lunes, 5 de diciembre de 2011

TRIKUTASUNARENAK

Trikuaren Hiztegia / The dictionary of the Hedgehog from Koldo Almandoz on Vimeo.



Ikusi berri dut laburmetrai polit hau ARGIAren weborrian eta esan beharra dut hunkitu egin naizela, trikuek, kirikioek, badutela enetako esangura oso-oso berezia, xamurra, pertsonala. Zer dela eta? Ba eztakit nik zehatz-mehatz baina nire oraingo bikotearekin hasi nintzenetik bera "kirikio" esaka hasi zitzaidan, auskalo zergatik. Nik galdetzen nionean zera erantzuten zidan nire sudurrak triku batena gogoratzen ziola. Badirudi behin Bilbon geundela Kirikino liburutegi ezagunaren paretik igaro, izena atsegin suertatu eta niri goitizen modura jarri egin zidan. Hori modu onean genbiltzala, ezen elkar muturka hasten ginenean nire berarekiko jokaera triku baten azala bezalakoa zela leporatu ohi zidan: arantzez gainezka, hau da, bera nigana etorri eta nik arantzak erakutsi eta sarritan ere ziztatu egiten nuen, lotsak eraginda edo agian nire berezko pukakumeriak edo sasikokeriak soil-soilik, nork daki. Eta seguru asko ondo zuzen zegoen nire laztana, behin baino gehiagotan kirikio baten modura jokatu egin banuen berarekin gainontzeko neska guztiekin egin bezala ere bai, nire amodio bizitza hain petrala edo kaskarra izan da, ezen hutsopilaren hutsopilez trikuarena egiteko joera hartu nuen, hau da, edonor niganatu nahi eta ni berehala sagarroia lez kiribildu behar, askotan ere arantzekin eta guzti oldarka; aitzalia hutsa, noski, astakirtena galanta eginda nago-eta.

Nik uste T.rekin hainbat urte pasa eta gero, denboraren poderioz hain zuzen ere, nire trikutasuna alde baterta utzi egin dudala hein handi batean, maite nautenen aurrean kiribiltzeari eutsi beharrean gainerakoekiko zabalago jokatzen saiatzen naizela, nire arantzak nolabait kimatu egin ditudala. Egia esan, eta gehiena jota ere, ikasi egin dut nola, noiz eta nor ziztatu behar, kirikoek ezin baitiogu gure arantzak noizbaiten eta norbaitekin erabiltzeari erabat utzi, naturak eman diguna altxorra omen da, ez litzateke batere esker onekoa gurea bezalako tasun bati muzin egitea. Baina, esan liteke ni nintzen kirikio basatia nolabait otzandu egin dela nire kirikio-lagunaren agindu edo eraginez.

Baietz ba, orduz geroztik nire laztana eta biok bilduma gisa pilatu egin ditugun mota, forma, irudi edota osagai askotako kirikioez gain, gure etxean lau kirikio, triku, sagarroi daude, ni naizena, gure bi trikukumeak eta beharbada bera ere. Beharbada, zeren maiz berarekiko tratua edo ukitua bera ere kirikio batekikoa bezalakoa izanda ere, bere aitak aspaldi aitortu egin baitzidan bere alaba, trikua ez eze, arantzurde baten modura ere jo ohi zuela txiki-txikidandik bere inguruko guztiekiko, hau da, orduz geroztik gaur arte edo.

Eta horretan gaude ba aspaldidanik, bi kirikio mateminduen antzera egunero elkar arantzaka. Horregatik hain gogoko izan dut laburmetrai hau eta hainbeste penatu nau kirikio gaixoa errepide erdian gurpilperatu eta maspil-maspil egina ikusi izanak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...