jueves, 13 de octubre de 2011

BASQUE TXORIBURU CENTER


Noiz edo nondik sortu ziren txoropito globalizaziozale amorratuok? Badakigu ingelesa nazioarteko hizkuntza frankoa dela, horregatik ikasi egin dugu halabeharrez. Hori jakinda ere, gauza bat oso-oso bestelakoa da ingelesaren nagusigoa beti kontuan hartzea nazioartean negozioak-eta egite aldera, eta bestea ingelesaren morroi bilakatzea; hau da, den-dena baliozkoa, printzipioz, betiere arrakasta lortzeko asmotan ezinbestez, ingelesaz egin beharra. Izan ere, gogoratzen dit ikaragarri gure herri honetan, eta gurea bezalako hainbat herri txiki, zapaldu edo kulturagabetutan Historian zehar gertatu bezala, kanpoko hizkuntza, atzerritar zein lekuan lekuko jauntxoen botere politiko zein kulturalaren ondorioz, nagusi edo gutxienez nahitaezko aldatu zenekoa: ikusi besterik ez dugu behar nola mendetan zehar lehenik latina eta gero zenbait erromantze prestigiozko hizkuntzak bihurtu ziren, ezer idazten ez zela gehiengoaren lenguaiaz bigarren mailakoa zelakoan, herri xehearena ez zen boterearena, herri xeheak ez zuen merezi landu edo garatzeak, ez behintzat hain boteretsu, itxuroso eta hedatuak ziren gainontzekoen aldean.

Antzeko zerbait gertatzen da gaur egun ere, gurea gutxiesteko joerak bizirik darrai, bagaude geureak kanpokoaren aldean inolako indar edo oihartzunik ez duelakoan, berdin digu jakiteak gaur egungo baliabideek gurearen hedapen itzulia ala ez errazten dutela, gaur egun ez diola kanpokoari marka baten izenaren jatorria swahiliz, maorieraz, finlanderaz edo Kukuxumuxu bezala euskarazkoa den ala ez; kontsumitzaileari benetan axola diona produktuaren kalitatea da, ez besterik.

Bestalde, egia antzinean herri hizkuntzek edo hizkerek bazituztela muga anitz landuak izateko; baina, ez zen harritzekoa kultura hizkuntza nagusia latina baitzen, idazten zen ia guztia latinez zegoen, beraz, kosta egiten zitzaien euren ama hizkuntzaz idatzi nahi zutenei euren hizkuntzaren neurria hartzea. Erreformak hau guztiau hankaz gora ipini zuen, herri hizkuntzen aukera izan zen alemanieraz argitaratu zen Bibliaren aurreneko itzulpena. Orduz geroztik, eta euskera bezalako beste hizkuntza txiki edo gutxitu batzuk berandu ailegatuta ere, edozein hiztun gauza da bere hizkuntza jorratu eta baita marka bilakatzeko ere.

Jakina, harro egon behar zara zureaz, areago ondo asko ezagutu behar duzu. Bestela akabo, bestela erabiliko dituzu etengabean zure hizkuntzaz ari zarean alperrikako ingelesezko esamoldeak; checking poing, backstage, filling, crazy, brain steaming eta abarrekoak. Penagarria da, noski, ez baita inolako garbizalekeriarik, zure hizkuntza behar bezala ezagutzen ez duzunaren seinale baizik. Nik uste behin baino gehiagotan idatzi badudala blog honetan, Venezuelera joan eta bertan gaztelera zer nolako kutsatua dagoen ingelesarekin berebiziko mina egin zidan, estoy full, ponte esos shorts edo cuidado con el guaichiman (watch-man - zaindari). Mailegua guztiz ulertzekoa da eskura ez duzuna ekartzeko; baina, horrelakoa ez denean erakusten duena oso bestelako zerbait dena, beste batekiko menpekotasuna, eta kasu honetan ez dago nor den izateko beharrik.

Edonola ere, alperrikako maileguon zergatia egotz dakioke jende xehearen ezjakintasunari, hots, gure hizkuntzekiko arduragaberiaren eragina. Baina, badago beste jokamolde bat joera hau gero eta gehiago hedatu eta indartzen duena: handimandiena. Badira Zaldieroren marrazkian agertzen den larrusendoa bezalakoak, herri xehearengana doazenak tente-tente, behialako tribuetako aztien modura, hizkera berezi edo liluragarri baten jabe bailiran, gu guztioi argia emateko baletoz bezala haiek bakarrik dakiten hizkuntza horretan, haiek bezalako listopasatuena.

Hauendako proposatu nuke nik delako hizkera berezi, azti hau behar bezala jorratu eta zabaltzeko euren neurriko erakunde berri bat bi hizkuntzak uztartzeko asmoz erdibideko zerarekin: Basque Txoriburu Center.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...