sábado, 10 de diciembre de 2011

SASOI ONEAN OTE?


Badirudi urtero bezala Durangokoak arrakasta itzela lortu duela. Badirudi ere urtez urte gero eta gehiago saltzen dela, euskalgintza sendoago egiten dela, honen emaitzak gero eta borobilagoak, anitzagoak direla. Badirudi dena primeran doala eta, hala eta guztiz ere, denok badakigu ere gero eta gutxiago irakurtzen dela, gero eta musika gutxiago erosten dela. Ba al da orduna delako euskalgintza nolabaiteko salbuespen edo uharte bat?

Auskalo, Fernando Arambururen aurreneko hitzetan erreparatzekotan badirudi geurea goitik sustatu eta sostengaturiko industria bat dela, hutsetik sortutako irakurle/entzulego batek helduta egon beharrean. Bestalde, jakin badakigu ere duela gutxi arte behintzat euskaltzaltasuna, itxurazkoa zein egiazkoa, industria honen oinarria zela, hau da, militantziak kontsumoa kinatzen zuela hein handi batean.

Areago, somatu somatzen badugu Azokaren egunotan bisitariak erromesen antzera badoazela Durangoraino urtero bezala abenduko euskal erromeriarekin betetze aldera, urtebarruan Nafarroa Oinez edo Korrikarekin egin bezala. Bada beraz itxurazko zein egiazko euskaltzaleon arteko enegarren erritua nork bere kontzientzia lasaitzearren edo, euskaldun jator eta zintzoa izaten jarraitzen duela sinestaraztearren.

Nik ez diot, azokako zuzendari Irazabal jaunak baino, bera beldur da aurten gehien saldutako liburua, Sarrionaindiaren Moroak gara behelaino artean? erositako guztiek bene-benetan irakurriko ote duten. Bestela esanda, urteko bestsellerrak etxera eramateak erromeria honen ezinbesteko errituaren parte ere dela ematen duela; Durangora jun nitzan, Sarrirena erosi eta etxian dakat haurrak koxkortutakoan leitu deixan.

Nik dakidala, edo uste dudala, benetako irakurtzaleak -musika entzulearena oso bestelako baita- oso bestelako erosketa ohiturak ditu liburu kontuetan. Nik uste egiazko irakurtzaleak bere liburuak banan-banan, urtebarruan eta liburudendetan goitik behera ibili eta gero erosi nahiago duela,nik uste printzipioz betiere mimoz zein tentuz hautatzen dituela, nik uste irakurtzaletasunak oso bestelako liburuekiko betekizun edo atxikimenduak eskatzen dituela, nik uste Azokarena neurri handi batean erromeria polit bat baizik ez dela jendartean euskalgintzaren osasuna edo indarra nola edo hala erakusteko asmotan, begira, jakintzazue, zer nolako emaitza txukunak, zabalak, anitzak ditugun, zer nolako sasoi onean gauden, zer ondo konpontzen garen elkarrekiko, zer nolako jatorrak garen, nolako arrakasta aurtengoa, halakoa hurrengoa. Baina, usteak uste.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...