lunes, 26 de diciembre de 2011

ETXEKOTASUNA



Baldin badago Gabon gaueko afariak nolabait definitzeko hitzik hori da nekea. Nekea baita berehala sentitzen duzuna ezagun baino ez dituzun gizakume artean esertzen zarenean. Baina, haietariko baldin badago gorrotatzeko motibo franko eman dizun norbait, behin baino gehiagotan deseroso sentiarazi egin zaituena, nola edo hala eta gehienetan beti zeharretara edo iraindu zaituena, inolako estimurik inoiz izan ez dizuna, baldin badago amaginarreba bat; edo baldin badago ezer amankomunean ez dituzun ezkon-anaiarrebak ere bai, baldin badago edozein gauza ir/hizpidera ekarrita betiere seriotan hartzen dituenak, barreari leku edo bide uzten ez diotena, bai horretarako iaioa ez direlako, bai seriotasuna lege dutelako egunerokoan; orduan akabo, badakizu, somatzen duzu behintzat, oso gau alaia edo izango ez dela, sano aspertuko zarela, faltan izango dituzu inoiz ez bezala zure ondokoak haiekin ere beltzak eta txuriak izan arren, hau da, senideak zein aixkideak.

Eta zuretarrekin askotan ez baldin badago giro edozein huskeriagatik, hots, edozein gai larri hizpidera ekarri orduko, zer esanik ez baldin bazaude arrotz artean, zure odolekoak ez direnak beri arrotz izango baitira familia kontuetan, badakizu ez dela zure lekua, behinik behin ezta zure etxondoa, etengabeko bisitan egoten zara eta hobe duzu inoiz ez ahaztea badaezpada, konfidantza gehiegi hartzekotan beti-beti hanka sartzeko arriskua izango duzu-eta.

Zer egin behar? Egonarria ahalik eta txukunen zorroztu, horixe da zure irten/konponbide bakarra, eutsi behar diozu behar denean ixilik egoteari eta behar debean ere hitz neurriak esateari, badaezpada, ez baituzu nahi inola ere zure burua gehiegi nabarmendu, ondo asko dakizulako ezein pitokeria esanda, ezein hitzerdi behin esanda, atoan eta batez ere gogor eta gogoz epaituko zaituztela. Edonola ere, ezkon-senitartekoenean beti erne ibili behar gehiena jota toleraturik zaudelako, zure moduko jendilajea ez delako, ezer gutxi duzulako elkarri esateko edo, gogait eginda zaudelako orandik ere etengabeko zaintzapean zaituztelako, nahiz eta haietariko norbaitekin nola edo hala dexente konpondu, aurreko guztia beti gogoan izan behar duzulako; arrotzetxean zaoz. Inoiz ez ahaztu zu soberan zaudela, batez ere euren artean eztabaidaka hasten direnean, ez sartu inoiz besteon borrokaren erdian, bestela eskarmentu ederra hartuko duzu-eta! Edonola ere, hau guztiau behar bezala gogoan hartzeko badago inola ere ahaztu behar duzun gauza bat: neurrian edan, hots, asperra edo urduria nolabait baretzeraino bai, baina sekula ez kordea galtzeko moduan; ez baldin baduzu nahi, noski, gainontzeko guztiak tupustean adisketu zure begira sudurra zimurtuta.

Dena dela, baliteke etxeko edo gaueko giroa hain gogorra edo astuna izatea, hain estu eta larri egotea zure laztanaren etxekoen artean, ezen badago inondik ere gogotik kendu behar ez duzun gauza bat; hurrengo astean urtezahar gauerako zure etxekoekin egongo zara, eta orduan bai, orduan izango duzu zure aukera ere behin berriro estu eta larri ibiltzeko; baina orduan behintzat izango duzu konfidantza edonor popatik hartzera bidaltzeko, hau da: etxekotasuna.


*Zerekin lagundu sarrera hau? Ba ezin aproposagoa den gabon kanta famatu hau, betiere ezinbesteko ironia aitzakotzat hartuz. Edonola ere, Ainhoa izugarri eder eta trebe ari da bideo honetan, hunkitzerainokoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...