lunes, 31 de octubre de 2011

TXANPONAREN BESTE ALDEA



Enetako kasualitate garbia da, bai horixe! Joandako astean idatzi zidan neska batek Txiletik. Bazioen blogean oso aspaldi idatzi nuen Labastidako 36.ko gertakariei buruzkoa irakurri eta herritik bertatik erbesteratu egin ziren senitarteko batzuen ondorengoa zenez gero gehiago jakin gura zuela. Bazen Paula Corcuera izeneko baten senide, nire blog-sarreran agertzen zen frankisten biktima batena hain zuzen ere. Eskatzen zidan nik erabilitako biografia. Nik eman nion, noski, erabilitakoa eta orduz geroztik argiratutako beste zerbait, batik bat Eusko Jaurlaritzak arestian argitaratu zuen Arabako 36.ko errepresioari buruzko liburu mardul-mardul bat. Edonola ere, nik erabilitako Martínez Mendiluze anaiena ikaragarri joria da frankismoak 36z geroztik eragindako oinaze edo samin guztia agerian eta zehatz-mehatz kontatzerakoan. Badago, gainera, atal bat Bastidako gertakariak ikaragarri zabal eta sakon jorratzen dituena; bistan dago idazleek zuzeneko iturrietara jo egin zuten, hots, protagonistengana.

Eta kasualitatea? Goiena.net ikuskatzen ari nintzen eta horra hor Jose Mari Velez de Mendizabal idazle aramaiorrak egindako artikulu bat topatzen dudala non Bastidakoa zen udal idazkariaren, Simon Landa Prestameroren, hilketa kontatzen duen gorrien eskuetan 36ko uztailean. Oso-oso interesgarria eta batez ere ilustragarria orduko sarraski zein erailketen nondik norakoen testigantza modura, Velez de Mendizabalek berak dioenez: "Simon Landa, hainbat eta hainbat bezala, gizakien arteko gorrotoak pizturiko itsukeriaren biktima izan zen". Nik uste artikulu hau nola eta hala lotu beharrean nagoela aspaldi Bastidako 34 eta 36ko gertakariekin, ondo asko erakutsi edo gogorazten baitigu zoramen hitzailea bi aldeetan hedatu egin zela, ahaztu barik ere frankistenean hilketak eta sarraskiak goiko agintariek babestu eta sustatu egin zituztela, euren gerra estrategiaren barruan kokatu behar dela haietariko zenbaitek ezin hobeto idatzirik utzi bezala, errepublikazaleen taldean, ordea, gauzak oso bestelakoak izan ziren, ez zen egon inolako agindu edo asmorik beldurra berdin hedatu edo erabiltzeko, benetako problema kontrol gabeko mendekatzaile edo gaizkile hutsak izan ziren, Azañak berak ondo asko idatzi egin zuenez.

Nik ez dakit norainoko zilegia den Jose Maria Vélez de Mendizabalen lana blog honetara ekartzea, osorik edo zatika, baina badaezpada nire esker ona luzatu nahi nioke eta bere lan osoa eta beste ikusteko helbidea gaineratu ere: http://txemax3.blogspot.com/2011/10/simon-landa-aramaioko-idazkaria.html:


SIMON LANDA, ARAMAIOKO IDAZKARIA, GERRAREN BIKTIMA

Simon Landa Prestamero Aramaioko udal idazkaria zen 1936ko uztailean gerra piztean. Labastidan 1869ko urriaren 10ean jaiotakoak urteak zeramatzan kargu horretan. Serapia Gomezekin ezkonduta, Aramaioko Udaletxean egokitutako etxebizitzan bizi ziren. Seme-alabetariko batzuk herrian hazi ziren, besteak beste Gregoria eta Carmen alabak eta Felix semea, azken hori ordurako ezkonduta zegoena.

Gerrako lehen egunetan, Aramaioko “Textil Ibarra” lantegian ziharduen Felix semearen bila joan ziren Eibarko miliziano batzuk, baina garaiz abisatuta Goiko Errota baserrian ezkutatu ahal izan zen. Han iraun zuen ongi gordeta, ahalik eta aitak –ezer ez zitzaiola gertatuko jakinaraziz- etxera itzultzeko abisua bidali zion arte. Hala egin zuen, baina iritsi bezain laster milizianoek aita eta semea atzeman eta Bilbora bidali zituzten, preso.

Noiz gertatu zen zehazki? Udal bilkuren aktak errebisatuta, urte hartako uztailaren 12ko bilkurari dagokiona inork sinatu gabe dago. Abuztuaren 9rako deituta zegoen arren burutu ezin izan zen bilerari dagokion diligentzia, berriz, Simon Landak izenpetua agertzen da: “en el día de hoy no se ha presentado más que el alcalde y concejal D. Eusebio Madina, por las circunstancias actuales...” Ez dakit nola ulertu behar den idatzitakoa, izan ere aktaren irakurketatik badirudi pertsona bat bakarrik agertu zela, hots, Faustino Bengoa. Eta Madina ez zen alkate, alkate-orde baizik. Garaiko alkatea Faustino Bengoa zen. Azken hau eta Madina egongo zirelakoan nago.

Abuztuaren 23an, aldiz, bilkura berri bat egiten du udalak, eta ordurako ez da Simon Landa idazkari lanetan azaltzen. Handik aste betera, udal osoko bilkurak aho batez izendatzen du idazkari Frantzisko Mendizabal arrasatearra. “Declarada abierta la sesión por el Sr. Presidente, éste expone que ante la circunstancia de hallarse sin Secretario el Ayuntamiento, cree conveniente nombrar al secretario por oposición D. Francisco Mendizábal Ceciaga, de la vecina villa de Mondragón, para que desempeñe dicho cargo interin se normalice la situación. Todos los concurrentes se mostraron conformes con lo expuesto. Así mismo mostró su conformidad el Comité de Defensa de la República”

Beraz, abuztuaren 9 eta 23 bitartean eraman zituzten aita-semea Bilbora. Felixen andrea, Maria Juana Urrutia –Arrasateko Frantzisko Urrutia maisuaren arreba- eta bikotearen lau alabei ezer gerta ez zekien, Amayur batailoiko arrasatear gudari batzuek haien etxetik bertatik propio zaindu zituzten, ahal izan zuten bitartean, hau da faxistak 1937ko lehen hileetan Aramaioko ateetaraino heldu arte.

Gertatu zen, hilabete batzuk geroago Durango, Otxandio eta Gernikan ihardungo zuten alemaniar hegazkinek urtarrilaren laugarren egun hartan Bilbo bonbardatu zutela hildako batzuk eraginez eta jende andana batek hiriburuko lau kartzeletara jo zuen, mendekua aplikatzera. Ondorioa oso latza izan zen, eta berrehunetik gora detenitu izan ziren eraila, modu desberdinez. Simon Landa Prestamero horietako bat izan zen; 67 urte zituen.

Ikusi dugunez, frankisten eskuetan zegoen Aramaioko Udalak Ignazio Landa izendatu zuen, behin behingoz, idazkari lanetarako. Horrela iraun zuen 1938ko irailaren 12ra arte, hain justu izendapena behin betiko baldintzetan Constancio Fernandez Alsasuak irabazi arte.

Bilboko kartzelatik aske, Felix Landa Gomez 1938an heldu zen Arrasatera, Aramaioko egonaldia itxitzat emanez. Bizkaiko hiriburuan harekin preso egondako arrasatear batzuen gonbidapenari jaramon egin eta herriko udaletxean ekin zion lanari, administrazioan. Arrasateko Udal idazkaria ere izan zen zenbait aldiz, ordezkapen lanetan.

Simon Landa, hainbat eta hainbat bezala, gizakien arteko gorrotoak pizturiko itsukeriaren biktima izan zen.



Istorio bat milaka artean, bai noski, 36koa ezin oparoagoa da alde errukarri horretatik, baina nire gauzekin nola edo hala zerikusia duenez gero izugarri interesatu ere egiten zait, ea noizbait ausartuko naizen zenbait fikzio egitera bi bandoetan suertatu ziren hildako edo biktimen kontura; oso kontuan hartuta aldez aurretik ez dela batere posible edo zilegi inolako ekidistantzirik, badaudela, beti bezala, ezinbesteko ñabardurak, dena bere lekuan kokatu behar dela gero gerokoak hobeto ulertzeko, funtsean gizabanakoen berezko jokaera basatiak edo okerrak daudela, giza-natura makurra dela munduan zehar gertatzen diren bidegabekeria gehienen oinarria.

Noizbait, bai, baina auskalo, ez baitira oso garai onak inolako egitasmo kultural edo antzerakorik egiteko. Izan ere, badirudi oinarrizko kulturgintzaren egiazko eragileak diren argitaletxe txikiak hurrenez hurren desagartzen ari direla ezinbestez, merkatuaren legeetara makurtzen direnak baino geratuko ez direla. Baina tira, hori beste istorio bat da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...