viernes, 2 de diciembre de 2011

NOKA TALDEAREN OMENEZ


Idatzi berri didate Kalifornia aldetik euskeraz, nik aspaldi blogeratutako EPERRAK kantuaren bertsioa egin zuen taldearen partetik ez dakit nik zer eskertzeko asmotan, ez baitago eskertzekorik, benetan diot. Alderantziz,zuei, Nokakoei, milesker. Egia erran, aitortu beharra dago zuen mezuak haunitz hunkitu egin nauela, ez baita oso arrunta hain urrutitik halako eskerronak jasotzea, are gutxiago Estatu Batuetan jaio eta koskortutako neskatila batzuengandik. Berriro diot, milesker zuei gureari hain tinko eta eiher eusteagatik.

Igorri ere egin didate haien weborria, www.chinoka.com, oso kuttuna ematen du, baina ez dakit nik nire ordengailuaren erruz den edo, baina ezin dut behar bezala ikuskatu, gustatuko zitzaidakeen haunitz haien nondik norakoen berri emaitea, baina ezin.

Dena dela, hor nonbait topatu dut NOKA taldeari buruz zer edo zer aspaldian DIARIO DE NAVARRA egunkarian agertutakoa, badirudi oso neskato eder, sasoiko edo gogotsuek osatua dela Kaliforniako talde eskualdun hau.

Beren arbasoek egin ez zuten itzulerako bidaiari ekin. Horixe da Noka taldeko hiru kideek egin dutena uda honetan. Berez, Andrea Bidart, Begoña Etxeberria eta Cathy Petrissans estatubatuarrak dira, kaliforniarrak hain zuzen. Alabaina, bere deiturek agerian uzten dutenez jatorriz euskaldunak dira, lehen eta hirugarren belaunaldikoak. Orain dela zenbait urte beren erroekin euren lotura sendotu zuten Noka taldea sortuz, eta uda honetan Euskal Herrian izan dira bigarren urtez jarrain beren kantak haien arbasoen herrian aurkezten.

Kaliforniako Chino hirian dago talde honen jatorria. Los Angelesetik ordu eskasera dagoen hiri honek 70.000 biztanle inguru ditu eta haietariko askok euskal jatorria dute. Hango euskaldunek komunitate sendo eta trinkoa osatzen dute eta euskal elkarteen inguruan ba-tzen dira. Han ezagutu zuten elkar Noka taldeko kideek, erro euskaldunekoak hirurak. Begoña Etxeberriaren gurasoak baztandarrak dira, Orabideakoak; Cathyren aita Doneztebekoa da eta bere ama or-tzaizearra; eta Andrearen arbaso guztiak euskaldunak dira, bere aitatxi biak Euskal Herrian jaio ziren azkenak izan baziren ere, Ibarla eta Azkaratekoak ziren.

Hirurak euskal kantak entzuten hazi ziren eta gazte-gaztetatik biltzen ziren elkarrekin abesteko. "Begoña bere aita euskaraz abesten hazi zen eta Pantxoa eta Peio, Benito Lertxundi, Txomin Artola edota Amaia Zubiria bezalako abeslariak maite ditu betidanik. Cathy musikarien familia batekoa da eta euskaraz abestu izan du betidanik elizan, afalostean edo autoan. Eta ni ere aita edo aitatxia abesten entzun izan ditut beti. 15 urte nituela euskal musika entzuten hasi nintzen eta gaur egun entzuten dudan musika gehiena euskaraz da", azaltzen du Andrea Bidartek.

Beraz, talde bat osatzea pausu naturala zen, eta hori egin zuten orain dela 15 urte inguru. "Bizitza osoa daramagu elkarrekin batzen abesteko, gaztetxoak ginetetik. Noka orain dela 15 urte inguru sortu zen", gehitzen du Bidartek. Taldeak mantso-mantso egin du bere ibilbidea, kontzertu bat hemendik eta beste bat handik eskainiz. Dena dela, denbora honetan guztian bi disko plazaratzeko astirik ere izan du.

Bi disko hauen bidez taldeak euskal kanten ondarea zabaldu nahi izan du. Horrekin batera, taldearen abestiek berezko beste ezaugarri bat dute: emakumeak dira kantu hauen protagonistak. Emakumeen bizipenez eta sentimenduez hitz egiten dute Nokaren abestiek, eta taldearen izena bera ere ezaugarri honekin zerikusia du. Noka emakumeak izendatzeko zerabilen era bat da, gaur egun AEBetako euskal komunitateetan izan ezik desagertu bada ere.

Bere bigarren lanean taldeak Mariñelaren zai edota Amak ezkondu ninduen bezalako kanta klasikoak abesti berriekin nahastu ditu, betiere bere ezaugarriei muzin egin gabe. Eta abesti hauekin etorri dira aurten Euskal Herrira. Iaz ere egon ziren, esperientzia ikaragarri gustatu zitzaien eta abuztuan errepikatu egin dute. "Zoragarria izan da aurtengo Nokatour-a. Oso bereiza da guretzat euskal musika horrenbeste maite duen jendearentzat jo-tzea eta haiekin abestea. Giroa itzela izan da emanaldi guztietan, ez dugu hitzik azaltzeko. Harri eta zur gelditu ginen ikustean kontzertuak amaitutakoan jendea gerturatzen zitzaigula diskoak sina geniezazkien. Horrekin batera, Laurent Ascarain, Joxe Angel Elizalde eta Miren Eyerabide musikariekin jo-tzea oso gustagarria izan da, talentu handia dute. Gainera, Amurrion Kepa Junkerakin jo genuen eta itzela izan zen", dio Bidartek.

Aurten, Aldude (Nafarroa Behera), Beskoitze (Lapurdi), Azkaine (Lapurdi), Amurrio (Araba), Larraine (Zuberoa), Garindain (Zuberoa) eta Amaiur (Nafarroa) herrietan izan da taldea. Datorren urtean errepikatu nahi dute, eta bitartean Euskal Herrian bezala sentitzen saiatuko dira Chino Basque Clubean: "Musean, pilotan edo euskaraz abesten ari zaitezke. Euskal Herrira gerturatzen gaitu. AEBetan jaio gara, baina euskal identitate sendoa dugu".


Behin berriro zuei milesker idatzi izanagatik, izan ontsa, EEBBko bihotzeko lehengusina eskualdunak!!!! Thanks a lot, see/hear you soon!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...