miércoles, 5 de octubre de 2011
ETENGABEKO EZINEGONA
Zure buruaz hitz egin behar duzula? Orduan ia berba bakarra eta nagusia datorkizu gogora: ezinegona. Bai, ezin zara egon zauden bezala, beti ipurterre, zure inguruarekiko erretxin, edozein kaikukeriagatik etsita, etorkizunaren beldur edo ezkor. Gero leporatzen diozun itzel maite duzun adiskide bati berdin jokatzea, egian esan zure buruaren lepora doa delako estakurua, ondo asko dakizu gainera.
Ezinegonik bizi zaren bezala gogoan dituzun egitasmoak inoiz gauzatzen bukatzen ez direlako, dena ezari-ezarian doa eta horrek zure onetik ateratzen zaitu, artegatzen zaitu; orainaldiaren beldurrak zaude eta gaur inoiz ez bezala hitzemandakoa zer-nolako arina edo hauskorra den jabetzen zara. Eta badakizu ere gehienetan ezin diozula inori inolako errurik bota, gauzak daudenez ez baita harritzekoa orain dela gutxi erabakitakoa ezinezko bilakatu izana, dena okerrera doa-eta egunak pasa ahala, dena gero eta etsigarriagoa. Gaur egungo nondik norako giza-ekonomikoen mende zaude, areago zure lan arloaren erabateko aldaketen morroi, eta ezin duzu deus egin hori aldatzeko, ez dago zure eskura, zuk egundoko zortea izan duzu orain arte, ez zaizu beraz oso zilegia kexu hastea badaudelako zu baino milaka aldiz okerrago, edo agian kexu egoteko egiazko edo mamizko motiboekin, zuk ez bezala gehienetan.
Badakizu hori guztia eta bien bitartean eskuartean duzunari eusten diozu aurrera jarraitzeko. Beharbada nire eguneroko jardunak ez nau bahi beste asetzen, beharbada ere burutzen saiatzen naizen gehiena ezerezean geratzen da, beharbada ezta nik uste bezain ona eta orain arte egindakoari erreparatu behar nion ea zer dagoen aldatzekoa. Edonola ere, badakit gogor eta gogotsu ekiten diodala nire lanari, agian behar baino gehiago ekoizten ari naizela den-dena onik suertatu dadin, gauzak kontu handiagoz jorratu behar nituzke, agian ere egitasmo asko bertan behera utzi beharrean nago benetan bizitzeko emango lidakeenari atxikitze aldera.
Aldaketa garaia gaudela aditzen dut nonnahi, krisialdia dela, delako eta ustezko bake prozesua dela, nik ere aldatzeko premia sumatzen dut, auskalo non eta nola. Baina hala eta guztiz agindu egin diot nire buruari zeozer aldatu behar dudala ezinegon honetatik urruntzeko, bestela akabo, betela etsiaren etsiz egiatan ardura didanari kalte edo min egin niezaioke, nire familiari, benetan asetzen nauena hutsopilak hutsopil, gainerako guztia niri berdin.
Blog honen nondik norakoak ere aldatu beharrean nago, menturaz. Noski baietz, orain artekoak ez bainau inondik gogobetetzen, arruntegia deritzot, ez dit inola ematen hasiera batean nik eman nahi izan niokeen neurria. Gogoan nuen nolabaiteko literatur kutsua izango zuen zerbait egitea. Eguneroko albisteak komentatu eta nire ezinikusien zerrenda besterik ez dut egin. Goitik beherra ikuskatu eta atoan konturatu naiz benetan atsegin ditudan sarrera ia bakarrak nire egunerokotasunarekin zerikusia zutenak direla, hauek edota oso noizik behin nire iraganaren kontura blogeratzen ditudan pasarteak. Badakit, ala somatzen dut behintzat, ez direla ezer apartekorik, agian ikaragarri gogaikarriak, batez ere ni ezagun ez nauenarendako. Halare, baldin badut literatur antzeko zerbait sortzea, halako pasadizuotan bakarrik lor nezake, esan nahi dut, ezer kontatzeko modu edo estilo erakargarri bat asmatu nahi izatekotan nire ingurumarietan erreparatu behar nuke halabeharrez zerbait originala sortze aldera, bestela akabo, bestela, arruntean jarraitu ezkero, etengabe hutsaren hurrengoa, ala are okerrago, huskeriaren huskeriaz blog hutsa, kakazaharra blogeratuko nuke parrastaka.
Bestalde, zertara dator hau guztiau, hain garrantzitsua al da blog honen nortasuna behar bezala asmatzea? Bada bai, noski baietz, enetako behintzat bai, ez bainaiz gauza egunerokotegi bat betiko moduan taiutzeko, hor nonbait nire pitokeriak irakurriko dituen norbait badagoela jakin behar dut, halako txotxolo artaburu pepelerdo handiusteko eta buruzale porrokatua naiz norbaiti idazten dudana gogoko edo gutxienez atsegin izan dakiokelakoan. Eta bai, ezinbesteko dut blog hau terapia modura edo eguneroko ezinegon hau nolabait arintzeko asmotan, berdin dit beraz blogeratze hutsak suposatzen duen biluzte lotsagarriak ala ahalegin alperrak.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
INVIERNO A LA VISTA
T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario