viernes, 21 de octubre de 2011
ETAk armei agur egin zien egunean
ETAk armei agur egin zien egunean hotz eta motz geratu nintzen. Orduan gogoeta egin nuen; zer dela eta hain soraio? Ez al zen aspaldidanik irrikan nuen berria? Bai noski, duda izpirik gabe, baina horrexegatik ere sudurra zimurtu egin nuen, batere harritu ez ninduelako. Espero nuen/genuen, jakina, lehentxeago edo geroxeagoko agerpena baitzen ETAkoek nahitaez egin behar zutena, eta beti-beti arrazoi bakar eta funtzezko bategatik; galdu egin dute haiek ez bezala pentsa edo gutxienez euren bitartekoak sekula gure egin ez genituenoi egindako erronka, garaituak izan dira eta ondo asko bazekiten.
Aurrekeotan ezin hobeto engainatu egin gintuzten borreroek, euren burua indartsu zekusaten, borrokan jarraitzeko adina, bazuten oraindik ere nolabait lagundu edo zuritu egiten zituztenak, borrokari euts ziezaioketen harrezkero ere, behin berriro jo eta ke denok nazkatu edo akatu arte.
Oraingoan ordea ez, inondik ez, bazekiten ez zutela irtenbiderik, alde guztietatik ingururatuak, xaxatuak; alde politikotik zein polizialetik, beraien betiko jarratzaileek gaitzesiak eta betiko etsaiek ere garaituak. Amore egin behar zuten, bera, nahitaez. Izan ere, bihar edo etzi egingo zutelakoan geunden denok, bazen garaia ala ezgaraia. Honetarako, berriz, maskarada handi, lotsagarri eta batez ere euren buruari zein bere lagunenei nahita ala ez iruzur egiteko nabarmen bat antolatu dute jendaurrean euren porrota kosta ahala kosta mozorratzeko.
Ederto ba, ezta geure arazo, espero genuen halakorik egitea ez baitira gauza eragindako samin edo oinaze osoa aitortzeko, euren iragana zuritu beharrean daude eta euren buruetatik hasi behar ere. Gainontzekoak gara, aldiz, iruzur itzel honi aurre egin behar diogunak, ondo baino hobeto baitakigu zeintzuk izan ziren borreroak eta zeintzuk ordea biktimak. Donostin, atzerriko zenbait lagun esker onekorekin antzeztu zuten euren historiaren bertsio zuria, bi bandoena, denok errudun, denok garaile. Egundoko gezurzuria, noski, esan bezala gogoan dutena euren iragana nolabait zuritzeko oraindio aiko-maiko daudenen aurrean zein euren ondorengoenean.
Zer dela eta eragin genuen hainbeste oinaze-min? Zergatik hil genuen? Zertarako? Haiek erantzungo diete? Gainontzekook badakigu zergatik edo zertarako, inposatu egin nahi zizkiguten indarrez eta saminez euren helburu politikoak, ez besterik; porrot egin dute erabat.
Eta hala guztiz ere, ondo asko badakigu ere euren buruaren entegabeko zuriketa honetan denetarik entzun edo jasan behar izango dugula, hasiak baitira -oraintxe bertan irratitik Garitanori entzundakoari erreparatzekotan ezin adibide garbiagoa-, aldez aurretik idatzitako gidoiari eutsiz, funtsezkoa alde batera lagata, haiek bakarrik somatzen dituzten garai berriaren nondik norako politiko-estrategikoak azaleratzen.
Baina, nik uste nigan, edo honaino idatzitakoan behintzat, eguneko poza nola edo hala zapuztu nahi duen ipurterre baten emaitza besterik ez dakusatenek gaur pozez gainezka egoteko eguna dela arrapostu egingo lidakeela. Aditu egin badiot irratitik Bernardo Atxaga bezalako bati gaur pozik ez dagoena ez dela esker edo bihotz onekoa edo antzeko zerbait. Eta badakit, suposatzen dut halabeharrez, Euskal Herrian jende pila, gehiena agian, pozarren ote dagoela ETAk bertan behera utzi egin duelako bere zeregin kriminala, gaurdaino bizi izandako zoramendua amaitu egin delako, atentatu edo hilketarik gabeko etorkizun bat antzematen delako ezinbestean.
Hala ere, ba al dago benetan kontent egoteko mamizko motiborik hainbeste sufrimendu eta sarraski nozitu eta gero, 800 gizakume hil eta gero? Ez al litzateke zuzenagoa, zuhurragoa, ETAkoek gaur arratsaldean adierazi egin digutenak lasaitu handia baino eragin ez digula esatea? Nola egon pozik eragindako min eta kalte guztiagatik barkatzeko eskatu ez bitartean, nola pozik egon ETA oraingoz desegin ez delarik? Nola ospatu ETAzaleak hainbeste poztu egin dituen albiste bat oso bestelako irakurketa bat egiten dutenez gero: ez zen garaia gure helburuak armen bitartez lortzeko, garaia da politika hutsari ekiteko, inoiz baino gertuago somatzen ditugu-eta, horrexegatik ere gaude hain pozik, ETA oztopo baino ez baitzitzaigun, baina inondik ere gaurdaino egindakoagatik damutzeko. Esana, alegia, denok errudunak, denok errugabeak, eta beti-beti gezur-zuria nagusi.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
INVIERNO A LA VISTA
T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario