta hori euskaraz, hola, iduri baitzizautan, elgarren berriek, hobeki, Euskal Herri ixkin bat eremanen zutela Aljeriako erroitz haundi hetan barna”4. Zenbait zuzenbide bildu eta, Mixel Itzainak galdetzen zien beren berriak hari hel araztea, gero harek barreatuko zituelako deneri aldizkari baten bidez
Mixel, Aljerian zelarik, bulegoetan ari zen, foyera taz arduratzen, bai eta ere ixtripuetaz. Caserna batean zen hots, baina ez Quartier Généralean (QG). QG horretan bazuen lagun batekin lan guzia egiten zuten. Aldizkariaren banatzeko, armadako posta erabiltzen zuten, bai eta ere armadako materiala aldizkariaren antolatzeko (papera, kola, joiteko makinak). Mixeli galdetu diodalarik aldizkarien plazaratzeak bazuenez kostu bat, hara bere erantzuna: “Ez, baina armadan ez zen pagatzen. Nik ez nion inorri deus galdetzen. QG hartan nire lagun bat zen, eta nik ez nakien maxinan joiten, berak bai. Gero papera eta dena armadan hartzen ginuen. Helbideak eman, kolatu”, hau zen horien lana, bai eta ere aldizkaria antolatu, denbora asko hartzen zuena.5 Baina 1958ko urriko alean, irakurtzen da papera ez zaiela gehiago emanen deusentzat, 200 libera pagatu beharko dela urtea. Ondorioz aldizkariaren kudeazale berria den Frantxoa Gaztanbidek dei bat igortzen du euskaldunei paperaren pagatzean parte har dezaten.
Aldizkari honentzat, Mixelek ez zuen baimenik galdetu. “Ez nuen baimenik ... Aljer hirian buletin bat Eskual Herria izenekoa bazen jadanik han, hango Euskaldunena. Eta orduan haien babesean egiten genuen hau”. Lekukotasun honi esker, niretzat misterio bat zena azkenean argitzen zen: bi aldizkarik ber izena izaitea, ber hirian. Hango Euskaldunena, urtekaria, 1953tik agertua. Soldaduentzat ateraia aldiz, 1958 eta 1959 urteetan agertzen zen, bi hilabetero. Mixel hango Euskaldunekin harremanetan izanki, bere aldizkariari ber izena emaitean, aldizkaria hango Euskaldunen elkartearen babesean emaiten zuen, debeku arrisku guzien baztertzeko (armadaren zentzura azkar baitzen). 1958 urte erditsuan, aldizkariak beste izen bat hartzen du, Eskuz Esku: Lien d’amitié des militaires basques.6 Lehen lerroetan hori irakur daiteke: “Izenez kanbiatuagatik gure agerkaria ez da izanez kanbiatu. Izen berri honekin erran daukute gutarteko zerbait geiago emaiten giniola gure lokarri chume honi. Agian bai!”. Baina ez du luzaz iraunen, hurrengo alean izen ohia berriz agertzen baita. “Azkeneko aldian Eskuz Esku zaukan izen gure Eskual lokarri honek (...) Gure kazeta eskuaraz egina baita oso osoa “Action psychologique” delakoak emaiten daukun laguntzaren ordain galdatu dauku norbait edo hobeko biltzarre bat jar dadin hor emana denaz berme. Darraidou Aljerko Eskualdunen presidentak onartu du gure izenean mintzatzea, baina bichtan da hortakotz haren biltzarraren izena obligatiak ginela emaitea gure kazetari, soldado aintzindariek hola galdaturik”. Ohartzen gira beraz aldizkari hori armadak kontrolatzen saiatzen zela, neurri batzuk hartuz, euskaraz izanki kontrola eskapatzen baizitzaion.
1958ko urrian, Mixel etxera sartzen da eta beste soldado den batek segida hartuko du urte batez, Frantxoa Gaztambidek, gaur egun Donibaneko erretora denak. Data horretan, 300 bat soldadueri banatua bazaie, 1959an, 400 bat soldado gorak edukitzen du. Aljeretik agertuko den azken alea, 1959ko irailekoa da. Armadak Frantxoa Gaztambideri hel arazi zion aldizkari honen banatzen gelditzeko manua, arrazoi sinple bat emanez: “incontrolable” zelakoa. Ondorioz, Euskal Herritik segituko du pixba bat gehiago, baina maleruski zenbaki horien aurkitzen ez naiz ailegatu.
Ale guzi horiekin batera, xantza handia ukan dut, Xipri Arbelbidek aldizkari honetan parte hartu zuten soldadu guzien izenak zerrenda batean eman baititu, horien gutunak agertu diren orrialdea ere emanez. Lista horretan, orotara, 171 izen dira. Lista hau oinarri garrantzitsu bat izaiten ahal lizateke edozoin ikerketarentzat Aljeriako gerlari buruz.7
Parte honen bukatzeko, azken pundu bat aipatu nahi nuke. Aldizkaria euskaraz da, ez hitz bat ere Frantsesez. Maiz, horien gutunetan irakurtzen da Euskaldunek, Euskal Herria uztean frantsesik ez zakitela eta soldaduska denboran ikasi dutela. Gero zehatzago aipatuko dugun kantu batean, Aljerian zen soldadu batek horrela dio:
Jateko tzarra eta denetik eskasa!
Ikasi guk bizitzen, ikasi Frantsesa!
Orai zuen aldi da gur’ondoko klasa:
Martchak egin, guardia har ontsa!
Urte-ta-erdi pasa
Jinen zaizi aisa,
Killaren amentsa...8
Aldizkariaren edukia
Aldizkari honek helburu ezberdinak betetzen zituen, lehena elgarren berri jakin araztea zelarik. Horrenkari, soldaduek Mixel Itzainari gutunak bidaltzen zituzten, eta azken honek berriz argitaratzen. Gero, Mixel Itzainak aitortua, pentsaketa zerbait ere sortu nahi zen. Azkenik, irri solas, kantu eta bertsuak biltzen ditu –herrikoiak ala soldaduek berek onduak– aurkitzen ziren ere.
Aldizkari honen irakurtzean, berehala ikusten da zer plazerrekin elgarren berriak ukaiten zituzten; “soldadoak kontent ziren biziki”.9
“Ezin erranezko plazerra ukan baitut holako artikulu eta ezin gehiago laket zitzaizkidan bertsu pollitak irakurtuz”.
Zure letra plazerrekin irakurtu dut bururen buru... eta nik ere gogotik parte hartuko dut igorriz hemengo zenbait berri”.
“Ni biziki kontent niz zuen jokoaz, hola ikusiko dugu nun diren gure eskualdunak eta zer dioten”.
“Xoraturik nago letra huntan Eskual lagunen berriak ikusirik... Plazerrekin errapusturen egiten lotzen nuzu”.
“Duela bi egun ukan dugu zien kazeta eta xoraturik leitzen dugu eskualdun guziek elgarrekin”.
(...)
Eta ideia honi lotua, lagun euskaldunen garrantzia ere argiki ikus genezake. Gutun gehienek beren lagun euskaldunen berri galdetzen edo emaiten dute. Argi da soldado batentzat beste soldado euskaldun baten bederen izaitea berekin zorion iturri zela.
“Ene pena horra zer den. Ez dut nehoiz izan eskualdunik enekin! Baditut halere lagun onak. Bainan ez dute eskualdun bat balio”.
“Ai zer kafarra emaiten dautazien zien letra hortan irakurtzen dutalarik bazireztela 3, 4, 5 eskualdun”.
(...)
Hor agertutako artikulu edo hobeki erraiteko gutunak begiratuz, gutun “tipo” bat atera genezake.10 Hasteko, maiz, soldadoak esplikatzen du nola kazeta eduki duen: “diela oren bat, lagun batekin ganbaran nintzelarik, hona nun ... sartzen den letra bat eskuetan”. Gero, bere burua aurkezten du: “Hemen bi eskualdun baizik ez gira, Ithouria senperekoa eta Larramendy Donazahartarra”. Beste Eskualdunen berri emaiten ala galdetzen du: “duela zonbait egun bertze kaserna batetarat etorri zauku beste Eskualdun bat”. Noiztik Aljerian den ere aipatzen du normalean: “15 hilabete errege batzu bezala Alemanian pasaturik, uztailaren 28, igande egunarekin, Aljer hirian arribatzen ginen, 7 orenetan... Medea hirirat jiteko”. Eta azkenik zer duten lana: “patrouilla egiten, ni aldiz intendencerat igorri naute”.
“Eta hik zer diok?” Lehen alearen aintzin orrialdean hori irakur daiteke. Honen segidan, Mixel Itzainak komentario pertsonal batzuk garatzen ditu hango euria, eguzkia eta neskatseri buruz, soldaduek horien komentarioak igorriko dituztelakoan. “Gure galderak ziren: zer pentsatzen duzue hango jendeaz eta hola”.11 Erantzunak ez dira ainitz. Eta diren haiek negatiboak gehienetan bertzalde. Bakarrik apez edo misionest gaiak dira gai horretan baikor agertzen.
Hona Aljeriako jendeari buruz irakur daitezkeen komentario negatibo batzuk:
“Haren ustez horiekin (Arabekin) ez daike konfientzarik har” (5.orr)
“Algerian bada gauza: ogi, mahats, froitu, ardi, petrola, ikatza, arrantza. Gauza horiek denak ditugu emendatu behar... Bertzalde Araba alfer gogorra da. Ez da deusetarat entseiatzen, nahiago du iguzkitara egon pareta baten kontra muskerra bezala... Hola egonez ez da chori eria etortzen ahorat. Gizonek lanean arizan baino nahiago dituzte har arazi emazteak eta haurrak... Lur itzultzeko zurezko goldeak dituzte, ez dakite behien uztartzen...” (78.orr)
Ez duztea uste, berek nahi balute miseria hori ttipitzen ahal luketela? Har balite puchka bat lanean, bainan hain dira alferrak ez baitute lanean ari nahi” (28.orr)
Azken gutun honi, Xipri Arbelbidek erantzuten du hurrengo alean (70.orr), ez baita ados. Bere aldetik, Jan Battitt Mendiondo misionestak (3.orr) dio, “arraza zarra, zikinak, gezurtiak, ohoinak” entzuten baita, ez dela batere ados.
Zer diote egiten ari diren gerlaz? Hor, komentariorik ez da. Gerlaren alde, kontra, hango iraultzaren aldeko komentariorik ez.“La grande muette sekulan baino ixilago agertzen da hor eskualdun gazte horien mihietan. Erran behar da guhaurek ere ez ginituela hortarat deitzen. Elgarren berriak jakiten nahi bagenuen segitu, baziren gaiak aipatu behar ez zirenak”. “Ez genituen pusatzen censurarengatik. Nahi bagenuen atera zadin (aldizkaria), ez ginuen sobera ideia politiko eman behar”. Hor nire hipotesia pertsonala bat sartu nahi nuke, parte esplikatzen ahal lukeena komentario falta hori gerlari buruz: gutun horien idaztean, soldadoek nahi bazuten horien Eskual Herriko aire bat senditu, ez zuten bistan dena gerlari buruz idatziko, baizik eta gauza batzuk gerlarekin deus ikustekorik bazutenak, gerla horretatik ixtant batez eskapatzeko. “Gero Euskaldunek, gehienek, Frantsesen ideia ber berak zituzten. ... Han ideia batzuk zutenak ziren edo katolikoak, engaiatu batzuk, bestela la grosse masse12 ez zuen hola pentsatzen”13. Aljeria frantses egon zedin ideiaren alde ziren.
Gutun horiek hurbiletik irakurtzean, komentario luzerik ez bada ere, ikusten da batzuek lan gogorrak zituztela. Sodado guziak killa ren beha ziren, etxera sartzeko eguna. Hara nola Necol Simon Pagolarrak Killaren kantua hontu zuen (61. orr).
ERREPIKA, Airea, Agur Xuberoa
Zato zato killa
Hunarat jinez geroz zu nahiz nabila!
Zato ene bila
Eman dezatan ene arropa zibila
Ez gaiten rampila
Goazen etcherat hobeagoaren bila
Hemen Algerian
Bizi aspaldian
Bertzeren menian
Goazen azkenian
Libro girenian
Killa egunian!!!
I
(badira beste bost)
Herritik urrunduak, adina hobendun
Armadetan oi zonbat soldado eskualdun
Hemezortzi hilabetez, nola ainitz lagun
Atzo trichte, alegera egun
Killa ez da urrun
Zonbait pint’arno hon
Kantuz huts ditzagun!!!
Hona horien biziari buruz zonbait adibide, gerla hots, baina beti mugitzen ari den etsai baten gibeletik. Dufau soldado zen batek oso ongi ilustratzen du esaldi batez: “soldaduak, gehienak, k... barnean” (49.orr).
“Eta beti kurri mendi tzar hetan” (221.orr)
“Bihar nun eta nola iraganen diat ene eguna; menturaz batzuek gaua ere ezin iragan beren ohantze edo ohetan, etsai chirchil hori hurbil danik goaitatu behar duelakotz” (217.orr).
“Eta artetan itzuli zenbait eginez mendi bizkar horietan iduri ihizin” (218.orr).
“Operazione guziak atchemaiten ditut, halere ez dut lan bortitzena chofur naizelakotz, aldiz oinez trostan dabiltzanak felagen ondotik, ez dute arras bizi bera” (225.orr).
Komentario batzuk ere badira felageri buruz. Ez dezagun ahatz gerla zela han, eta felaga horiek etsaiak zirela soldadu guzi horientzat: “Bi felaga zikinek arroka zilo batean gordeta zaudenek, nere lagunik hoberenetarik zen bat hil dautate”. Dufauk ondutako bertsu batzuen hirugarren eta laugarren bertsetak aipatzekoak dira ere (144.orr):
Frangotan joaiten gira operazionetan
Etsaiaren kasatzerat mendi zabaletan
Zerua estalgitzat, ilhargi churitan
Lurra sehaskatzat zizparen ondoan
Etsairen kasatzerat hunarat etorri
Laguntzik hoberena zor diogu zizpari
Ametcha fangotan felaga gaichtoari
Noiz agertuko zaikun gaua nahaslari
Beste batzuk ere aski bortitz dira, hara nola 166. orrialdean aurki dezakeguna, Zortziak bat izenekoan, hirugarren bertsoa:
Irubetagoyena lagun alegera
Zonbait irri eginik joan Frantzia behera
Hir’indarrak hilen tik etsaiak leherra;
Holako soldadoez Frantziak dik beharra.
Herra handia hots senditzen da, gerla guzietan bezala. Eta ainitz aipatzen dira ere izan diren lerratzeak. Horien lekukotasun zuzenik ez baldin badugu ere, bi lekukotasunek erakusten daukute bazirela: “Jan Battitti ez zako gisa jendek bidea suntsi dezaten bertzeen orde eta gero punizionez etcheak erre ditzagun, oilaskoak ebats eta uzten zituztet pentsatzerat zer manera ibili duten neskatcha gaztiekin” (115.orr). Huna Hirigoyen apezak, Euskal Herritik igorri gutunetik pasaia bat: “Eskualdun lagun maiteak, ez ahantz, ez uka zien sinestea. Ez egin hemen Eskual Herrian egin ez zinezaketenik; ez da egia gerlan denak libro direla, bada girichtinoki gerla egiteko manera, hura da funtsean gizontasun manera” (224.orr). Komentario honek hirugarren partera eramaiten gaitu.
Pentsamentu batzuk
Parte hau komentario orokor batzuez osatua da. Ez da biziki ontsa antolatua, erreflexio guziak bata bestea eta gero emanak baitira metan; iduritzen zitzaidan, hala ere, puntu horien azpimarratzea garrantzitsua zela. Pundu horiek, elkarrizketa ezberdinetan aipatu ala ez, irakurritako liburuetan agertu ala ez, burura etorri zitzaizkidan eta paper baten gainean eman nahi nituen. Justifikatua ala ez? Zuek erran.
Hasteko, gerlari buruz orokorrean pentsamentukatu nahi nuke. Eta hori, maiz, Aljeriako gerla aipatzean, entzuten den zerbaitekin lotuz: “gerla zikina”, Aljeriako gerla zikina zela. Pertsonalki, hori entzuten dutan bakoitzean hara zer heldu zautan burura: gerla bat ez al da beti zikina? Ikusi al dugu inoiz gerla garbirik? Pertsonalki, ez badut inoiz gerlarik ezagutu ere, ezetz erraiten dut. Baina hori erraitean, hona zer erantzun entzuten dutan: bai, arrazoin dutala, ez dela deus onik gerla batetatik ateratzen, baina badirela batzuk besteak baino zikinagoak. Bon, hori aitor nezake, baina honek ez du kentzen, eta berriz diot, DENAK zikinak direla. Hona Mixel Itzainaren erantzuna galdetu niolarik gerla hau (Aljeriakoa) besteak baino zikinagoa izan zenez: “Besteak ez ditut egin, baina berdintsu litaizke. Gerla bat egiten denean gizonak gizonen kontra, bai badira bonbardaketak baina... aldiz hor, etxeetan sartu, emazteak bortxatu. Frantses soldado bat hil eta joan, eta beste bizi bat hartu... Gerra eta mespresioa. Oroitzen niz, jaten ginuen behin eta batek erran zuen: ha te, on a écrasé un arabe aujourd’hui.14 Treinaren azpian lehertu zutela. Gero hilak uzten zituzten bide bazterretan eta bah... Gerla bat beti zikina da. Ez da justiziarik gehio, ez da legerik gehio”.15 Ondorioz Aljeriako gerla Bigarren Gerla Mundiala baino zikinagoa izan da Mixel Itzainaren ustez, itsuki populakuntza zibila atakatzen baitzen (tortura sistematikoa, bortxaketak, miaketa bortitzak).
Gero, erran behar da ere Frantsesek haien parean zituztenak ez zirela aingeru batzuk. Eta nork du gerla zikin hori hasi? Hori ez du inork jakinen. Ta badira ikusteko manera ezberdin ainitz: Frantsesek, ez baitzen horien lurra, ebatsi baitute. Besteek, lurralde hori Frantsesa izanki horientzat, errebelde horiek behar ziren suntsitu, ordrea zankaz gora emaiten baitzuten. Ez da inoiz bukatzen. Eta Frantses soldadoek ez bazuten gauza handirik pentsatzen hasiera batean, horien etsaien gorrotatzen hasten dira horien soldadu lagunak emeki emeki erortzen ikustean. “Ez delarik gerla klasiko bat, tentazionea handi düzü eta etsaia denetan ikusten düzü. Herra, mendekatzeko egarria, nekea, oro nahasirik”.16 Aljeriako Gerlaren gogorrena mendietan egin da, gordexka, felagaren gibeletik, gerrila baten antzekoa. Felagaren beldurra beti hor zen, horri gehitzen badiozu akidura, bakardadea (familiatik urrun) eta herra (mendekatzeko nahia), hori dena nahastean ezin du deus onik eman. Gauza tristeak baizik.
Gerla batek osoki aldatzen ahal du gizakia. Eta gerla bat ez da inoiz bukatua. Hortik sortu diren herrak, beldurrak ez dira errexki ezabatzen. Gerla “bukatu” baten uztak berriz jalgitzen dira goiz ala berant. Mixel Itzainak oso ongi esplikatzen du nola gerlak bakezale bat hizketari bilakatzen ahal duen. “Nik ezagutu dut (...) norbait, (...) egun batez hola inguratu zituzten [felagek] oihan batean pasatzen ari zirelarik (...) eta felagak bi aldetarik tiroka hasi ziren, hil zituzten frango, eta lagun hori kolpatua izan zen eta orenak egon zen harri baten gibelean, eta besteak tiroka, oihuka (...). Eta sartu zelarik, erran zautan, nahi zuela Araba bat atxeman hiltzeko. Eta orai Afrikan da apez, baina egun hartan, hainbeste izitua, badakizu zer den. Erotzekoa da”.
Eta torturaren gaia, gai oso bizia Aljeriako Gerlari buruz. “Massuk (jenerala) dizü lehena aitortü bazela, eta orai dolü düala hau erabilirik. Denek baganakizün bazela”.17 Gero, bere Aljeriako gerlazko memorioetan, hara Xiberotar honek diona torturari buruz: “Torturarik ez dut ikusi. Interagotorio batzuen hastapena doi doia. (...) Harki gazte bat (...) ekarri zuten. Aurpegian zarta zenbait emanez esku xabalaz, kestionatzen hasi zitzaion ofizial bat. Aldeko sala batera eraman zuen eta gibeletik atea hetsi. Artetarik zartako bat entzuten nuen. (...) Gutarik hurbil bazegoen presoneren konzentrazio zelai bat. Ez genekien ere. Geroztik jakina dut Aljereko guduka denboran, 1957 urtean, hortik galdu zela presoner asko, torturatu ondoan ixilka garbiturik”. Txomin Peillenek zehaztasun gehiago emaiten digu: “han lurrean, lur hutsean jarria abere baten gisa lotua eta ahoan hari bat beste bat barabiletan ikusi nuen zapartaka ari, elektrodak générateur delako bati lotuak ziren eta laguntzaile batek eskuko bat inguratuz elektrizatzen zuen”18(...) Gerlaren afruskeriak ainitz dira. Eta Xibero alde hontan, pertsonalki entzuna dut, gizon batzuek horien buruaz beste egin zutela eta, jendea erraiten Aljeriako Gerlatik suntsituak itzuli zirela. Zer ikusi zuketen? Zer egin zuketen? Zer egin zioketen? “Ainitz hautsi direla uste dut gerla hartan, horien nortasunean”.19
Aljerian izandako mutil bakoitzak gertatutakoak ezberdinki bizitu ditu. Bistan dena toki ezberdinetan eta lan ezberdinetan baitziren. Baziren postu batzuk besteak baino ainitzez lanjerosagoak. Hara nola gure aldizkarian batek hori dion: “Segur ez dut zonbeit Eskualdunen chantza nik, plankatua izaiteko” (163.orr). Gizon hori mendietan zihoazen, etsaiaren atzetik. “Zer nahi gisaz, soldado bakotxak gerla batetan hanitx gaüza güti ikusten dizü. Badit adixkide bat, Kabilia handian züzün. Ofizie züzün, 30 gizonen aintzinean egoiten züzün. Bortüan gainti hanitx ibili düzü eta tiro bat ere ez dizü tiratü. Egoera oso ezbardinak ezagütü izan ditizügü”.20 “Nik erraiten dit, Aljerian egon nüzü Alemandarrak Xiberoan egon diren bezala, 10etarik 8ik ez zizün tirorik egiten bena noiz nahi lanjera ginizün non nahi atakatürik izaitea”. Soldado bakoitza indibiduala da, ez ditu gauzak berdin sentitzen, ulertzen. Baziren bulegoetan ari zirenak, gidariak, felagen gibeletik ari zirenak; Saharan, Aljer hirian, mendietan. Badira torturatzaileak beti bizi direnak, eta torturatzen ikusi dutenak eta horien buruaz beste egin dutenak. Baziren gerlaren aurka zirenak eta afruskeriak egin dituztenak hara heltzean.
Bada ideia bat ere Aljeriako soldadu ohien artean sumatzen dena eta aipatu nahi nukeena: egoera gogor batean ez zenak ez duela baimenik Aljeriako gerlaz mintzatzeko. “Planqué” zirenek hobe dutela ixiltzea. “Igaran aldian bi lagünekin agitü nündüzün (...) eta erraiten den bezala piton21 batetan izanik zütüzün. Bata güti egonik bena erraiten zizün piton batetik igaranik ez düanak ez düala Aljeriaz mintzatzeko dretsorik. (...) Bon ikuspegi bat düzü, hura 3 hilabetez egonik züzün eta ni 27 hilabetez. Egoera ez hain gogorrean izanik ere uste dit 27 hilabete konta direla ene bizian”.22
Nire aldetik pentsatzen dut lekukotasun guziak on direla. Ez da pentsatu behar lekukotasun epikoak direla erabilgarrienak lan historiko batean. Maleruski maiz ahazten den gauza, gerla batean ez dira borroka mementoak bakarrik: harremanek segitzen dute, bizitzen segitu behar da...
Hara beraz lan xume bat Aljeriako gerla hunkitzen duena, aldizkari batetik partitua, eta pentsaketa orokor eta pertsonal batzuez osatua. Denek espero dugu Aljeriako gerlari buruz mihiak (bai eta ere lumak) gero eta gehiago askatuko direla heldu diren urte horietan, gertakari honen historia ahal bezain oso batera ailegatzeko (bada lan oraindik).
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
INVIERNO A LA VISTA
T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario